Hitzez Hitz

Herri honen ilusionistak

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Ramon Olasagasti 2025eko ekainaren 29a

Gure Zirkuak Abadia saria jaso berri du.

Hauxe da Zirkua, lagunok! Bi-zi-tza bera da Zirkua. Ilusioz eta kolorez betetako bidaia luze eta zoragarria. Bizitza magia da lagunok; bizitza ametsak dira! Zer da ba ametsik gabeko bizitza? Hala aldarrikatzen dute Gure Zirkuko kideek.

Tolosako zezen plazan emanaldi batzuk egin ondoren, Amezketan hasi zen Gure Zirkua ibilian. Jauregi Haundi dorretxearen ondoko belardian. Karpa bat magiaren jauregi bihurturik. 2018ko uda zen. Amezketako lehen emanaldi hartan ginen hamar urteko alaba eta biok, bat begiak piztuta; bestea bihotza puztuta. Barnean, magia bihurtu zen lilura, bihurtu zen harridura eta zirrara... «Eta bat-batean, mundua gelditu da, eta argiek mundu magiko bat marraztu dute gure inguruan, umorea, xalotasuna, ikusgarritasuna», Don Martinek gonbita, pianoa lagun, hitzen prestidigitadore.

2018an Gure Zirkuak Amezketa bisitatu zuen unea. N.R.A.

Hizkuntzaren malabaristak, akrobatak, trapezistak, herri honen ilusionistak… bidera atera gara, mundura atera gara, herriz herri igaroko gara...! Gure Zirkua sortu zen garaitsuan, 2017ko udaberrian, 20. Korrikak zeharkatu zuen Euskal Herria, Uxue Alberdiren hitzen doinuan, aldarri hauxe eginez: Bat, izan bat, egin bat... Eta bai 2017ko ekitaldi hartan, bai aurrekoetan eta bai gerozkoetan ere euskararekin bat egiten dute milaka lagunek korrika, Euskal Herri euskaldun bat amets. Ametsen magia berak mugiarazten baititu biak, Korrika eta Gure Zirkua.

 

«Zer da ba ametsik gabeko bizitza? Iker Galarzarena zirku bat egitea zen, euskaraz, berea duen hizkuntzan, natural»

Zer da ba ametsik gabeko bizitza? Iker Galarzarena zirku bat egitea zen, euskaraz, berea duen hizkuntzan, natural. Nola bestela. Geroztik zortzi urte joan dira errepidean, auzolanean, eta bidean ehunka plaza, ezin konta emanaldi, milaka lagun zirkuaren magiaz gozatzen. Euskaraz. Bizipoz eta zorion tartetxo bat, euskaraz.

Zortzi denboraldiren buruan, bi omenaldi ditu berriki Gure Zirkuak. Leitzan, Euskal Herria Mendi Erronka lasterketaren antolatzaileek egin berri diote aitortza, «ametsetako plaza izatetik ametsen plaza izatera igaro delako», eta Gure Zirkuaren erronkak probaren balio berak dituelako: euskara, lurraldetasuna, auzolana...

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, Abadia Saria eman dio Gure Zirkuari, euskararen biziberritzean egindako ekarpen handiagatik. Ekitaldian, Iker Galarzaren alaba batek, Elenek, sarrerako ederra egin zuen, Juantxo Zeberio pianoan lagun. «Uste dut zirku honen gauzarik normalena horixe dela, euskalduna izatea, gu ere halaxe gara eta. Agian, euskalduna izateak prestatu gaitu zirkuan aritzeko; izan ere, euskaldunok badakigu zer den oreka faltaren sentsazioa izatea, malabarrak egitea, eta argi daukagu aurrera egitekotan umorea ezinbestekoa dela. Karpa honek jendeari ez ezik gure hizkuntzari eman dio aterpe. Hizkuntzak bezalaxe, zirkuak ere asko dira munduan. Asko dira handiagoak, jendetsuagoak, famatuagoak, baina hauxe da gurea». Hizkuntza ere bai, hauxe da gurea.

Galartzaren eta Gurearen 'G' horri tiraka, beste hainbat G ere azpimarratu izan ditu Iker Galarzak: «Gertukoa, goxoa...». Oraindik ere iristen zait 2018ko emanaldi hartako abestiaren oihartzuna, karpa barrutik: «Geuria da ta, geuria, geuria da ta, geuria...». Jendeak bere egin baitu Gure Zirkua, Euskal Herri osoan batean eta bestean. Amezketan eta Aian, Gorlizen eta Eskoriatzan, Maule-Lextarren eta Antsoainen, Tafallan eta Arraten. Han da egunotan, Eibar gainean.

Amezketako Jauregi Handiko belazeak hartu zuen Gure Zirkua, 2018an. N.R.A.

Eta Iker Galartzak ere, Gure Zirkuaren poxpoloa piztu zuenak, horixe nabarmendu du Abadia saria jasotzerakoan, herriak bere egin duela zirkua. «Bai, egin ditugu pelikulak, telesailak eta abar, baina hauxe da egin nahi genuena. Eta egin dugu. Zirkua egin daiteke euskaraz. Jarrai dezagun horrela, horrela jarraitzen dugun bitartean herria eraikitzen ariko garelako». Hitzen beste malabarista batek esan zuen moduan, euskaratik eta euskaraz.

Zorionak Gure Zirkua! Jarraitu luzaroan begiak pizten, bihotzak puzten, hizkuntza gutxituetan ikuskizun handiak egin daitezkeela erakusten, bizitza gatz eta piperrez ontzen —Gatzagako edo Gesaltzako gatzez eta Ezpeletako edo Ibarrako piperrez—, trapezista eta funanbulista izaten —auzolanaren sarea azpitik dela, ondo baitakizue elkar zaintzea zein beharrezkoa den— ametsak egia bihur daitezkeela erakusten, euskararen magia batean eta bestean zabaltzen, herri honen ilusionista izaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!