Egun on, Uxoa!
Ondo al haiz? Aurrera zoan azaroa, eta ate joka dinagu Euskararen Nazioarteko Eguna; aurten asteartez izango dun. Badinagu zer aldarrikatu. Beste behin zaintza sektorean euskaraz artatuak izateko aukera alboratua izan dun, eta urriaren 28an Tolosako epaitegiaren aurrean elkartu gintunan euskararen aurkako azken erasoa salatzeko. Dena den, osasungintza alorrean pausoak ematen ari garen sentsazioa ere badinat, esaterako, historia klinikoan elebitan idatzi ohi izan baitinagu lehen arretako erizainok, eta zenbaitetan osasun taldean euskara ulertzen bada, euskara hutsean idatzi ere bai. Gutxi al dun?
Tira, euskararen egunera itzuliz, aste honetan dinagu Galtzaundiko zuzendaritza bilera, eta euskararen egunerako proposamenez ariko gaitun. Ohiko txokolate jatea, txorizo jatea eta herri kirolen ordez, mahai-ingurua antolatzea bururatzen zaidan. Euskal Herriko eskualde bakoitzeko —ahal dela— euskara elkarteetako partaideak bildu eta euren bizipenak partekatzea, adibidez. Pertsonalki hitanoaren egoerari ere erreparatuko nioken, eta zazpi probintzietako argazkia osatu. Egon, eta bertso saio musikatua antolatuz gero? Beno, akaso egokiena azken hori astebururako uztea izango dun, astegunez herritar gutxiago bildu zitekeen eta. Finduko dinagu eguna, edo? Astelehenean 18:30ean Galtzaundiko egoitzan ikusiko dinagu elkar.
Kaixo, Lierni!
Hementxe nagon porru eginda. Aste gogorra zoan lanean, eta aste hau bukatzeko gogoz nagon. Baina hik aipatu moduan, abenduaren 3a gainean dinagu, eta urtero legez, zerbait antolatu beharra zagon. Asmatu egin behar, ordea, jendearengana nola iritsi.
Nik euskararen egunarekin nahiko niken, besteak beste, euskal herritar guztiak zein euskal herritar sentitzen ez direnak ohartzea euskarak DUINKI bizitzea merezi eta behar duela Euskal Herri osoan, horretarako eskubide guztia duela. Baina hori oraindik etorkizuneko kontua dun; izan ere, hik aitatu bezala, zaintza sektorean euskararen ezagutza ez zagon bermatuta, eta hori errealitatearen zati bat baino ez dun. Horregatik eta horretarako jarraitu behar dinagu abenduaren 3a antolatzen. Ez bakarrik, ordea. Euskara gozatzeko ere bai baitun.
Gu zoriontsu gaitun euskaraz. Euskaraz jolastea, kantatzea, haserretzea, lan egitea… maite dinagu, baina denok ere bizitza honetan batez ere ondo pasa nahi dinagu. Horretarako, aurten Hitzen bila izeneko jokoa bururatu zaigun Galtzaundiko aktibazio taldeko kideoi. Berbaxerka jokoaren kopia dun, baina papera izango din euskarri. Badakin, hizki batzuk izaten ditun, bat nabarmenduta, eta horiekin ahalik eta hitzik gehien eta ahalik eta luzeenak osatzea dun kontua, nabarmendutako hizki hori hitz guztietan erabilita. Zer irizten dion?
Hik emandako proposamenetatik, berriz, gustatu zaidan Euskal Herriko zazpi probintzietako hitanoaren egoeraren argazkia osatzeko ideia. Izan ere, guk hitanoa bizirik nahi dinagu, baina oro har, hikak, eta bereziki nokak bizi duen egoera kaskarra dela jakinda, bere biziberritzea desio eta bultzatuko duen jendea behar dinagu. Bide batez, aurten Euskal Herriko lehen Hikadromoa izango dun abenduaren 7an Durangoko azokan, 16:00etatik 17:45era. Joango gaitun, ezta? Izena emateko deitu 943 12 17 75 edo 652 75 09 47 telefono zenbakira.
Beno, astelehenean egongo gaitun, eta ea zer dioten gainontzeko kideek. Ea nola borobiltzen dugun abenduaren 3a, beti ere gozamena eta aldarrikapena uztartuta. Euskarak eta euskaldunok merezi, behar eta nahi dugulako.
Astelehenera arte!