Hitzez Hitz

Aberasten gaituena auzoan dugu

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Amaia Doiage Loiti 2025eko abenduaren 1a

Gaur brioche goxoa kafesnean busti dut Tolosako Alde Zaharreko okindegi batean. Norberarentzako tartea hartzean, ingurua arakatzeko aukera ere izaten dugu. Eguneko erritualari ekin diote askok: kuboa eta lanbasa hartuta, atariak garbitzen ari dira. Merkataritza ogibide duten herriko emakume autonomoak dira: Mari Karmen, Miren, Begoña eta Rosa.

Mimoz atontzen dituzte dendak, mimoz artatu ere bezeroak. Pantailaren dirdirak gure arreta bereganatu duen garai hauetan, saiatzen dira begiak zabaldu eta denda barrura sartzen denari esker ona ematen: opari txiki bat egin, deskontu bat aplikatu... Beti dute irribarre bat eskaintzeko, hitzak beharrezko azalpenak emateko, edo telefonoa uzteko etxera deitzeko beharra duenari.

Sarri tokatu zait azken urteetan beraien atea gurutzatzea, arrazoi bat edo beste tarteko. Esaterako, hizkuntza paisaiari lotutako aldaketak proposatzeko: produktuen izen etiketak, informazio kartel orokorrak, prezioak... Esku-zabalik hartu izan naute beti. Eta, haiek egindako lanketari esker, kalean euskarak geroz eta espazio gehiago du. Horren erakusle da Tolosako saltoki guztietan euskararen presentziak gora egin duela azken zortzi urteetan. Pauso handiak eman dira: adibidez, merkealdian ia ez da Rebajas hitza duen kartelik ikusten. Edonola ere, saltoki barruko idatzietan eta oharretan egon da bilakaerarik handiena: 2018an saltokien barrualdean euskaraz idatzita zeuden kartelak gutxigatik ez ziren erdira iristen; orain berriz, 10etik 7 euskaraz daude.

«Beste behin ere, euskarak erosleen eta saltzaileen arteko harremana indartuko du gure eskualdean»

Azken egunotan ere buru-belarri ibili gara saltoki bateko eta besteko ateak joz. Fruta eta barazki dendetan duela hiru urte, harategietan duela bi eta arrandegietan iaz egin bezala, okindegietako eta gozotegietako paisaia linguistikoan eragiteko xedez aritu gara. Arduradunak eskualdekoak gozotegietan, gaztelaniaz zegoena identifikatu eta euskaraz jartzeko eskaera egin du. Beste batzuetan, guk sortu eta banatu ditugu produktuen etiketak. Jada zerbitzua euskaraz eskaintzen zutenak ere baziren. Mimo handiz prestatutako ogien eta gozoen ondoan, guztiek euskararen presentzia indartzeko prestasuna erakutsi dute. Bada zerbait. Eta, hori ikusarazteko, azaroaren 24tik 30era Puntu-puntuan zaude, atera labetik kanpaina egingo da. Tolosaldeko 37 okindegik eta gozotegik hartuko dute parte aipatutako kanpainan, eta egunero, ogiak zozketatuko dituzte bezeroen artean. Beste behin ere, euskarak erosleen eta saltzaileen arteko harremana indartuko du gure eskualdean.

Multinazionalen iragarkien izugarrizko beherapenek beteko dituzte gure pantailak datozen egunotan. Elkarlanerako eta elkarren zaintzarako, ordea, aurrez aurre begiratzea tokatuko zaigu. Eta zaindu beharrekoa ere hor dugu. Aurrez aurre egindako erosketa bakoitzarekin, ordaindutakoaz gain, irribarre eder bat irabaziko dugu, elkarrizketa duin bat izango dugu eta euskarari hauspoa emango diogu. Bada diferentzia. Aberasten gaituena auzoan dugu eta.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!