Hitzez Hitz

Zauri hau

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi euskara taldea. Ramon Olasagasti 2024ko abe. 14a, 07:58

Kaskezurrean dantzan ibili dut aste osoan doinua. Behin betiko, behin betiko, sinple bezain tinko... Bizkarsoro filmaren hondarreko abestia da, duintasun poxi batez plazara jalgia. Aurretik, ordea, hamarkadaz hamarkada bizkarrekoak, jazarpena, laidoa, ezkutuan gorde beharra, gutxiespena, lotsa... Bortxazko iragan horretatik gatoz, eta zauriak odoletan dira oraino; balizko Bizkarsoro horretako egoera larria da gaur egun ere: Ipar Euskal Herrian %20 da euskalduna eta proportzioa apaltzen doa; ikasleen %67k ez du harremanik euskararekin...

Burutik kendu ezinik ibili ditut Xer Gutierri asturiarrak Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan emandako Cuando nin tu nin naide dokumentaleko irudiak eta esanak ere. Zintzo, tolesik gabe, erraietatik mintzo dira dokumentaleko protagonistak, sukaldeko mantala soinean eta negu askoren atzaparkadak esku zartatuetan. Eta haien lekukotzetan zintzotasun beraz azaleratzen da Asturias eta Leongo herri kozkorretako garai bateko bizimoduaren itzaltzea, hamarkada askotan etxe zokora zokoratutako hizkuntza asturleondarraren gainbehera eta Frankismo garaian hezurretaraino sarrarazitako lotsa, haien hizkuntzan mintzatzeko. Baina, zauriak zauri, ernetzen da harrotasuna ere, eta kontzientzia, lur haietan jarraitzeko, hizkuntzari eusteko.

Hizkuntza-larrialdiko egoeren garrasi isilak dira Bizkarsoro eta Cuando nin tu nin naide. Kike Amonarrizek eta beste hainbatek aspalditik eta behin eta birritan ohartarazi izan duten moduan, bidegurutze batean gaude, erabaki sendoak hartzeko unean. Horregatik, 2025ean larrialditik indarraldirako urratsak ematen hasteko deia egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta mobilizazio sozial handi bat iragarri du 2025eko abendurako. «Ez da erraza inoren egoera larria dela aldarrikatzea, are gutxiago norberarena. Baina, zoritxarrez, nabarmenak dira euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia eten egin dela erakusten duten zantzuak», nabarmendu du Idurre Eskisabelek, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Euskararen Egunaren bezperetan, abenduaren 1eko Berrian irakur zitezkeen hitz horiek. Eta orri batzuk atzerago, Erramun Martikorenari eta Pello Reparazi eginiko elkarrizketa. Eta Reparazek ere larrialdiaren sentipen hori: «Nahiko katastrofista naiz. Itzulera abestiak esaten dituen hitzetan sinesten dut [...], baina nire sentsazioa da Ipar Euskal Herria gero eta frantsesagoa dela eta Hego Euskal Herria gero eta espainolagoa. Estatuen garaipen bat da hori. Gero eta beharrezkoagoa da kontziente izatea, bakoitzak ahal duen heinean erabaki politikoak hartzeko. Itzulera abestiak islatzen du grina hori». Reparazek erabaki politikoak hartzea dionean, niri Lazkao Txikiren hura etorri zait gogora. «Hi Joxe Migel, zer egin behar diagu euskararen alde?» galdegin ziotenean, berak hala erantzun zuen: «Zer egingo diagu, ba? Hitz egin, motel, hitz egin!».

 

«Akaso, minzorri hori norbere baitan sumatzen hastea izan daiteke lehen urratsa larrialditik indarraldira bidea egiten hasteko»

 

Itzulera abestiaren doinua ere geratu zait lotuta egunotan. Eta batez ere mendikatearen alde batekoen nahiz bestekoen min hori: zure zauria nirea da... Eta biharamunean, euskararen egunaren bezperan, Andoni Egañaren zutabea, zeri buruz eta zauriei buruz. Arranguraz, minbera zaizkiolako gorputz honi kanpotik eragindako zauriak, globalizazioak, zenbait epaileren erabakiek, ofizialtasunik aitortzen ez duten legeek eragindakoak; saminez, guk geuk, euskaraz jakin bai baina erabiltzen ez dugunok, eragiten dizkiogulako, sarri, hizkuntzari zauririk mingarrienak. Akaso, minzorri hori norbere baitan sumatzen hastea izan daiteke lehen urratsa larrialditik indarraldira bidea egiten hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!