Iazko udan maitemindu nintzen lehen aldiz, erromeria batean, gure inguruko ia guraso gehienen antzera. Ederra da bera, entzuteko atsegina, orduak eta orduak pasako nituzke haren alboan. Herrian ezaguna da, baita herritik kanpo ere; ezagutzen duten askok maite dute, maitagarria da, nik ere maite dut. Aspaldidanik elkar ezagutzen bagenuen ere, orduak minutu, eta minutuak segundu bihurtu ziren bi hilabetez, hegan egin genuen.
Dena dela, udazkenarekin batera, lur hartu, eta «hitz egingo dugu» hartatik ez dut haren berririk izan. Udako maitasun istorioa, horixe izango zen, bada, denboraldi batekoa, epe laburrekoa. Nahiko nukeen 365 egunez maitatu, gozatu, laztandu izan bagenu, baina «itsasoan badira arrain gehiago» esan eta sinistuko badut ere, aitortu behar dut iazko uda amaiera izozki bati hortzekin hozka egitea bezain mingarria izan zela.
«Esan dezaket harremana ere izozkia bezalakoa izan zela, udakoa, denbora tarte batekoa, eta betirako ez dena»
Esan dezaket harremana ere izozkia bezalakoa izan zela, udakoa, denbora tarte batekoa, eta betirako ez dena. Badakit izozki-bola bat jaten, gustatzen zait, baina zergatik ez dut dastatzen urte guztian zehar? Aldi baterako diren maitasunak, ez dakit horrela izenda daitezkeen, baina, gutxienez, badakigu horien eragile natural eta artifizialak zein diren.
Urte guztian zehar izozkia jatearen arrazoia da tenperatura, eta udako jaiegunek zein herriko festek ere eragiten dute hamabi hilabeteetatik bi izan daitezen emankorrenak, ligatzeari dagokionez. Horiek oztopoak dira, naturalak; nahiz eta, esaterako, gure hizkuntzak badituen zenbait eragozpen, traba, arazo, hesi. Horietatik guztietatik gutxi dira naturalak. Zer ote da errazagoa, orri batzuk sinatuta neguan bero egitea, edo eskubideak bermatzen saiatzea? Bietako bat gertatuko da, gero eta gehiago; bestea gertatzen da zenbaitetan, gero eta gutxiagotan.
Tira, idatzi dut lehen aldiz Hitzez Hitz atalean, galdu dut birjintasuna. Izango da aurrerago hausnarketa zabalagoa egiteko tartea, baina amaitu nahi nuke esaten, Galtzaundiren pegatina eta karteletan ikusi dugun mihia astindu daitekeela maitatzeko eta gozatzeko, baita erabiltzeko ere, eta salbatzeko, gordetzeko, borrokatzeko, zin egiteko, zin egindakoa betetzeko, ozen oihukatzeko: maita nazazu gutxiago, goza nazazu gehiago! Goza nazazu, ez txapa soinean dugula hamar egunez, ezta udan bakarrik ere: goza nazazu 365 egunez.
Agian erromantikoegi jarri naiz; horrela bada, barkatu, ez baita egunero galtzen birjintasuna Atariako Hitzez Hitz atalean. Halere, utziko didazue esaten herrietako festak soka dantzaren antzera elkarren segidan iritsi, eta guk Galtzaundin oporrak hartuko baditugu ere, itzuliko garela, gozatuko dugulakoan nagoen ikasturtean. Uda ona izan!
