Aldi hartan ere, ohi bezala, gehiengoak entzungor egin zion, eta batzu-batzuek halako mespretxu aurpegiz ere begiratu zioten. Halakoetan, ez zuen asmatzen nork eta zerk sortzen zion samin handiagoa: entzungor egiten ziotenen ezaxolak ala isekaraino iristen ziren haien arbuioak. Betiko lagunak hurbildu zitzaizkionean goxatu zitzaion, zertxobait, barruko mingostasuna.
– Zer moduz haiz? Zerbait hartzera goazan. Bahator?
Lagunek ondo zekiten burumakur eta goibel antzean zebilela aspaldian, eta hura pizteko eginahala egiten zuten aldiro.
– Aurrekoan Lizardi etorri zunan hitaz galdezka? –esan zion lagunetako batek.
– Ez esan, eta zer zinan bada? –berak.
– Ez zekinagu, egia esan, gu ere hire zain ginela esan zionagu, ez hintzela aspaldi azaldu plazatik. Baina hura ere kezkatuta zebilen hirekin. Orduan sortu haiz bidetik balantzaka.
Balantzaka baitzebilen aspaldian. Ez nahigabeak ardotan itota hordi, baizik eta han eta hemen jasotako kolpeekin erdi kordegabetuta eta eri. Izan ere, herriren batean edo bestean, plaza publikoan gainera, jipoitu egin egin zuten. Frogak zeuden. Biharamunean, ez zuen ageriko markarik, aurpegiera zurbilagoa akaso, baina ezagun zuen bihotzean min zuela, min etsia, negar isila zerion mina.
Jipoien osteko egun haietan, zuhaitz urtetsu bat zirudien, lurrera botea. Hurbiltzen zitzaizkion lagunak orduan ere, agertzen zioten babesa, eta arindu zertxobait nahigabea, izotz ondoko eguzkiak nola. «Hemen gaude, hemen gaude», esaten zioten haren barneko zauriak sendatu nahirik. Baina gehiengoa, ordea, ez zen ohartu ere egiten haren minaz. Aspalditik ezagutu arren, gehiengo zabalak ez zuen agertzen harekiko ardurarik. Are larriagoa, kolpatu zutenak, eta haien saldokoak, haiek poztu egiten zirela zirudien, hura hain abaildurik ikusita.
Bazekien lagunek ez ziotela hutsik egingo, bazekien gaberik gabeen gaupean ere zainduko zutela erorialdi eta makalaldi bakoitzeko, baina bere buruari galdetzen zion zer egin zezakeen, nola adieraz ziezaiokeen gehiengo zabal horri bizi zuen larrimina. Nola ikusarazi ziezaiokeen jende horri jasaten ari zen bullying agerikoan behar zuela jende gehiagoren babesa ere. Ahotan erabiltzetik ahora eramatea. Baina ez ez zuen erantzunik aurkitzen bere galderentzat.
Neguko goiz hotz batean, ohi baino abailduago sumatu dute hurbilekoek. Eta, beste behin, hala esan diote:
– Atzo ere Lizardi etorri zunan hitaz galdezka. Esan zionagu, egoteko lasai, joa ikusten haugula aspaldian, baina bizi haizela. Olerkariak gorazarre egin nahi din, itxuraz.
Ez dakite entzun duen ala ez. Hil urren bezala hurbildu zaie. Bat-batean, kanpaiak entzun dira, eta zakurrak zaunkaka. Eta aurrez aurre zutela zerraldo erori da haien oinetan.
