Hitzez Hitz

Ezerezaren bi ertzak

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi. Joxe Manuel Odriozola 2022ko aza. 28a, 07:57

Ateo edo fedegabeari gauza bitxi bat gertatzen zaio heriotza ostearekin. Fededunak ez bezala, heriotza osteko bizitzan sinesten ez duenaren bidaiak ezereza du destinotzat. Betirako ezereza. Destino gogorra, inondik ere. Alabaina, ezerezaren kontua ez da heriotzaren osteko kontua bakarrik; jaio aurretik ere, zer ginen?, ezereza ez baldin baginen? 

Kontua da fedegabe batzuei zer pentsatua ematen digula heriotzaren ondorengo ezerezak, baina ez digula antzeko sentimendurik sortarazten jaio aurrekoak. Ez digu axola ezerezetik etortzeak: baina, dirudienez, axola digu ezerezera joateak. Edonola ere, heriotzaren osteko destinoaz askotariko sentimenduak egongo dira fedegabeon artean; fededun izateko bezalaxe, fedegabe izateko ere modu asko baitaude.

Esan dezagun, hortaz, ezerezaren inguruko sentimenduak bi ertz dituela, munduratu aurrekoa eta munduratu ondorengoa, eta horietako batek bakarrik interpelatzen gaituela gutako batzuk.

Norberto Bobbio filosofoak zera dio gai honi buruz: «Ni nintzen ezerez hark ez zekien ezer nire jaiotzaz, nire munduratzeaz, eta hil ostean bihurtuko nintzenaz; izango naizen ezerezak ez du deusik jakingo izan naizenaz, nire inguruan egon zirenen bizitzaz eta heriotzaz, zeinen presentziak nire egunak elikatu zituen». Hitz horiei ez darie inolako hasperenik. «Zuk badakizu ezerezaren mamuak ez nauela sekula bakean uzten», dio Unamunok. Ezereza larrimin. Zizeronek ere badu iruzkinen bat: «Zoritxarrik latzena, hain zuzen, existitu ondoren ez existitzean datza». Horra ezerezetik ezerezerako bidaian sortzen zaizkigun sentimenduak. Inoiz bareak, inoiz asaldagarriak.

 

Ezerezaren inguruko sentimenduak bi ertz ditu, munduratu aurrekoa eta munduratu ondorengoa, eta horietako batek bakarrik interpelatzen gaitu gutako batzuk



Esan izan da, ez dakit mundualdi ernegatua izan dutenen kontua den soilik, baina, tira, heriotzaren zigorrak baduela zentzu edo esangura demokratikoren bat. Horrek berdintzen gaituela denok, goikoak eta behekoak, zorionekoak eta txarrekoak, eta abar. Nik ez nuke esango heriotza oso demokratikoa denik, ez behintzat hil aurretik; besterik da agian hilondokoa. Izan ere, heriotzaren ostean ezerezera egin behar dugun bidaian ez dago maila sozial eta hierarkiarik bidaiatzeko moduari dagokionez, hor ez dago aberatsik eta txirorik. Boteretsuetan boteretsuenak, errege-erreginak, eta handizki guztiak heriotzak berdintzen ditu ezer ez dutenekin. Baita oraindik orain hil den Erresuma Batuko erregina ere, mundu osoa bere hileta luzeak bezain arranditsuak gogoz edo gogoz kontra ikusi behar izan dituena, hain zuzen. Hilondoko bidaiak denok berdintzen gaitu, denok baldintza berdinetan goazelako eta denok destino bera partekatzen dugulako.

Ezerezetik ezerezera doan betierako bidaian parentesi bat omen da bizitza. Horrek ez du esan nahi, hala ere, bizitzak zentzurik ez duenik, balio moralez zipriztindua ez dagoenik. Hain zuzen ere, bizitzaren zentzuan eta balio moralean dago gako nagusietako bat, ez fededun edo fedegabe izatean. Izan zaitezke pertsona eredugarri bat fededun izanda, fedegabe izanda bezalaxe. Eta alderantziz, gauza bera: izan gaitezke torturatzaile, fededun nahiz fedegabe izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!