Distantziarik gabeko instantzia

Erabiltzailearen aurpegia Gipuzkoako Hitza 2016ko abe. 16a, 11:22
Jon Urbe / Argazki Press

Argentinako Maria Servini epaileak eskatuta, Euskal Herriko epaitegietan lekukotasuna ematen ari dira hainbat biktima. Frankismoaren aurkako kereilaren barruan, udalak hasi dira salaketa aurkezten.

 

“Gertakizunak preskribatuta daude, eta Espainiako Amnistiaren Legea dela-eta ezin da ikertu”. Argudio horiek maiz errepikatzen dira 36ko gerrako eta frankismoko hilketak ikertzeko kereilak atzera botatzerakoan. Arrazoibide horiekin egin berri dute topo Angel Otaegiren senideek: Azpeitiko Auzitegiak ez du tramiterako onartu haren hilketa ikertzeko kereila kriminala. “Horrelakoak argudiatzen dituztenean ez dira muinera sartu ere egiten, ez dute krimena kategorizatzen”, esan du Xabier Erauskinek, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideak. Otaegiren familiak, hala ere, helegitea jarria du Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, eta, Espainiako auzitegietako bidea agortuz gero, prest leudeke Argentinara jotzeko. “Justizia bila 10.000 kilometrotara joan behar izatea ere…”, gehitu du Erauskinek. Askok jo dute bide horretatik, eta prozesua gertutik jarraitu du Erauskinek. Kereila horren nondik norakoez aritu zen asteartean, Tolosan, Ixilduen oihartzunak jardunaldietan.

Argentinan, 2010ean aurkeztu zuten kereila Dario Rivasek eta Ines Garcia-Holgadok, Buenos Airesen, Errepublika Egunarekin. Rivasek aitaren desagertze behartua salatu zuen; Garcia-Holgadok, berriz, hiru senideren desagertzea. Bi salaketa horiei berrehundik gora erantsi zaizkie geroztik, batzuk indibidualak eta beste batzuk elkarte edo talde memorialistek jarriak. “Kereilak nahiz eta pertsona jakinen ingurukoak izan, nazioarteko legediak ahalbidetzen du genozidioaz edo gizateriaren aurkako krimenaz hitz egitea. Pertsona batengan demostratu ahal bada plan sistematiko baten parte izan zela, hala izango dira”. Rivasek eta Garcia-Holgadok, hain zuzen, genozidioaren eta gizateriaren aurkako krimena aipatu zituzten kereilan.

Argentinako auzibidearen haritik, 2012an sortu zuten kereilaren aurkako euskal plataforma. “Kereilaren helburuekin ados geundenok bildu ginen, mugimendu memorialistako ia gehienok. Kereila bistarazi nahi genuen, eta biktimen senitartekoak animatu erantzukizunak eskatzera”. Argentinan frankismoko krimenak ikertzen ari den epailea, Maria Servini, Euskal Herrira etortzekoa zen 2012ko urrian lehenengoz, baina, baliabide falta argudiatuta, ez zen etorri —2014an etorri zen gero—. Deklarazioak bideokonferentzia bidez hasiko zituela esan zuen, baina, oraingoz, bide hori geldirik dago. Azkenekoetan, Servinik eskaerak bidali dizkie hemengo epaileei, biktimei deklarazioa har diezaieten. Urrian, Espainiako Fiskaltzak lekukotasunak jasotzeari uzteko agindu zuen, baina epaile bakoitzaren esku dago zer egin: batzuek onartu dute deklarazioa hartzea, besteek ez. Gernikako eta Bilboko bi epailek, adibidez, bi biktimari lekukotza hartzea erabaki berri dute.

