Hitzez Hitz

Euskararen historia eta etorkizunari buruzko saioak

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi euskara taldea. Manuel Olano 2024ko mar. 24a, 07:59

Euskal Herriko historiari buruzko ikastaroak bi urtez burutu ondoren, aurtengorako aldaketaren hautua egin zen eta gure hizkuntzaren iragana eta etorkizuna jorra genitzakeela pentsatu zen. Honela izan da, eta Euskararen historia eta etorkizunari buruzko jardunak amaitu berri dira.

Nahiz eta ikastaroa urtarrilean hasi, aurrelana ere eskatzen du honelako saioak antolatzeak. Iazko urteko maiatzean hasi zen Altzoko Kultura Batzordea gaia lantzen.

Esan behar dugu oraingoan zorte handia izan dugula Galtzaundi euskara taldearekin elkarlanean antolatu ditugulako aurtengo saioak. Benetan ederra eta emankorra izan da elkarlana, eta horrek asko erraztu ditu ikastaroaren antolaketa eta kudeaketa lanak. Bide batez, ausartuko gara esatera Altzon egin den ikastaroaren antzekoak beste herrietan ere antolatu daitezkeela.

Erantzun bikaina izan du ekimenak, eta 63 pertsonek eman zuten izena ikastaroan parte hartzeko. Aniztasun dezentea topa genezake izena eman duten pertsonen jatorriari begiratuta. Altzotarrez gain dezente izan dira inguruetako herrietatik etorritakoak —Alegia, Tolosa, eta abar—. Baina, Lasarte, Oñati, Iruñea, Oiartzun eta Barakaldotik etorritakoak ere izan dira.

Asteburua iritsi eta aukera ugari ditugunean berau igarotzeko, harrigarria eta bide batez oso pozgarria ere izan da hainbeste pertsona bost larunbatez Altzon elkartzea. Ez gara elkartu aisialdirako edo denbora-pasarako. Gure hizkuntzari buruzko jakin-minak eta kezkak elkartu gaitu. Hiru orduko saio trinkoak izan dira, tartean atseden txiki bat ere egiten genuelarik indarberritzeko.

Saiatu gara gaur egun euskararen ingurumarian erreferentzia diren hizlariak ekartzen Altzora. Ikastaroan parte hartu dutenek esan beharko dute zekartzaten itxaropenak bete diren edo ez.

Sorreratik edo auskalo noiztik hasi eta gaur egun arteko Euskararen Historia kontatzeko gurekin izan ditugu Borja Ariztimuño, Blanca Urgell, Haritz Azurmendi eta Garikoitz Goikoetxea. Euskararen iragana eta oraina jorratzeaz gain, euskararen etorkizunari buruzko hausnarketa ere derrigor egin beharrekoa jotzen zenez, azkeneko saioan, martxoaren 16an, mahai-inguru bat antolatu zen. Kike Amonarriz moderatzailearen gidaritzapean Idurre Eskisabel, Eneko Gorri, Intza Gurrutxaga eta Iñaki Martinez de Luna izan ziren beren ikuspegia azaldu zutenak.

«Geroa zaila da baina iragana jakintsua» zioen Jon Sarasuak aimara, kitxua eta munduko hizkuntza gutxituei buruz mintzatzerakoan, eta zalantzarik ez dago gure kasuan ere pare-parean letorkeen esaldia izan daitekeela.

Misterioa izanik euskararen iraupena, lehenengo lau saioetan ikusi eta aztertu dugu euskararen ibilbide luzean zenbat gorabehera izan diren. Batzuetan, oso gutxitan, haizea alde izan duela gure hizkuntzak eta beste askotan aurka, tartean enbata bortitzak ere izan direlarik.

 

«Orain arteko misterioaren lilura barneratu ondoren etorkizuna da jokoan dagoena»

 

Hori dena aztertu eta gutxi-asko ezagutzeko aukera izan ostean ez dugu esango gure kezkak eta jakin-minak amaitu direnik. Orain arteko misterioaren lilura barneratu ondoren etorkizuna da jokoan dagoena. Euskararen etorkizuna ez da nolanahiko gaia eta ikuspegi zabaletik jorratu nahi izan dugu aurtengo saioan. Jakina da ikuspegi ezberdinak ere baditugula etorkizunari buruz, batzuk baikorragoak eta beste batzuk ezkorragoak.

Aurtengo ikastaroan egindako ahalegina baliagarria delakoan gaude gure hizkuntzaren historia, ezagutza eta etorkizuna modu kontziente eta koherente bateagoan eraikitzeko. Hala bedi!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!