Hitzez Hitz

Euskaraz bizi gaitezke?

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi Euskara Taldea. Miren Aburuza Alkorta 2023ko api. 28a, 07:58

1978ko Espainiako Konstituzioak ofizialtasuna ematen dio euskarari Euskadin, bertako estatutuarekin bat etorriz. 1979an, EAEko Estatutuak euskarari aitortu zion Euskal Herriaren hizkuntza propioaren izaera Euskadin, eta, gaztelania zein euskara hizkuntza ofizial izendatu zituen. Horregatik, bertako herritarrok gaztelania eta euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea daukagu.

Gure belaunaldikoak eta ondorengoak ofizialtasun bikoitzaren garaian haziak gara, baina inoiz ez al dugu izan euskara erabiltzeko mugarik?

Ez dira atzo goizekoak nire amonari entzundako hitzak. Txikia nintzela, ordezko familiako mediku erdalduna jarri zuten osasun-etxean, eta ordura arte lasai ederrean medikuarengana bakarrik joan ziren bere hainbat lagun laguntzailea hartuta joaten ziren kontsultara, zer gertatzen zitzaien ondo adierazi ahal izateko, eta medikuaren esanak ondo jasoko zituztela ziurtatzeko. Intimitaterako eskubidea non geratu ote zitzaien andre gaixo haiei?

Gerora, alabak lau bat urte zituela, egokitu izan zitzaigun ospitalera larrialdietara joan eta pediatra erdalduna egotea kontsultan. Botaka eta beherakoarekin zegoen, eta pediatrak zer gertatzen zitzaion galdetu, erdara jatorrean, eta berak ezin asmatu nola adierazi euskaraz inongo arazorik gabe azal zezakeena. Pediatrak, orduan, harrituta, «¿No sabe explicar qué le pasa?», herrialde elebidun batean bizi ginela eta bere ama-hizkuntza euskara zela ikusi nahiko ez balu bezala.

Zuetako askori gertatuko zitzaizkizuen seguru aski antzeko pasadizoak, bai osasun-etxeetan, bai administrazio publikoan, bai saltoki zein enpresa-munduan, bai bizitza pribatuan ere.

Zenbatetan ez ote dugu entzun «Hábleme en cristiano, por favor», bi hizkuntza jakitearen ardura euskal hiztunona soilik izango balitz bezala.

Euskaraldia iristean, inguruko euskal hiztun gehienek aipatu izan didate, 24 orduak kontuan hartuta, tarte batzuetarako rol bat eta besteetarako bestea hartuko luketela: batzuek lan-munduan dituzte mugak, beste batzuek bizitza pertsonalean...

Ahobizi rola hartu izan dutenei entzun izan diet horrelakoak esaten: badaezpada ere, ez dut hartuko autobusik, erosketak non egin ondo pentsatu beharko dut... Eta hori guztia Tolosaldean, Gipuzkoa probintzia euskalduneko arnasgune batean!

Errealitatea al da, hortaz, euskara erabiltzeko eskubidea daukagula?

Adibide gisa, aipa ditzagun hizkuntza-eskakizunei lotuta aurtengo urtearen hasieran atera diren azken epaiak: Barakaldoko Udalak ezin diola euskara-maila eskatu azpikontrata bati, Uliazpi fundazioko 34 zaintzaileren postuak betetzeko oposizioan legez kanpokoa dela euskararen ezagutza aintzat hartzea, administrazio publiko batek ezin diola «inposatu» kontratatu nahi duen enpresa pribatu bati administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzea...

Tamalez, ez dira ildo horretako epai bakarrak, eta kasu gehienetan herritarren beharrei erantzutea baino pertsona edo enpresa solteen interesei erantzutea dute xede, epai hori betetzeak erabiltzaileengan zer ondorio izan dezakeen axola gabe.

 

«Bada garaia lotsak, kezkak eta beldurrak alde batera utzi eta 'Euskaraz egin nahi dut' gehiagotan esateko»



Hori kontuan hartuta, uste dut heldu dela garaia lotsak, kezkak eta beldurrak alde batera utzi eta «Euskaraz egin nahi dut» gehiagotan esateko. Ausartzen ez bagara, urrats hori egiten ez badugu, ez dute inoiz gure ahotsik entzungo, eta ez dute pentsatuko euskaraz bizi nahi dugun herritarrak bagaudela, hautu hori kontzienteki egin dugunak, nahi dugun toki eta egoera guztietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!