Argentinan lor dezaketenaz, galdera ugari ditu Erauskinek: “Ez dakigu zer lortuko dugun, dauden zailtasunengatik. Bideokonferentzien bidea dago, hemengo epaileei egindako eskaerak, gobernuen jarrera… Servinik beste epaiketa batzuk ere baditu, eta gobernu aldaketa egon da Argentinan…”. Erauskinek dioenez, gainera, Argentinan “mesfidati” dira Servini epailearekin: “Hangoek esaten digute baduela antza [Baltasar] Garzonekin; mediatikoa da. Senarra militarra zuen. Bere karreraren azkenean dago, eta giza eskubideen inguruko mugimenduak ez dio susmo onik hartzen”. Dena den, orain arte lortutakoarekin bakarrik gustura daudela dio: “Atxikimendu pila bat jaso dugu, eta horrek sendotu egin du judizializazioaren diskurtsoa. Orain arte pentsaezintzat zutenek zorotzat hartzen gintuzten, baina uste dugu atzera bueltarik ez dagoela”. Besteak beste, Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa jaso dute, eta kanpaina bat abiatu dute udaletan, kereilari modura sar daitezen. “Esperantza handia dago. Herri ekimenetik aurkeztu nahi da salaketa, ez dadin egon alderdikeriarik; zerbait zabala izan dadila”. Elgetak eta Errenteriak, adibidez, salaketa aurkeztuko dute.

Gizateriaren aurka

Frankismoaren biktimentzat nazioarteko legedia da “erreferentziazko marko normatiboa”. Legedi horren arabera, krimenen kategorizazioan hiru multzo daude: bakearen aurkakoak, gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak. Azken horien artean, luzea da zerrenda: tortura, behartutako desagertzeak, atxilotze arbitrarioak, lan esklaboa… “Frankismoaren kasuan, gizateriaren aurkako krimenen modalitate guztiak betetzen ditu. Gizateriaren aurkako krimenek genozidioarekin dute lotura. Nazioarteko legediaren arabera, genozidioa deklaratzeko aldez aurretik prestatutako plan bat egon behar da, eta sarraski bat. Helburu horrekin gizateriaren aurkako krimenak dauden heinean, genozidioaz hitz egin daiteke”.

Espainian inpunitatearen muina Amnistiaren Legea dela dio Erauskinek: “Puntu eta kitotzat dago hartuta legea, ikertzeko oztopo bezala. Judizializazioak ezin du jarraitu Amnistiaren Legea dagoelako, baina protokolo jakinekin lortzen da material bat biltzea, etorkizunean judizializazio bat emango bada”. Zirrikituak badira: Bartzelonaren kasua aipatu du. “Italiarrak izan ziren hiria bonbardatu zutenak, eta Amnistiaren Legeak espainiarrak bakarrik hartzen ditu kontuan. Legeak ez lituzke babestuko, eta Bartzelonako epaitegi batean onartu zuten kereila bat; diligentziak ireki ziren, ikertzeko”. Euskal Herritik, Durangokoak kontaktuan jarri ziren haiekin: “Agian posible litzateke bide hori urratzea”.

Oharrak Espainiari

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ez du botererik estatuengan agintzeko; soilik gomendioak egiten ditu, eta “urteak daramatza Espainiari ohartarazpenak egiten”. Pablo de Greiff NBEko kontalari berezia Euskal Herriko ordezkari instituzionalekin eta herritarrekin bildu zen 2013an: “Txosten oso gogorra aurkeztu zuen Espainiarentzat”. Desagertze behartuen ikerketarako lantaldea ere badago NBEn; ordezkariak Gasteizen izan ziren, eta haien txostenak ere “sekulakoak” esan zituen Espainiari buruz. “Hala ere, inor ez da gorritzen”.

Hiru aitortza biltzen ditu nazioarteko legediak: egia, justizia eta erreparazioa. Botere publikoek legedi hori bete behar duten arren, ez dute betetzen: “Espainiako epaileek obligazioa dute politika publiko efektiboagoak aurrera eramateko”. Europa mailan Giza Eskubideen Europako Auzitegia dago. “Biktimak joan dira Espainia salatzera, eta denak artxibatuak izan dira”. Gobernuz kanpoko erakundeek eta Amnesty Internationalek egiten duten lana nabarmendu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!