Hitzez Hitz

Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Manex Urruzola 2026ko martxoaren 28a

Galtzaundik hartu zuen lehen lekukoa Lizartzan, Korrika Tolosaldean sartzean. AEK

Euskararen aldeko ekitaldirik handienak eta ikusgarrienak aurten 2.180 kilometro egingo ditu Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatuz, 460 herritatik igaroko da, eta 3.436 lekuko hartze izango ditu hamaika egunetan. Herri-ekimen erraldoia, euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubide unibertsala aldarrikatzeko.

Gure eskualdea bi aldiz zeharkatuko du Korrikak: astelehenean eta larunbatean. Aurtengoan, Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak bi aldiz hartuko du lekukoa, Korrika Tolosaldera sartzen den bi aldietako lehen kilometroan: astelehenean, Korrikaren gidaritza gure eskuetan izan genuen Lizartzan, Nafarroako muga zeharkatzean; eta martxoaren 28an, larunbatean, 13:00etan hartuko dugu lekukoa Ikaztegietan. Tolosaldean Korrikak egingo dituen lehen metroetan lekukoa jasoz, keinu berezia egin nahi izan dugu Galtzaundikoek: eskualdean euskaltzaleok elkarren eskutik ekiteko beharraren garrantzia azpimarratu nahi dugu horrela.

Beraz, elkarrekin Korrikan parte hartzeko gonbita zabaldu nahi dizuegu guztioi. Izan ere, milaka euskaltzaleren bultzadari esker eta oztopo guztien gainetik, AEKk lortu du hamaika egunez euskara erdigunera ekartzea, eta gizarteko gehiengo zabala euskararen normalizazioaren alde dagoela erakustea. Urtzi Urkizuk dioen bezala, bi asteotan Korrikan bat egiten duen jendetza ikusita, milioi bat euskaldun ez, baizik eta hiru milioi euskaltzale dauden inpresioa ematen du. 

«Ez da aski euskararen alde egotea; ezinbestekoa da euskararen alde egitea»

Baina, euskararen eta hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi antolatuaren aurrean, ez da aski euskararen alde egotea; ezinbestekoa da euskararen alde egitea. Urratsak ematea, konpromisoak hartzea, antolatzea. Galtzaundin darabilgun Lorea Agirreren esanak dioen bezala, «Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara». Beraz, mugi dezagun gutako bakoitzak euskararen herria, ingurua mugiarazi arte. Euskara gara!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!