Alejandro Lopez Orkoiengo (Nafarroa) alkateak (PSN) bota zuen duela aste batzuk ahobizarrik gabe, beste askok pentsatu bai baina esaten ez dutena: «Gure ludotekan ekitaldiak gaztelaniaz eta euskaraz egiten dira. Euskaldunak euskarazkora eta gaztelaniazkora joan daitezke. Gaztelaniaz dakitenak gaztelaniazkoetara bakarrik. Hau da, zerbitzu bikoitza dute. Izan ere, ez gara eskubideez hitz egiten ari, pribilegioez ari gara». Euskaraz dakigunak pribilegiatuak garela, alegia. Inondik ere horixe bera pentsatuta jartzen dituzte helegiteak hainbat lanpostutan euskara eskatzea baztertzailetzat jotzen dutenek, bai eta haiei arrazoia ematen dieten epaileek ere. Azkena, Gipuzkoako Diputazioan gertatu da: 119 lanpostu kolokan daude, haiei ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra helegite bat aurkeztu delako.
Esan gabe esaten ari zaizkigu gu garela pribilegiatuak, gu baztertzaileak. Euskaldunak. Esaten ari zaizkigu euskaraz jakin beharrik ez dagoela herri honetan bizitzeko, lanpostu horietan ematen den zerbitzua emateko. Esaten ari zaizkigu ez al garen konturatzen gizartea erdalduna dela eta nahikoa dugula matraka emateaz. Esaten ari zaizkigu beraiek bizitza osoa daramatela Euskal Herrian bizitzen, gu bezain zerak direla (baskoak, euskal herritarrak??), eta ez ibiltzeko bazterrak nahasten gure txokokeriekin, eta are gutxiago lan kontuetan inor izorratzen. Esaten ari zaizkigu atzerritarrak garela gure herrian eta hemen benetan jakin beharrekoa gaztelania dela. Eta kito.
«[Lutxo Egiak] hilabete osoa egin zuen Bizkaiko hiriburuan gaztelaniaz txintik esan gabe»
Lutxo Egia idazle eta euskaldun berriak (Santander, 1969) duela urte batzuk Bilbon egindako performancea edo esperimentua etorri zait burura: hilabete osoa egin zuen Bizkaiko hiriburuan gaztelaniaz txintik esan gabe, euskara hutsean, eta tarteka ingelesez, «ezinbestekoa zenean». Eta esperimentuaren ondoren, adierazi zuen «atzerritartzat» hartu zutela bere hirian. Hala adierazi zuen Egiak: «Erdaldun bati euskaraz bakarrik hitz egiten diodanean gaztelerazko hitza ukatzen diedala pentsatzen dutela iruditzen zait. Baina nik ez diot inori gaztelera ukatzen, nik euskarazko hitza ematen diet. Batzuek gaztelerarekin natural egiten dute hori, bada nik euskararekin egiten dut». Azaldu zuen erdalduna ohituta dagoela, kasurik onenean, gure lehen hitza euskaraz izatera, baina bigarrena eta hirugarrena ez. Berehala lerratzen garela beraienera. Eta horri aurre egitean, arau sozialaren kontra egitean, talka bat sortzen dela aipatzen du Egiak, «eta talka horrek zigorra aktibatzen du: begiratua, keinua, ihesa, ukoa, edo baita barrea ere».
Finean Euskaraldiaren aurrekari pertsonal bat izan zen Egiarena, uneoro ahobizi jarduteko ariketa, parekoa belarriprest izan edo euskarafobo «belarrimotza» izan. Gaztelaniaz ez zekiela esaten zien idazleak solaskideei, eta hor talka sortzen zen behin baino gehiagotan. Irudika dezagun geure burua ataka horretan: euskaraz ez dakitenekin euskarari eusten, guk gurean jarraitzen, erdaraz ez dakigula esaten... Baina, nola liteke, koitadua, pentsatuko dute beren artean (esatera ez dira ausartuko menturaz), eta auskalo zer mendi puntako zer baserri galdutan bizi eta kalera batere jaisten ez den betizutzat hartuko gaituzte, gutxieneko. Izaki ia estralurtar eta errukarritzat. Hori, onenean. Nola liteke herri honetan gaztelaniaz ez jakitea? galdetuko dute beren kolkorako. Izan ere, ondotxo dakite gaur egun, inguru euskaldunenean ere, denok dakigula eta ikasten dugula gaztelaniaz, inongo erdaltegitara ikastera joan beharrik gabe. Barnetegi erraldoi batean bizi garelako. Tolosaldean agian ez horrenbeste, baina oro har Euskal Herrian erdera ari duelako kalean eta pantailetan, eta lehenago edo beranduago iristen garelako denok erdaraz ikastera, zenbaitetan gurea baztertzeraino, kanpo-eder halakoak. Horregatik, hobeto edo traketsago, denok dakigulako, ez dago inolako lanpostutan gaztelania eskatu beharrik. Hori, de facto, emantzat jotzen da.
Beharra eta eza omen irakaslerik onenak. Halaxe ikasten zuten gure artzainek ingelesez AEBetan. Halaxe ikasten dugu guk gaztelaniaz gure Euskal Herrian. Beharra akuilu bada, irudika dezagun zer gertatuko ote litzatekeen euskaldunok ere elebakar jokatuko bagenu erdaldun elebakarren aurrean, euskarari eutsiko bagenio gure arteko solasaldietan, «behartuko» bagenitu pixka bat, ikusaraziko bagenie haiek ere ikas dezaketela guk gaztelaniaz ikasi dugun moduan, adieraziko bagenie beraiena ukatzen ez gurea ematen ari garela...? Ai, baina, adeitsuegiak gara, eta «pribilegiatu» batzuk, eta haienera lerratzen gara, ohartu gabe, edo ohartuta, hizkuntzaren erbeste honetan gero eta atzerritarragoak garela.