Hitzez Hitz

Zergatik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Julen Madariaga 2025eko urriaren 3a

Julen Madariaga Galtzakomik lehiaketan, bere komikiari buruzko azalpenak ematen. Artxiboko irudia. A.A.A.

Zenbat gauza daude inoiz egin ez ditugunak gaizki egingo ditugunaren beldurragatik? Askotan besteen ezetza jaso aurretik guk geuk esaten diogu ezetz geure buruari. «Ez duzu balio», «ez da ondo aterako», «ez zara gai», «ez duzu merezi»... eta bitartean besoak gurutzatuta gaude ezer egin gabe. Ez dakit zuentzat baina niretzat eguneroko arazoa da hauxe bera, eta beste gauza batzuen artean askotan esan diot neure buruari ilustratzailea izan arren ez naizela gai komikiak egiteko, komikiak ez direla «nire gauza».

Eta horrela, askotan baztertu ditut komiki bidez kontatu nitzakeen milaka istorio eta ideia. Baina 2023an, ilustrazio gradua amaitu ondoren, marrazteko estilo berri batekin egin nuen topo, eta konturatu gabe, nire hizkera bilakatu ziren marra sinple eta kolore lau horiek. Atzean utzi nituen pintura eta mihisea, arte ederretatik urrundu nintzen marrazki arrunt, inozo eta alaiagoetan murgilduz. Gustura egiten nituen irudi haiek, ondo edo gaizki egon zitezkeen pentsatu gabe. Egia esan, asmoa ondo pasatzea zen eta ez balio handiko ezer sortzea.

Sormen lan horietan nenbilela, egun batean, ama gerturatu zitzaidan eta galdetu zidan ea zergatik ez nuen Ibarra-Galtzakomik lehiaketan parte hartzen. Ez zen lehenengo aldia lehiaketaren inguruan entzuten nuena, baina bazen lehenengo aldia neure buruari ezetza eman ordez «eta zergatik ez?» galdetu niona. Beraz, denbora luzez poltsikoan neraman istorio bat hartu eta kontakizun motz bat idatzi nuen nire barne gatazken inguruan hausnartuz. Gaia librea zen eta aproposa iruditu zitzaidan narrazioa modu pertsonal eta intimo batean azaltzea. Azken finean, komikia lehiaketarako zen baina barru-barruan banekien neure buruarentzat ari nintzela egiten hori guztia.

«Kanpo onespen horrek nire barneko ahotsak isildu zituen, eta hartu nuen norabide horri gogo handiagoarekin ekin nion»

Sekulako ezustekoa izan zen irabazi izana, ezin nuen sinistu, eta aldi berean, bularraldea bero-bero sentitzen nuen, zauri bat sendatu balitzait bezala. Kanpo onespen horrek nire barneko ahotsak isildu zituen, eta hartu nuen norabide horri gogo handiagoarekin ekin nion. Proiektu berri batzuk ere etorri zitzaizkidan Ibarra-Galtzakomik irabazteari esker, zorte oneko sentitzen nintzen. Hortaz, 2024ko edizioan ere parte hartzea erabaki nuen, aurreko urtean landatutako bai marrazki zein kontaketa estiloari jarraipen bat emanez. «Aniztasuna» gaia, berriz ere identitateari eta barne gatazkei buruz hitz egiteko aprobetxatu nuen, nirea ez izan arren, gertuko sentitzen nuen istorio bat kontatuz. Ez nekien errealista ote zen bi aldiz jarraian irabaztea, baina halaxe suertatu zen, eta aurreko urtean baieztatutakoa sendotu zen sakonki: bide onean nindoan.

 

Orain ez diot beldurrik komikiak idazteari, are gehiago, lasai esan dezaket eroso sentitzen naizela medio horretan. Segur aski nire baitan balego ez nintzen inoiz ausartuko nire erosotasun kutxatik at zegoen zerbait egitera, perfekzionismoa ate joka izan dut beti, edo hobeto esanda, ateak ixten. Ez dut gezurrik esango, oraindik ere etortzen zaizkit burura pentsamendu ezkorrak, paper zurien aurrean izoztuta uzten nautenak. Baina orain blokeatuta geratu beharrean, egun hartan egin nuen bezala «eta zergatik ez?» edo «eta gaizki egiten baduzu, zer?» galdetzen diot neure buruari, eta aurrera jarraitzen dut. Beraz zuk, irakurle, noizbait komiki, ipuin, marrazki edo beste edozein gauza egitea pentsatu eta beldurragatik ez egitea erabaki baduzu, hurrengoan bota pentsamendu hori zakarrontzira eta jarraitu aurrera, agian Ibarra-Galtzakomik irabaziko duzu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!