Hitzez Hitz

Segregazio soziolinguistikoa

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Joxe Manuel Odriozola 2024ko uzt. 14a, 07:57

Irazugoikoa baserria, artxiboko irudi batean. ATARIA

Elebakarra hizkuntza minorizatuko hiztuna denean segregazio sozialaren biktima izango da. Aldiz, elebakarra hizkuntza hegemoniko bateko hiztuna denean, haren nazio, kultura, hizkuntza eta identitate eskubideak osoki babestuko dira.

Hortaz, zerutik infernurako aldea dago elebakarraren estatus eta eskubideetan: erdal elebakarra baldin bazara zure eskubide kulturalak eta politikoak babestuak dituzu. Euskaldun huts izan nahi baduzu, berriz, badakizu ez zarela nor izango zure herrian.

 

«Euskaldun huts izan nahi baduzu, berriz, badakizu ez zarela nor izango zure herrian».

 

Erdal hizkuntza hegemonikoek artikulatzen duten sistema politiko kulturalaren segregazio sozialak euskalduna zapaldu, baztertu, apaldu eta gutxietsi egin du. Euskaldun elebakarra ezin zen baserri giroko euskal komunitate lokalaren eremu zokoratutik irten. Irteten zenean, euskaldun arlotearen pareko rola betetzen zuen lainezaz betetako erdal munduan. Euskal Herrian euskaldun elebakarra izatea iraingarri eta isekagarri bilakatu zuten sistema soziolinguistiko nazional espainolak eta frantsesak. Erdal nagusikeriaren jarrera zital hori, gainera, ez zen erdal elebakarren jokaera bakarrik izan, euskal elebidun batzuen aldetik ere tratu bertsua jasotzen zuen euskaldun hutsak.

Euskaldunen aurkako ordezkapen soziolinguistikoaren historia latz horretan, azkenean, euskaldun guztiak onik onenean ele biko bihurtu dituzte indarrean zeuden hizkuntza politika espainolak eta frantsesak. Nioen, onik onenean elebidun, zeren euskaldun asko haurtzaroan euskaldun huts izatetik erdal elebakar izatera igaro baitziren. Era horretan gainditu zen euskaldun elebakarren bizimodu erdeinagarria. Geroztik, Euskal Herriko bi hizkuntza hegemonietako bat ikasita, euskaldunak nor izatea lortu zuen erdal gizarte industrializatuaren baitan zabaltzen ari ziren egitura ekonomiko, sozial eta kulturaletan integratuz. Ondo asko zekien euskaldun elebakarrak kale giroko gizarte modernoan nor izango bazen, erdalduna izan beharko zuela derrigorrez. XX. mendearen erdi aldera herrixka txiki euskaldunetan jaio ginenok segregazio sozial horren lekuko izan gara.

«Erdal hizkuntza hegemonikoek artikulatzen duten sistema politiko kulturalaren segregazio sozialak euskalduna zapaldu, baztertu, apaldu eta gutxietsi egin du»

Erdal gizarte hegemonikoaren munduan integratu behar zuen euskaldun elebakarrak, hortaz. Hala ere, artean euskal komunitate diglosikoaren autonomia erlatiboa indarrean zegoenez, baserriko seme batzuek gurasoen bizimoduari eutsi zioten. Alaben artean gehiago izan ziren kaleko bizimodua hobetsi zutenak; erdaraz ikasteko mutilek baino erraztasun handiagoa zeukatelako, seguru asko. Ez dakit generoaren araberako ezaugarri hori herri txiki euskaldun guztietan gertatu zen, baina badakit Sanchez Carrion Txepetxen lanei esker Nafarroa euskaldunean hala izan zela. 

Esan bezala, aurrerapenaren izenean eta izanean, euskal komunitate elebakarren biziraupena ezinezko bihurtu zen azkenean. Geroztik ez gara «kaxero» edo «kaxera», ez dugu gure gurasoen eta arbasoen pairamenik zertan jasan elebidun bilakatuta. Hezkuntza sistema eta oinarrizko mekanismo sozioekonomikoak aski izan dira euskal belaunaldi elebakarrak Espainiaren eta Frantziaren sistema nazionalean lehenik integratu eta azkenean asimilatuak izateko. 

Ez dezagun ahantzi botere-harreman soziolinguistiko desorekatuetan ez dagoela integrazio erlatiborik, asimilazioa baizik. Asimilazio nazionalaren lehen urratsa asimilazio soziolinguistikoa izan ohi da; batak bestea dakar. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!