Maiatzak 16. Ostiralero bezala, lana amaitu eta asteburua hanka onarekin hasteko asmoz, etxepeko tabernara sartu da Laura. Mertxe zerbitzariak «¡San Viernes! ¿Qué te pongo?» galdetu dio ostiralero bezala. «Una caña y un p…», Laura isildu egin da Mertxeri Belarriprest txapa ikusi dionean. «Baina, zuk ulertzen al duzu ba? Mekasuen… kaña bat eta tortilla pintxo bat». «Cuando empezáis a hablar rápido no, pero os pillo más de lo que creéis. Al loro conmigo» eta begia kliskatu dio zerbitzariak.
Maiatzak 17. Mari Karmen lagunekin elkartu da gosaltzeko, larunbat goizetako ohiturari jarraituz. Ispilu aurrean entseatu ditu hitzak, eta etxetik ateratzerako jantzi du Ahobizi txapa. Jaitsi da kafetegira, eta hantxe dago Petra mahaian eserita, bere kafesnea eta croissanta mahaian dituela. Mari Karmenek, «egun on, betikoa, mesedez» esan dio zerbitzariari. Petraren parean eseri da, eta Petrak txapa seinalatuz «¿ah tú también te has apuntado? Ya me comento mi hij…», Mari Karmenek moztu du Petraren jarduna: «Bai, eta biok euskaraz dakigunez gero, saiatuko al gara gaur euskaraz gosaltzen?».
Maiatzak 18. Igande arratsaldea da. Jone lagunekin elkartu da herriko ostatu bakarrean. Hortxe sartu da Ahobizi txapan H-a daramala. Nekanek segituan ikusi du Joneren H-a eta «zer nahi dun, Jone?» galdetu dio. Joneri irribarrea atera zaio, «lasai, kanpoan zegonan, zerbitzariari eskatu zizki… zizkiat?» esan du miopeak urrunekoa irakurri nahian begiak ixten dituen bezala erdi-itxiz. «Zizkionat» argitu dio Nekanek, «gaur pazientzia beharko dinat hirekin!».
«Eta zuk sentitu al duzu txaparen ahalmen berezia?»
Maiatzak 20. Fatimak goizeko 10etan ireki du taberna. Ohiko bezeroei betikoa zerbitzatzen darama goiza, ohiko hizkuntzan, euskaraz. Eguerdi partean herrikoak ez diren batzuk sartu dira tabernara, euskaraz. Fatimak begirada zuzendu die, «zer nahi duzue?» galdetuz, begirada hutsez. «Dos tintos, tres ruedas, una ración de calamares, y un mosto». Fatimak «mostoa handia ala txikia?» galdetu die. Orduantxe ikusi du herrikoa ez den bezeroak Fatimaren Ahobizi txapa, eta lotsagorritu egin da. Astebete lehenago, bezero horrek berak txapari uko egin zion lantokian, beti euskaraz hitz egiten duela eta ez duela behar argudiatuz.
Maiatzak 22. Mirari eskolara joan da Peioren eta Albaren bila. Lehenengotarikoa izan da eskola atarira hurbiltzen, eta zain dago. Badatoz beste haurren gurasoak, aiton-amonak eta zaintzaileak. Bata txaparekin, bestea ere bai, hurrengoak ez darama txaparik, baina laugarrenak bai… inoizko eskola ataririk ederrena iruditu zaio gaurkoa. Hortxe dator Alba alaba korrika, «xaxatzailea» txapa jantzita.
Maiatzak 23. Eta zuk sentitu al duzu txaparen ahalmen berezia?