Bada, interneten begiratu eta aurkitutako lehen definizioa ebaki eta itsatsi beharrean, esango dizut, dakidan apurraz, aspaldidanik, abeslarien ahotsak grabatzerakoan tonua nota bakoitzean egoki kokatzeko prozesadore bat dela.
Ahots prozesatuak sortzen ditu autotuneak, egun, ia dena bezala. Ez da amarru bat e, ez da abeslariek tranpa egiten dutela edo ziria sartu nahi izan digutela urte luzez. Tresna bat gehiago da musikan. Kontua da, orain, aspalditxoko orain honetan, tresna hori neurriz kanpo edo modu esajeratu batean erabiltzen dela, eta bere berezko funtzioa betetzeaz gain, baliabide estetiko eta artistiko moduan, musikaren panoramako lehen lerrora etorria dela, ez zalaparta gutxirekin, gainera.
Autotunea zer den ondo jakin, baina okasioa sortzen zaizun aldiro berau gaitzesteko aldarrika hasten bazara, edo, besterik gabe, gehiegi maite ez baduzu, ez da ezer gertatzen. Musikaz, arteaz ari gara, norbere baitakoari erabat hertsia, subjektibo totala; gogoratu iritziak ipurdiak bezalakoak direla, denok daukagu bat baina guztiak dira desberdinak haien artean.
Baina, autotunearekiko kritikoak badu, nolabait esatearren, urtebetetze batzuk ospatu izanaren usaina. Belaunaldi baten olatua hartuta surfean aritu baina atzetik olatu gehiago ere badatozela ez jabetzearena. Kontuz, ez naiz ari autotunea ez gustatzeaz, ez onartzeaz baizik. Entzun baititut, musika gazteenari erreferentzia eginez, hori ez dela benetakoa, edo organikoa, edota, are, ez dela jasangarria dioten sententziak. Ziur nago, 70eko, 80ko hamarkadako guraso zenbait ikaragarri urdurituko zela haien seme-alaba nerabeen logeletatik gitarra elektrikoen lehendabiziko distortsioak entzun eta hori orduko musika zela aditu zuenean. Seme-alaba horiek, gitarren seme-alabak, dira orain asaldatzen diren gurasoak, euren seme-alaba nerabeen logeletatik autotunea entzuten dutenean.
Kontuak kontu, gustatu edo ez, honek autotunearen aldeko mezu lasaigarri bat izan nahi luke. Alegia, ez zaizula zertan gustatu, baina besteei gustatzea zilegi dela onartuta errazagoa izango da elkarbizitza. Eta behin defentsan hasita, labeldun eta zerogarren kilometrotik datorren autotuneari egingo diot gorazarre, beste edozein euskalkik edo txokoko euskarak bezala, ekarpena besterik ez baitio egiten normalizazioari Aitorren hizkuntz zaharrez autotunetik abesten duen horrek.
«Euskarak autotunea ere behar duelako, distortsioak, sintetizadoreak, eta etorkizunean iritsiko diren imajinatu ezinezko bestelako edergarri edota aldagarriak beharko dituen bezala»
Euskarak autotunea ere behar duelako, distortsioak, sintetizadoreak, eta etorkizunean iritsiko diren imajinatu ezinezko bestelako edergarri edota aldagarriak beharko dituen bezala. Erabil ditzagun horiek guztiak natural, euskara bera erabiltzen dugun neurrian. Edo, niri behintzat, euskara natural erabiltzea gustatuko litzaidakeen moduan, ze, musikariak, bere lana plazaratu eta hedatzeko, ez ditu berau sortzeko erabilitako bitarteko artistikoak zerrendatzen, ez du autotunea erabili duela azpimarratzen. Natural erabili duelako. Euskara natural hautatu duenak ere, ez duelako bere sareetan, erdaraz, euskaraz egiten duen musika saltzen.