Izan ere, orotariko datu eta xehetasunez josia dago liburu mardul hau; ez da falta informazio soziopolitikorik, ez sozioekonomikorik, ez orotariko dokumentu eta argazki adierazgarri eta argigarririk. Gerraren testuinguru historiko orokorra eta lokala ezin hobeto uztartu ditu Olanok, garai hura aldez edo moldez ezagut zutenen lekukotasunez jantzita.
Gerraren testuinguru historiko orokorra eta lokala ezin hobeto uztartu ditu Olanok, lekukotasunez jantzita
Liburuko pasarte batzuk landatuko ditugu ondoren, gerrari buruzko xehetasun batzuk emate aldera.
«Soldadu eta errekete nafarrak Altzora sartu zirenean herritarren artean beldurra eta izua hedatu ziren, batez ere, abertzale eta errepublikaren alde zeudenen artean. Bat baino gehiago izan ziren gauean, lo egitara ezkutura joan zirenak».
«Gehienak derrigortuta eraman zituzten gerrara, baina badira errekete moduan gerrara joandakoak ere. Errekete gisara joateak esan nahi zuen Francoren alde, bere borondatez zihoala gerrara, hau da, boluntario. Kasu horietan ere gauzak ez ziren izango beti hain argiak. Agintari frankistek sarritan erabiltzen zituzten sasi-argudioak gazteak gerrara eramateko».
«Nahiz eta beste zenbait herritan izan zuen gordintasunik ez izan gerra zibilak Altzon, ezin da ukatu ondorengo urte luzeetan herriko giroa ez zela izan batere ona. Mesfidantza, beldurra, gosea, miseria eta abar ez dira oso bidelagun egokiak herriko giroa sustatzeko. Horrela adierazi digute jasotako testigantzek».
Aipagarria da, bestalde, gerra aurreko urteetan Jose Antonio Agirrek, lehen Jaurlaritzako lehendakariak, Altzorekin izan zuen lotura.
«Jose Antonio Agirreren emaztea izango zena euskara ikasten ibili zen Altzoko Erretore-Etxean. Horrela adierazten du [liburuko] argazkiak. Argazkia Altzon, Iartza baserriaren inguruan ateratakoa da 1932. urtean. Argazkian ikus litezke: Jose Ariztimuño Aitzol, Luis Jauregi Jautarkol, Margari Zabala, Maria Zabala, Agirreren andregaia, Jose Antonio Agirre eta Pio Montoia».
Gainerakoan, gerra guztiak dira mingarriak, baina gerra batzuk mingarriagoak izan daitezke. Norbere nazioaren alde gerra egitea gauza bat da, eta beste bat zure nazioa irentsi duen nazio irenslearen alde gerrara derrigorrez joan behar izatea. Horrek ez dauka parerik bidegabekerien artean. Nazionalismo espantsionistaren lanak dira horiek. Altzo ez baita estatu nazional espainolari dagokion komunitate autonomo bateko herri bat. Nazio euskaldunari dagokion herri euskaldun bat da, Euskal Herria deritzan nazio historiko bateko herri bat. Beraz, gerrak eta gerrak daude, eta Altzo barnean harrapatu zuen gerra-zurrunbiloa espainiar estatu nazional espantsionistaren urkamendian gertatu zen. Espainia eta Frantzia Euskal Herriaren urkamendiak baitira aspalditik.
Amaitzeko, ohar pare bat. Irudipena dut Manu Olanoren liburuak ez duela izan merezi duen oihartzunik, kontuan izanda liburuaren interesak Altzoko mugak gainditu egiten dituela, 1936ko gerrari buruz eskaintzen duen ikuspegi zabala bezain jakingarria edonorentzat baita erakargarria. Liburuarekin batera, jakizue, pendrive batean bideoan nahiz audioan grabatutako lekukotzak datozela.