Oraindik, buruan iltzatuta ditut egun hartan sentitu nituenak: urduritasuna, poza, elkartasuna, zirrara… Futbol zelaiak bete genituen, erronka bete genuen, jendea ezin sartu geratu zen, eta hura jakitean begiak malkoz bete zitzaizkigun. «Euskarak badu oraina, baita etorkizuna ere», hori sinetsita atera ginen, euskaltzale bezala indartuta.
Urteek aurrera egin dute, ordutik 27 urte pasatu dira, eta euskarak hainbat eraso jasan ditu urte hauetan guztietan. Batzuk besteak baino entzutetsuagoak izan dira, eta eraso bakoitzaren aurrean jendarteak emandako erantzuna ere ez da berbera izan. Duela bi urte, 2023ko azaroaren 4an, manifestazio jendetsu batekin salatu genuen euskararen aurkako oldarraldi judizialak ez du etenik izan. Herritar bezala, akaso, epai horiek zuzenean ez gaituztela eragingo uste dugu, baina epe luzean lanpostu publikoetan euskara eskakizunaren aurkako epaiek jarraitzen badute, administrazioan euskaraz aritzeko aukera gehiago zailduko zaigu. Gehiago zailduko zaigula diot, guztiok jasan izan baititugu euskara askatasunez erabiltzearen aurkako erasoak noizbait. Nik argi dut: zaintzaz arduratuko diren profesional euskaldunak behar ditugu zahar egoitzetan, mediku eta erizain euskaldunak osasun-etxe eta ospitaleetan, langile euskaldunak udaletxeetan, hau da, euskaraz artatuko gaituzten pertsonak behar ditugu postu guztietan, eta ez da nahi bat, behar bat baizik.
Euskal Herriko eskualde euskaldunenetakoa da gurea, baina horrek ez digu ezer bermatzen. Azken urteetan ikusi dugu euskararen arnasgune diren eskualdeko herrietako euskararen erabilerak nola egin duen behera. Tolosaldeko etxeetan ere, gazteleraren presentziak gora egin du azkenaldian. Globalizazioaren aurrean, euskararen aurkako epaien aurrean, gure herriak ez dira salbuespen.
Politikariei, epaileei edo erabakitzeko eta gauzak aldatzeko gaitasuna duten guztiei mezu argi bat: euskara eta euskal hiztunak gara egoera minorizatuan eta zapalduta gaudenak. Legeak, baztertze egoeran, edo babesgabe egoeran daudenak babesteko dira, edo izan beharko lukete. Iparraldeko ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde borrokan jarraitzen dute, Nafarroa Euskararen Foru Legeak, lurraldea hiru zatitan banatzen jarraitzen du, hainbat herritarren hizkuntza eskubideak ezbaian jarriz, eta Euskal Autonomi Erkidegoko Euskararen Legeak ez gaitu behar bezala babesten azken urteetako epaiek erakutsi dutenez.
«Duela 27 urte bezala, ondokoak begiratu, eta 'lortuko dugu' esango diogu elkarri, hitzik gabe, begiradarekin»
Horregatik da beharrezkoa abenduaren 27an aldarrikatuko dugun Pizkundea. Euskararen zazpi lurraldeetako euskaltzaleok euskararen aurkako eraso gehiago ez ditugula onartuko aldarrikatuko dugu. Euskararen normalizaziorako beharrezkoak diren neurriak galdegingo ditugu. Euskarazko kultur sortzaileak babestuko ditugu, eta haiekin batera, euskararen indarraldi berriari hasiera emango diogu. Duela 27 urte bezala, ondokoak begiratu, eta «lortuko dugu» esango diogu elkarri, hitzik gabe, begiradarekin. Poza, elkartasuna eta zirrara sentituko ditugu. Beste behin ere, gure hizkuntzaren alde elkartuta, euskararen normalizazioan atzera ez dugula atzerapausorik emango argi utziko dugu.
