Ez al zion Karlos I.a erregeak, ohorezko harrera egin eta lur-globoa irudikatzen zuen armarri bat eman opari Elkanori, idazkun horrekin: «Bira eman zenidan aurrenekoa». Zergatik, hortaz, naufragio batetik bueltan datozenaren itxura hori?
Handia egin zuen Elkanok: munduari bira eman, munduak gerri-buelta biribila duela egiaztatu. Irailaren 6an bete dira 500 urte. Bide batez, gogora dezagun Elkanorekin batera bazela tolosar bat Victoria ontziko eskifaian: Pedro de Tolosa, hain zuzen. 20 urte gorrirekin itsasoratu zen, itsasmutil, eta gerora despentsari aritu zen, garrantzi handiko postua ontzi batean, halako itsasaldi batean despentsa ondo zaintzea hil ala bizikoa baitzen. Uztailean, Sanlucarrera iritsi baino bi hilabete eskas lehenago, Cabo Verden atxilotu zituzten ontziko kide batzuk, Pedro de Tolosa tartean, eta handik hilabete batzuetara iritsi ziren Sevillara. Ospakizunak eta oturuntzak apalduxe zirela, pentsatzekoa denez.
Ez dakit Elkanoren balentria horren berri ikasiko duten ala ez gure haur eta gazteek eskoletan. Ez dut euskal curriculumaren ezaguera sakonik. Abiatu berri da 2022-2023 ikasturtea, hezkuntza-lege berriak sortutako harrabotsen artean. Ipar Euskal Herrian 50.000 ikasletik gora hasi dira, horietatik %36 euskaraz. Nafarroako ikasturte honetako daturik ez dut irakurri, baina azken urteetan gora doa D ereduan matrikulatutako haurren kopurua. Eta EAEn, 361.000 ikasle pasatxok hasi dute ikasturtea, horietatik %70ek D ereduan. EAEn hizkuntza-ereduen sistema martxan jarri zenetik (1983-1984 ikasturtea) nabarmena izan da bilakaera, eta euskarazko ereduak erabat gain hartu dio gaztelaniazkoari: hasieran, ikasleen %16 hartzen zuen; orain, berriz, %70 inguru. A ereduak, berriz, ikasleen %75 hartzen zuen lehen, eta 38 urteko ibilbidearen buruan, %17 baino ez. Datuen argitan, beraz, gaur egun, Euskal Herrian haur eta gazte gehien-gehienek euskaraz ikasten dute, euskarak hezkuntza «konkistatu» du, D ereduak A eredua «garaitu» du. Zergatik, hortaz, naufragioaren sentipen hori euskarari dagokionez?
Aurreko asteburuan Bilbon izan nintzen, taxilari lanetan, alabak kontzertu batera eramaten. Lagrimas de sangre talde kataluniarrak jotzen zuen Santana aretoan. Kontzertuaren irteeran, zain nintzela, ehunka eta ehunka gaztetxo eta nerabe pasa ziren zaharruno honen ondotik, haietako asko D ereduan eskolatuak pentsatzen dut, baina guzti-guztiak gaztelania ederrean hitz eta pitz, taldearen demasako emanaldia goratuz. Naufragioaren zantzuekin hondoa jo nuen nik ere, baina Ruper Ordorikak abesten zuen moduan, «ene begiek ez zuten malko isuritzeko gogorik», odolduta aterako ziren beldurrez edo.
Bistan denez, hezkuntzak, bere horretan, ez du gihar nahikorik euskararen erabilera emendatzeko. Euskaldunak sortu sortzen ditu, gutxiago edo gehiago euskaraz egiteko gai direnak, baina ikasgelatik kanpo, erabileraren itsaso zabalean, hondoa jotzen du gure hizkuntzak. Hezkuntzak, egin litekeen legerik onenarekin ere, ezin du bakarrik; behar du ekosistema zabalago bat. Hizkuntzak, hezkuntzaz gain, behar du kultura, behar du aisialdia, behar du lan-esparrua, behar du kirola, behar ditu hedabideak, behar ditu pantailak eta sare sozialak, behar ditu sortzaileak eta batez ere behar du publikoa, behar du apustu irmoago bat administrazioaren eta herritarren aldetik, behar du euskaraldi jarraitu eta erabateko bat, erabileraren itsaso horretan noizbat Getaria jotzeko.
Euskarak hezkuntza «konkistatu» du, D ereduak A eredua «garaitu» du. Zergatik, hortaz, naufragioaren sentipen hori euskarari dagokionez?
Egun horretan, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria edo Iban Zalduaren Ipuina engainua da liburuek (berriki argitaratutako bi lan aipatzearren), Carmen Molaren best sellerrek baino irakurle gehiago izango dituzte menturaz; Berria egunkariak metarik handiena luzituko du kioskoan, gaztelaniazko prentsaren itsaso zakarrean jitoan eta erdi itoan ibili gabe; politikariek euskaraz idatziko dituzte garrantzizko txio guztiak, eta erdaraz kortesiazkoren bat edo beste; Egunean Behin aplikazioak sari milioidunak banatuko ditu milioika jarraitzaileen artean, Euskal Herriko enpresa potoloenek jarritako publizitate-bannerrei esker; Mihiluzek, audientziaren gailurrean, harrokeriarik batere gabe esango dio auzoari «Atrapame si puedes»...
Baina urruneko Getaria hori baino lehenago ez ote dugun berriro Sanlucar de Barrameda joko... Izenak izana ere salatzen baitu sarri, ez ote garen euskaldunak berriro ere «Naufragoak» izango eta besteak «Los conquistadores del fin del mundo»...