Tenperatura neurtzeko eskalak orokortu edo arautu arte, batek daki nolakoak izango ziren elkarrizketak: «Aurreko neguan lau txita hil zitzaizkigun, aurten zortzi; aurtengo negua hotzagoa ari da izaten» batak, «baita zera ere: aurreko urtean hamar egunez egin zuen elurra, aurten seitan; iazkoa izan zen hotzagoa». Halako batean, ordea, Fahrenheit eta Celsius fisikariek neurri batzuk proposatu zituzten, eta kitto! Ordura arteko sentsazioek eta neurtzeko eskala ez hain ziurrek bazuten araua parean: -5, 10 edo 20 graduko tenperaturak objektibatzen du ordutik gure pertzepzioa.
Azken finean norbaitek ezarritako baremo batzuei jarraituz bizi gara: metroak, graduak, zenbakiak zein alfabetoak. Azken horren arabera, hizkuntza bakoitzak bere arauak ditu. Euskararen kasuan, badirudi, Arnaut Oihenart zuberotarra izan zela ortografia arau zehatzak proposatzen lehena XVII. mendean. Gaur egun, Euskaltzaindiak betetzen du euskara batua arautzeko eginkizuna, 1968az geroztik existitzen baita. Horrek ez du esan nahi aurretik ez zenik euskaraz idazten, baina ordutik hona objektibatu egin da gure hizkuntzaren idazketa-modua.
Euskarak historian zehar izan duen ibilbidea ezin da ulertu aintzat hartu gabe administrazioek mendeetan latinez, frantsesez eta gaztelaniaz bakarrik funtzionatu dutela. Horrek gure izanean, izenetan eta abizenetan eragina du, gaur egun ere. Instagramen ezaguna den Euskalnapar abizenak kontuak Jauregi abizenaz dio, gaur egun Palacios abizena duten asko eta asko Jauregi zirela garai batean. Gazteleraz jartzearen ondorioz guztiz aldatu zuten euskal abizen hori garaiko administrazioko arduradunek; eta, Jauregirena, adibide bat baino ez da.
«Eta ezer ez egitea erabakitzen bada, badakigu noren alde egitea den. Behinola batek esan zuen bezala: graduak zero, ez hotz eta ez bero. Oraingoan ere euskararen kaltetan, noski»
Eguneroko ogia da Etxeberriak abizendunak ch- eta v-rekin idatzita ikustea. Edo Arregitarrak u letra g-aren eta i-aren artean sartuz. Euskarak araututa baldin badu nola idatzi, eta abizenak euskaldunak direla baldin badakigu, zergatik idazten ditugu erdaraz? 1977tik Hego Euskal Herrian legezkoa da gure abizenak diren bezala idaztea, euskaraz, alegia. Gure aurrekoek ez zuten aukeratu abizena gazteleraz idaztea, inposatu egin zieten administrazioetatik. Orain, ordea, badugu aukera, euskaldunon hautua da euskal abizenak diren bezala idaztea eta jartzea. Hautua eta karga ere bai, noski. Argi izan dezagun: euskarak ere baditu arauak, eta echeverria idazten duenak gazteleraren arauak erabiltzen ditu.
Eta ezer ez egitea erabakitzen bada, badakigu noren alde egitea den. Behinola batek esan zuen bezala: graduak zero, ez hotz eta ez bero. Oraingoan ere euskararen kaltetan, noski.