Aristotelesen ustez, «hitza duen animalia bakarra gizakia da». Ñabardurak gorabehera, onartzekoa.
Heideggerren esanetan, «hizkuntza du bizileku gizakiak». Hizkuntzaren etxean bizi gara, hizkuntza ez da gugandik at dagoen zerbait. Hizkuntzak bizi gaituela, alegia.
Lévi-Straussen esana: «Kulturaren eta naturaren arteko mugarria ez dut nik inoiz jarri lanabes edo tresnetan, baizik eta hizkuntza artikulatuan». Munduarekin ditugun harremanen lotura hizkuntzari zor diogu, ez lanerako asmatu ditugun baliabide teknologikoei.
Victor Gomez Pin: «Bi aldiz jaiotzen den izaki bakarra gizakia da: hizketan ikastean, gizakiaren jaiotza biologikoa bikoiztu egiten da hitzaren mundura jaiotzean». Hizkuntzari esker jaiotzen gara mundu sinbolikora. Bigarren jaiotza hori gertatuko ez balitz, zer ginateke?
Bertil Malmberg idazlea: «Hizkuntza eta pentsamendua, zentzu hertsian hartuta, gauza bera dira. Hizkuntza-gaitasuna sortu ahala gertatu zen hominizazioa». Beste era batean esanda: gure gizatasuna hizkuntzari zor diogula dirudi.
Marx eta Engelsek esana: «Lanaren eskutik eta lanaren bidez sortu zen hizkuntza. Lehendabizi lana, eta gero, eta horrekin batera, hitza: horra hor bi akuilu nagusiak». Hizkuntzaren jatorriari buruzko iritziak: zenbat buru, hainbat aburu.
Bertrand Russelen esana: «Zakur baten zaunka adierazgarria gerta dakiguke, bai, baina, hala ere, zakur batek ez dizu sekula esango bere gurasoak txiroak izan arren zintzoak direla». Gizakiok hizkuntza artikulatuaren mundu sinbolikora jaio ez bagina, gure komunikazioak ez zuen gaindituko animalia batzuek dituzten komunikazio-seinaleen mintzaira.
Derrida: «Hizkuntza bakarra daukat eta ez da nirea». Norena da hizkuntza? Hiztunarena ala hiztunen artean garatzen den komunikazio-ehunean diharduen jostun sozialarena?
Wittgensteinek zera dio: «Hizkuntza mintzo da gizakiaren ordez». Ba al du zentzurik baieztapen horrek? Hiztunak nahi duena esaten du ala hizkuntzaren barrutian dihardu hizketan? Hizkuntzaren mugen barruan ari bada, ulertzen da zer adierazi nahi duen filosofo austriarrak.
Humbolt: «Gauza berbera dira jardun intelektuala eta hizkuntza, elkarrekiko banaezinak dira; ezin da pentsatu hizkuntza sortua izan dela eta, aldiz, jardun intelektuala sortzailea dela». Sormenaren mekanismoen artean, hizkuntza ez dela bitarteko huts, bitarteko sortzailea baizik. Euskaratik dihardugunean, hortaz, euskara ez da bitarteko soila, jardun intelektualaren sortzailea baizik.
Whorf mintzo zaigu: «Hiztunen edo pertsonen mundua ikusteko modua hizkuntza bakoitzaren mende eta esku dago. Hizkuntza bat hiltzen denean, giza kulturaren zati bat galtzen da betiko». Lehendabiziko esaldiaren tesia zuzena izan daiteke komunitate tradizional beregainetan. Oraingo gizarte nazional moderno globalizatuetan, euskaldunon kasuan bezala, hizkuntza hegemonikoen mundu-ikuskera nagusitzen da. Bigarrengo esaldiak, berriz, zalantza gutxi.
«Hizkuntzaren eta kulturaren arteko harreman motak zehazten du hizkuntzaren konnotazio kulturala»
Koldo Mitxelena: «Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabide eta adierazpidea besterik. […] Bitartekoa da hizkuntza, ez ontzia: ez du deus barrenean eta zernahi izan dezake. Adieraz ditzake, bada, asmakizun argiak eta kirtenkeria itzelak, gogoeta zoragarriak eta totel-esaldi baldarrak, garbiak eta lizunak, helduak eta gordinak».
Ados, kultura baten adierazpidea da hizkuntza. Baina hizkuntzak, sozializazioa tarteko, kulturarekin dituen harreman-loturak ez dira neutroak. Ontziak ontzikoarekin dituen marruskadurak ez dira ondoriorik gabeak. Hizkuntzaren eta kulturaren arteko harreman motak zehazten du hizkuntzaren konnotazio kulturala.
