Hitzez Hitz

Gau Beltza

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi euskara taldea. Amaia Pagola 2024ko urr. 28a, 07:57

Elosegi parkean egin dituzte aurreko Gau Beltz ospakizunak. GALTZAUNDI

Egunetik egunera argitasuna itzaltzen doan bezala, iluntasunak leku hartuko du, pixkanaka gertatuko da, ia konturatu gabe, eta honek guztiak eragin handia dauka naturan. Basoaren itxura aldatuko da: hostoak eroriko dira, hezetasuna izango da nagusi, eta bestelako fruituak eskainiko ditu, gaztainak, urrak, perretxikoak, intxaurrak, kalabazak... ordu aldaketarekin batera Gau Beltza ate joka dator.

Jatorrian ospatzen zen festa bat da, eta Galtzaundik berrasmatu duen festa da. Gau Beltzaren inguruan dauden baloreak erdigunean jartzen dira: euskara, gazteria, komunitatea, naturarekiko harremana eta berdintasuna. Bi urtez Tolosako Elosegi parkean egin izan da. Lehen urtean, scape room moduko bat egin genuen. Herriko gazteak basoaren iluntasunean gora eta behera ibili ziren, naturan murgilduta beldurraren eraginpean, eta euren artean sustoak eman eta aldi berean nola babesten ziren ikustea ederra izan zen. Esperientzia polit hori bizitu ondoren, bigarrengo urtean susto gehiago sartzea erabaki genuen, eta emaitza zoragarria izan zen. Aurrekoan bezala pozik geratu ginen gazteen artean sortutako giroarekin, eta bigarrengo horretan gauza batez konturatu ginen: talde batzuk mozorrotuta agertu zirela ibilbide beldurgarrira, keinu polita iruditu zitzaigun; ez genuen espero.

«Gau Beltzaren inguruan dauden baloreak erdigunean jartzen dira: euskara, gazteria, komunitatea, naturarekiko harremana eta berdintasuna»

Denbora pasata eta herriko bitxikerien egarriz, Brian Cullenekin elkartu ginen. Turismo bulegoko ateak zabaldu zizkigun parez pare, eta gauza harrigarriak kontatu zizkigun. Adibidez, 1500. urtean sute erraldoi bat izan zela-eta, Tolosa kiskalduta geratu zela. Datu horrek Alde Zaharrari begira jarri gintuen. 

Asko izan dira kaletik edo dendan bertan jasotako esker on hitzak, bi urtez herriko gazteei eskaini zaiena egiteagatik. Eskerrak eman nahiko nizkieke boluntario guztiei, proiektuarekin bat egin duten moduagatik, eta benetan, sinesteagatik; ondo egin dutelako, eta guztiek jarrera ezin hobea azaldu dutelako. Ez nuke aukera hau pasatzen utzi nahi eskerrak emateko aktoreei: Mikel Zubeldiari, Xabi Lozanori, Topagunekoei, aisialdikoei, udalari eta, bereziki, Galtzaundiri, guztia babesteagatik, zaintzagatik, orain arte alboan izan dudan Idoia Lahidalgari, apustua berak egin zuelako, orain beste zeregin batzuetan dabilen arren. Batzuk joan eta besteak etorri, horrelakoa da bizitza; arimen dantza. Asko zarete urteko garai hauetan isilean hego haizeak bezala lanean zabiltzatenak, guztiak ezin aipatu, baina eskerrak era batera edo bestera hor egoteagatik, zuen dedikaziorik gabe magia hau gauzatzea ezinezkoa izango litzateke.

Eta bai, oraingoan Tolosako Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko gara, prozesio batean joango gara Arimen Gaua ospatzeko. Ez da aurretik izena eman behar eta publiko guztiarentzat dago zuzenduta. Gogoan izan, urriaren 31n iluntzeko 20:00etan, Euskal Pizkundea plazan. 

Eskaera berezia egiten diogu parte hartzaileari: Gau Beltzaren estetikarekin janztea, etxeko arropa zaharrak berreskuratu eta egurrezko makil bat eskuan hartuta agertzea.

Makilak astinduz, lurra kolpatuz ama lurrari deituko diogu. 

Tan! Tan! Prest!!!

Gu bai, eta zu?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!