Han elkartuko ginen Imanol Artola felix-en gidaritzapean sei euskaltzale, gure ezinak eta nahiak partekatu eta horiek nola bideratu ikasi asmotan.
Talde oso polita osatu genuen, denok elkarri konfiantza erakutsi genion, bakoitzak bere barruak lasai askatu zitzan, eta horrek, egia esan, asko lagundu zidan, niri behintzat, nire ezinak agertu eta laguntza eskatzeko.
Niretzat, nire egunerokotasunean, ez da erraza euskararekin dudan kezka, ezina, amorrua kudeatzea. Onartu behar dut nahiko radikala naizela gure hizkuntzaren kontuarekin. Ezin dut ulertu nola den posible gure herrian bizi behar eta, bai bertako bai etorkinek, ahaleginik ez egitea bertako hizkuntza ikasteko. Hori izan zen ahalduntze ikastaro honetan izena emateko arrazoi nagusia. Ikasi nahi nuen hori hobeto kudeatzen nire barnean. Asertibitate hitza izan da gehien txertatua geratu dena nire buruan. Hori zen batez ere barneratu beharra neukana, nire esku dagoen guztia egin, baina sufritu gabe, haserrerik gabe, amorraziorik gabe. Eta uste dut, nire kideek, zein Felixek erakutsi didatenarekin, erabat ez bada ere, neurri handi batean lortu dudala. Gaur egun beste begi batzuekin begiratzen diet parean ditudan ez euskaldunei; batzuei denbora tarte bat ematen diet gurera etorri daitezen, beste batzuengan pentsatzen dut beraiek direla benetan galtzen dutenak.
Nire haserrea kudeatzen ikasi dut pertsona zehatzekin, nahiz eta ez dudan etsiko, parekoari niregan begirunea izan dezan helarazten, errespeturik galdu gabe. Lehengo lepotik burua, euskara bermatua dauden lekuak erabiltzen jarraituko dut, baina ezinezkoa den lekuetan, lasaitasunez eta asertibitatez jokatzen saiatuko naiz. Erakunde publikoetan, berriz, eskubide hori dudala garbi ikasi dudanez, euskara eskatuko dut.
«Gure ikastaroan, euskaldun berri bat izan dugu, besteok euskaldun zahar ginen. [...] Gehien berarekin ikasi dut»
Gure ikastaroan, euskaldun berri bat izan dugu, besteok euskaldun zahar ginen. Eta esan behar dut, gehien berarekin ikasi dudala, eta ausartuko nintzateke esatera, besteek ere baietz. Gure mundua oso desberdin ikusten dela erakutsi dit Joxe Marik, hori benetan aberasgarria izan da, behin baino gehiagotan, emozioak ere gainditu ninduen bere bizipenak entzunda.
Bukatzeko irakurle, zu ere animatuko zintuzket hurrengo saioetan parte hartzera, ez zara damutuko, elkarrekin indartsuago izango gara.