Hitzez Hitz

Garbiketa etnikoa

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Joxe Manuel Odriozola 2024ko urt. 28a, 07:58

Joseba Intxausti artxiboko irudian. EUSKALTZAINDIA

Joseba Intxausti (Segura, 1936-07-29 - Donostia, 2023-08-18) ere joan zaigu. Euskara batuaren aldeko mugimenduan izen aipagarria, aipagarririk baldin bada, nahiz eta beste aitzindari batzuk bezain ezaguna ez izan. Intxaustiren lana eta eragina ez zen euskara batuaren aldeko lanetara mugatu, halere. Pako Sudupek dioen moduan bereziki «euskararen historia soziala eta Euskal Herriko elizaren historia izan ditu aztergai».

Historiaren beste alor batzuk ere aztertu zituen Intxaustik. Adibidez, Erdi Aroaren hondarrean Espainian gertatu zen «garbiketa etnikoa». 1993an honako artikulu hau argitaratu zuen Jakin aldizkarian: Granada 1492: garbiketa etniko baten bezperan. Garbiketa etnikoa kondizio patologikoetan sortzen den nazionalismoarekin lotu izan dute aditu batzuek, baina fenomeno anker horren aztarnak nazionalismo modernoaren aurretikakoak dira. Non, eta Erdi Aroaren hondarreko Espainian!

Honela hasten da Intxaustiren artikuluaren bigarren paragrafoa: «Granadaren konkista gogoratu nahi dut hemen, gertakari haren ondorioz hasi baitzen herri oso baten hondamen-bidea urratzen, moriskoena [moriskoak: kristauturiko islamdar ohiak]. Hain zuzen, Estatuaren indarra eskuetan zuen beste herri batek ezarritako hondamendiaren historia. Jakina denez, 'garbiketa etnikoak' ez dira lehenengoz Balkanetan gertatu: Granadako eta Espainia osoko moriskoek, juduekin batera, al-Andalus eta Sefarad-en ezagutu zuten halakorik 1492an edo urte hartatik aurrera. Américo Castro-k maitekiro deskribatutako Erdi Aroko 'Espainia' etnoanitza orduan sartu zen bere krisi erabakikorrean».

Garbiketa etnikoak, hots, mendean hartutako herri edo komunitate etnikoak erabat asimilatu ezean Estatutik kanpora egozteko politikak aspaldikoak dira, beraz. Intxaustik gogorarazten digun «Espainia etnoanitzaren» ondoko gertakariak ezagunak dira. Gaztela zeritzan komunitate etniko hegemonikoak Espainia nazionalaren proiektu inperiala zuen helburu. Estatu-aparatuaz jabetzeko ahalmen militarra izan zuen komunitate etniko espantsionista horrek erlijioz, hizkuntzaz eta kulturaz askotarikoa zen Erdi Aroko mosaikoa errotik erauzi zuen.

Hain zuzen, ordezkapenaren eta asimilazio politika horien historiaren biktimak bi eratakoak izan ziren denboraren joanean. Alde batetik, orduko mosaiko etnikoa [maladi delakoak, mozarabiarrak, mudejarrak, moriskoak eta juduak], eta, beste aldetik, nazionalismoaren zantzuak gorpuzten ari ziren euskaldunen, katalanen eta galiziarren asmo nazionalak.

Ameriketako kolonizazioaren ondorio lazgarriekin alderatuta, hona hemen Intxaustiren iritzia: «Ikusi ahal izan dudanez, Ameriketan baino are hertsiago jokatu zen hemen moriskoen hizkuntza politikan. Penintsulak bestelako erraztasun demografiko kulturalak eskaintzen zituelako, agian, eta moriskoen 'bestelakotasun' hura hurbilagoa izanik mingarriagoa ere gertatzen zelako, noski. Hizkuntzaren kontrako salakuntza garbi zegoen: espresuki esan zen bezala, hizkuntza zen Islam-aren federako biderik zuzenena. Eta horixe zen nagusienik moztu behar zena».

Dakusagunez, ordurako hasita zegoen hizkuntza partekatzen zutenen atxikimendu soziolinguistikoa hezurmamitzen. Honatx xehetasun gehiago.

«Moriskoen herria eta ondare nazionala, bere balio sozio-ekonomiko, kultural eta demografikoekin, osorik desegin ziren Espainian, intolerantziaren atzaparretan. Bosnian baino lehenago gertatu zen Granadan, eta Gaztela-Aragoiko Erreinuetan, garaian garaiko ñabardurekin, noski», ohartarazten du Joseba Intxaustik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!