Ez da Altzori buruzko liburu bakarra, ordea: Manu Olano Jauregik ere idatzi baitu beste bat, aski interesgarria, gainera: Itzaletik argira, hauek ere badira: Altzo 1936-45 (2022). Gaurkoan lehendabizikoa hartuko dugu hizpide.
Aletu ditzagun liburuko kontu eta istorio batzuk.
Gure guraso eta arbasoen bizimodu latzak haienganako miresmena baizik ezin du sortarazi gugan: «Iturria gure etxe eta baserrietan ireki eta ura aterako da. Logikoa eta normala ikusten dugu. Hala ere, 'mirari' hori Altzon gertatzen da duela hamarkada batzuetatik hona; berrogeiko hamarkadatik (XX. mendea) atzera pentsaezina zen hori; beraz, imajina dezagun une batez nolakoa izan zen gure arbasoen bizimodua baserrietan urik gabe, hau da: arropa etxean garbitu ezinik, normaltasunez bainatu eta garbitu ezinik, higiene pertsonala mimatu gabe». Argindarraz beste horrenbeste esan liteke, agian.
Erlijioaren itzal luzea. «Bada oraindik ere gurutzearen seinalea egiten duena etxetik irtetean, edo ogia hasi aurretik bere gainean gurutzea egiten duena, oraindik otoitzen bat entzuten da oheratzerakoan, eta oraindik erramu bedeinkatuaren adarrek desafio egiten diete gaiztakeriei baserrietako ateetatik».
Gerra garaiko kontuak. «Oraindik gogoratzen naiz soldaduak ganbaran sartu eta goitik behera miatu zutenean, ezkutatutako norbait ote zegoen. Bederatzi urte nituen; dena begiratzen zuten, eta zerbait harrapatzen bazuten, hartu eta eraman egiten zuten; tiroketa bat ere izan zen, Altzoko menditik baselizarantz tirokatzen zuten, eta ni behiak zaintzen eta tiroak entzuten» (Joxepa Gorostidi).
Sanz familiaren automobil dotoreak ziren gure haurtzaroko lilura-iturri, eta familia horixe zen hain zuzen Altzoko Caolin-Eder meategiaren jabe. «Zonaldea biziberrituko zuen» baina nahigabea eta meategiaren gaineko baserritarrentzat amets gaiztoa ere ekarri zuen. «1935eko urtarrilean Altzoko hiru bizilagun harrizko bloke batek zapalduta hil ziren lan istripu batean […]. Lurpeko galeriak ondo eutsita ez egotearen ondorioz lurrak fisikoki irentsi zituen bi baserri».
Oraindik euskaraz egiten omen dute amets altzotarrek. «Euskaraz Agur Maria errezatzen zuten, euskaraz txistuaren eta danbolinaren erritmoan abesten eta dantzatzen zuten, euskaraz lan egin eta sufritu egiten zuten, eta ondo pasatzen zuten, eta sentitu, eta amets egiten zuten. Orain gertatzen den bezala».
Azkengabeko dolua. «Elizara joateko, amak galtzerdiak, zapatak, gona beltz luze bat janzten zituen, mantelinarekin beti, eta dena beltza. Amona ere ezagutu nuen mantelinarekin, eta alarguna zenez gero, mantelina itxi-itxi bat zeraman; garai hartan, alargunak doluz janzten ziren bizitza osorako» (Mari Carmen Unsain).
Azken bidaia. «Baserri bakoitzetik elizara joateko bide bat zegoen, eta pertsona bat hiltzen zenean, beti joaten zen kaxarekin, oinez eta bizkarrean, bide horretatik; ez zen inoiz bidezidorrik hartzen, bidea errespetatzen zen. Lehenik akolitoa joaten zen parrokiako gurutzearekin, gero apaiza eta haren atzetik segizio guztia» (Andres Agirre).