Neguan hutsik egon ez badira ere, eguraldi onarekin batera, urte oparoa izango den esperantzarekin lurra gozatu, krokisa txukun-txukun egin, eta ari dira bazterretako soro eta baratzeak koloretako soinekoz janzten. Ilusioz, eguna joan eta eguna etorri mimoz zaindu, eta pazientziaz itxaroten dugu uzta, urtean zehar platerean izango ditugun jakiak nola egunetik egunera irabazten ari diren ikusteko prozesuaz gozatuz.
Azken urteetan elikadura ohiturak aldatzen ari dira, baina oraingoz, behintzat, guk aukeratu dezakegu zein norabide eman nahi diogun aldaketa horri. Elikadura burujabetzarekin ahoa betetzen zaigun garai honetan, kontraesankorra bada ere, supermerkatuetako apaletan edozein produktu topatu dezakegu edozein garaitan, itxura ezin hobearekin. Kuriositatez jatorriari begiratuz gero, sorpresa galantak hartzen ditugu ustez bertakoak diren produktuak munduaren beste puntan ekoitzitakoak direla ikustean; bertakoak baino hobeak balira bezala.
Zortedunak gara. Baratzean dagoena jateko aukera daukagu, garaian garaikoa. Bertakoa. Konfiantzazkoa. Kontsumo arduratsua egin dezakegu, baliabideak baditugu. Horren inguruko kontzientzia badago gure herrietan, eta lekua hartzen ari da: Berastegin herriko ekoizleek astean behin beren produktuen eskaintza egiten dute, eta haiek eskuratzeko erraztasunak daude, armairu sistemaren bidez, besteak beste; Amezketan azoka berreskuratzeko lanetan ari dira; Tolosako larunbatetako azoka… Baina gure inguruak ere mugak dituenez, azken urteetan legez, aurten ere jaso ditugu Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak, eskutik eskura, gure etxeko despentsetaraino.
Errigorak Nafarroako Ager zonaldean ekoiztutako 23 ekoizleren produktuak etxeraino ekartzen dizkigu. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honi esker, urte osorako eskaerak egin ditzakegu martxoa aldera, eta maiatza erdialdean jasotzen ditugu ekoizlearen jatorrizko prezioan, eta gure herrietan; bertakotasuna, euskara, auzolana eta elikadura-burujabetza ardatz hartuta. Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserba sortak, ardoa, arroza, pasta… Aukera ugari eskaintzen dizkigute, urtetik urtera berrikuntzak gehituz.
Hamar urte bete ditu Errigorak, eta aurtengo Eskutik eskura kanpainan 10.000 eskaera egin ditugu. 127.000 litro olio, 26.000 lote; ez dira kopuru makalak. Ilusioz hasitakoa, anbizioz ari da urtez urte handitzen, herritarren, nekazarien, ekoizleen, euskaltzaleen eta kontsumitzaileen inplikazioari esker, eta goraka doa.
Txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatzen ari da ekimen herritar hau, Euskal Herrian lekua irabaziz eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean eraginez, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Izan ere, «ez euskaldun» izendatutako eremuan pixkanaka euskarak espazio berriak irabazteko lanean ari da Errigora, ekoiztetxeetan euskara normalizatzeko planak garatuz edota Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari zuzeneko diru-ekarpena eginez.
Auzolanari esker, 'eskutik eskura' etxean jaso duguna, etxeko baratzekoa balitz bezalaxe kontsumituko dugu, konfiantzaz
Auzolanari esker, eskutik eskura etxean jaso duguna, etxeko baratzekoa balitz bezalaxe kontsumituko dugu, konfiantzaz; egunetik egunera emankor irabazten ari den aletxoari baratze izkinatik harro begiratuz. Uzta ona dator aurten ere!