Hitzez Hitz

Irakurzulo

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi euskara taldea. Yurre Ugarte 2024ko ira. 30a, 07:57

Yurre Ugartek gidatzen duen Galtzaundi irakurle taldearen artxiboko irudia. GALTZAUNDI

Irakurle talde, irakurle txoko, irakurle klub, liburu klub, liburuarekin hitzordua, tertulia literarioa, tertulia dialogikoa... Deitura edozein dela ere, liburua ardatz eta abiapuntu duen ekimen sozialak ariketa intimo bat du oinarri.

Irakurtzean bi intimitate lotzen baitira, idazlearena eta irakurlearena. Irakurtzea ekintza guztiz misteriotsua dela dio Ursula K. Le Guin idazleak, eta nola ez ados egon! Irakurtzean, paperean inprimatuta dauden hitzei, sinbolo arbitrario horiei, esanahia ematen diegu. Halaxe, aurrera egiten dugu, hitzez hitz, esaldiz esaldi, atalez atal. Aldi berean, irakurtzean, istorio batean aktiboki parte hartzen dugu; istorioa geure baitarako kontatzen dugu; istorioa biziberritzen dugu, egilearekin berridatziko bagenu bezala, lerroz lerro, orrialdez orrialde.

Halako esperientzia partikular, subjektibo eta menderaezina dakar bere baitan irakurle bakoitzak tertulia literariora edo irakurle taldearen saiora etortzen den aldiro.

Etxetik (edo zeure baitatik) atera, fisikoki mugitu, gorputza jarri, besteen begiradak topatu, hitza hartu, entzun. Gainera, tarte batez esku-pantailari muturra sartzen utzi gabe. Ez da gutxi, ez; etengabeko burrunba bisualaren erdian literatura irakurlea ez al da gaur egun ia heroi bilakatu, aktibista ia arriskutsu.

 

«Ez da gutxi, ez; etengabeko burrunba bisualaren erdian literatura irakurlea ez al da gaur egun ia heroi bilakatu, aktibista ia arriskutsu»

 

Galtzaundik antolatzen duen tertulian, esan gabe doa, euskaraz idatzitako eta euskarara ekarritako arte literarioa irakurtzen dugu. Hortaz, zenbat aldiz heroi, zenbat aldiz erresistente bai euskal irakurlea, bai euskal idazlea?

Liburuen bazter honetako erdigunean, idazleak. Bi hilero idazle gonbidatu bat datorkigu Galtzaundi tertuliara. Idazten edo argitaratzen hasi berria izan liteke edo hamaika libururen egilea, sona handikoa edo bazterraren ertzekoa. Egileen ipuinak, nobelak, poesia, antzerki-testuak, saiakerak, kronikak, hibridoak edota testu klasifika ezinak helburu. Guztiak euskal literaturgintza garaikidearen parte eta generoaren zehar-lerroak eragindako kanon aldaketaren isla.

Idazleak parez pare aurkituko ditu bere liburuaren irakurleak: idazlan prozesu (intimo)aren berri eman, galderak erantzun eta elkarrizketa bat eraikitzeko aukera du. Baita irakurleak ere.

Saioaren gidari edo dinamizatzaile profesionalak aldez aurretik prestatutako galderak, edo gidoi bat, eduki arren, tertuliaren bizitasun eta komunikazio maila, eraginkortasuna, ez dago inongo formularen menpe. Are gutxiago adimen artifizialaren edo algoritmo baten menpe. Zorionez. Bizitza, liburutik ez ezik, zirrikitu guztietatik sartzen delako irakurle taldearen saioetan, eta liburu baten irakurketa partekatzeak eragin ditzakeelako ezusteko eztabaidak, ideia berriak, gogoetak, irribarreak, isiluneak, konexioak, ametsak, harridurak, ezinegonak. Baina inoiz ez asperdura.

Irakurlea etxeratuko da intimitatean irakurritakoari hamaika geruza gehituta, ñabarduraz aberastuta, baita nolabaiteko ahaidetasuna sortuta ere, saretuta. Eta beste liburu bat irakurtzen hasiko da. Irakurtzea ere adikzio mota bat da.

Hitzok juntatu dituen idazkurlea, Harkaitz Canok asmatutako hitza erabiliz, naizen aldetik, gure irakurzulora gonbidatzen dut irakurzale oro. Bizitzarik ez duen literatura eta literaturarik ez duen bizitza negargarriak dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!