Hitzez Hitz

Mintza eta luza pausua lagun

Erabiltzailearen aurpegia Jexux Murua. Galtzaundi euskara taldea 2023ko abe. 24a, 07:59

Jexux Murua mintzalagun lanetan. GALTZAUNDI

Duela hamar urte erantzun nion lehen aldikoz Galtzaundi Euskara Elkartearen deiari. Euskaraz erraztasunez moldatzen den jendea eskatzen zuten euskaraz ikasten ari zirenei, edo berreskuratu nahian zebiltzanei, bide horretan laguntzeko. Mintzalaguna deitzen zitzaion eta zaio programari.

Astean ordubete, ordu eta erdi, eskaintzea eskatzen zidan, eta froga egitea erabaki nuen. Lan kontuak tarteko, ozta-ozta baina lortu nuen hitza betetzea eta ikasturtea osatzea. Gauza gutxik ase naute hainbeste eta banekien tartea izan bezain azkar berriro lotuko nintzela programara. Joan den ikasturtean berritu zitzaidan aukera eta hemen nabil orduz gero eskualdean eta Euskal Herrian beste hainbat eta hainbat bidelagun bezala, euskararen bidea urratzen ari diren lagunei, bidelariei, pausoa luzatzen laguntzen.

Lehen esperientzia hark Modesto eta Jone ezagutzeko aukera eman zidan. Ibili zaleak ziren eta, eguraldiak traba handiegia jartzen ez bazigun behintzat, ibiliz egiten genituen gure hitz-aspertuak. Andoainen bizi zen aragoiarra lehena, tolosarra bigarrena. Bizitzari hozka handia eginikoak ziren biak ordurako. Bertako hizkuntza zelako, herri honi errespetua ziolako, zapalduen alde zeramalako bizitza, unibertsala izatea aniztasunarekin lotzen zuelako, hizkuntzak jakitea atsegin zuelako eta abar luze bategatik heldu zion Modestok euskara ikasteko desafioari eta, Jonek, txikitako hizkuntza berreskuratu, herdoilak kendu eta distira ateratzeagatik. Eta zekiten guztiekin euskaraz hitz egin nahi zutelako. Ez zitzaigun inoiz hizketarako gairik falta izan, denbora batzuetan, eta zoragarria izan zen niretzat ibilbide bikoitz hura partekatzea haiekin: hankez eta mihiz. Duela lau urte bere sustraietara itzuli zen Modesto, halere mantentzen dugu harremana: Aragoiko lurretatik idazten dit, hitanoz, hitzak eta koplak.

Joan den ikasturtean lotu nintzaion berriro mintzalaguntzari. Ezagutu nituen Mari Paz, Izaskun, Natalia eta Mikel, eta udaberriarekin Marina txikia eta bere begirada zabal-zabala gehitu zitzaizkigun. Lehen esperientzian ni nintzen, gaztea ez izan arren, gazteena. Oraingoan, zaharra ez izan arren, neroni naiz zaharrena. Ez dakit patuarekin gauden zorretan edo Idoiarekin, Mintzalagun taldeak kudeatzen dituen kidearekin, baina zaila iruditzen zait puzzle perfektuagorik. Euskaraz mintzatu eta hitz jarioa ugaltzeko nahiak bildu zituen lagun talde honetara Izaskunen sakona, Mari Pazen gardena, Nataliaren tenplea, Mikelen umorea eta Marinaren irribarrea. Axaleko gauzez hitz egiten genuen, ur sakonagoetan ere murgiltzen ginen, entzuten genuen eta hitz egin. Bi belarri eta aho bakarra zergatik eta zertarako dauzkagun konturatzeko ariketa bikaina. Ordu eta erdi motza, euskaraz, helburu horrek elkartzen gintuen, baina askotan oharkabean egitea iristen ginela uste dut. Betegarria da.

Aurtengoan, taldeari eusteko gogoz hasi ginen. Kide bat gehitu zitzaigun gainera, Chin Man edo James, familiarekin Hong Kongetik atera eta han-hemen ibili ondoren Tolosara heldu eta euskara ikastea jomuga jarri duen mutil gaztea; duela urtebete hasi zen eta, irribarrea ahoan, ikasturte honen amaieran C1 atera nahi duela esaten du. Lortuko du! Nioena, taldeari eutsi nahi genion baina kostatzen ari zaigu agendak bateratzea, eta sumatzen dugu etorri ezin dutenen hutsunea. Baina elkartzen gara ahal dugunok, eta aurrera doa hitz-aspertua. Ohartzen naiz noiz ahazten diren euskaraz hitz egitera etorri garela eta murgiltzen diren esan nahi dutena esatera, eta entzutera. Igartzen diet aurrerapena eta, egoista da agian, aurrerapen horren parte sentitzen naiz. Paregabea da sentsazioa, asebetea.

Igande gaua da. Pozez jaikiko naiz bihar, astelehenean goizean goiz elkartzen baikara Mari Paz, James eta hirurok. Lagun on batek hala dio Harrien mintzoa liburuan: «Zoriona da ideia komertzial bat. Nik poza nahi dut». Honela azalduko luke nire tokian balego: nik poza behar dut bizitzeko, arrazoi pozgarriak bizi arazten naute, eta arrazoi pozgarria da niretzat lagunekin elkartu eta hitz-aspertu eder bat egitea, honetaz eta hartaz, axola zaizkigun gauzez. Ba horixe!

 

«Bada, azal-mintza oilo-ipurditan jartzen dit mintzakideen ahaleginak»

 

Ikasitako hitza dut nik mintzatu aditza, hitz egin esaten baitugu gurean. Ezagunagoa zait mintza izena, larru-axala. Bada, azal-mintza oilo-ipurditan jartzen dit mintzakideen ahaleginak. Euskararen zelaian sortu garenok, gure hizkuntza oharkabean jaso dugunok, batzuk behintzat, zelai honetan nahi genituzke herritar guztiak. Maldatsua, malkartsua zenbaitetan, da ordea hizkuntza ikasteko bidea. Horretaz ohartu nahiz nire mintzalagunekin euskararekin duten harremanez hitz egin dugunean, mintzatu garenean. Sisiforen harritzarra bihurtzen zaie, etsipenera hurbiltzen ditu, baina ahaleginean dihardute. Utikan harritzarra! Tori eskua, lagun, eta goazen! Begi bistan dugu gaina.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!