Amezketa, Pernando eta euskara

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi euskara taldea. Joxe Manuel Odriozola 2022ko mai. 30a, 07:57
Amezketako Zumadi eskolako komunitatea 2022ko Korrika Txikia ospatzen. N.R.A.

Noiz eta nola iristen da Amezketa bezalako herri euskaldun bat lehendabizi ele biko bihurtu eta gero herriko plazan umeak espainieraz jolastera? Amezketako eskolan berrogei urtez irakasle izan denaren lekukotasunak ditugu ondokoak.

«Gelan agian ez, irakaslea aurrean dagoen momentuan ez dute gaztelaniaz egingo, baina denbora libre horietan, jolas tokian, egoera naturalagoan, bat-batekoa eta pandemian, gaztelaniaz» (Eneritz Maiz Etxarri, Tolosaldeko Ataria, 2022-01-29).

Boterearen hizkuntzak maiz ez dauka bere hizkuntza modu nabarmenean inposatu beharrik. Fenomeno naturaltzat hartzen da ordezkapen prozesu soziolinguistiko hori. Are gehiago, hizkuntza arrotza gure hizkuntza bihurtzen zaigu ezari-ezarian.

«[Guraso batzuek] nahi zutena bigarren hizkuntza gaztelania ikastea zen. Guraso batzuek, umeek oso harreman gutxi zutenez gaztelaniarekin, eskatu ere egin izan zuten klase arruntak gaztelaniaz emateko ikasleek gehiago ikas zezaten».

Esan ohi da hizkuntza guztiek berez gaitasun berbera dutela. Baina hizkuntzen balio soziala oso desberdina izan daiteke. Eta balio sozial komunikatibo horren arabera, hizkuntza hegemonikoa beharrezko bihurtzen den neurrian bestea lekua galtzen hasten da. Espainierak irabazten duena euskarak galtzen du.

 

«Seguru asko gaurko Amezketa baino askoz ere autonomoagoa izango zen Pernandoren herria euskalduntasunari dagokionez»



Ez dakit Pernando Amezketarraren garaian Amezketaren autonomia soziolinguistikoa zenbaterainokoa izango zen. Alegia, euskaldun huts edo elebakarren herri hura zer neurritan zen burujabe maila soziolinguistikoan. Seguru asko gaurko Amezketa baino askoz ere autonomoagoa izango zen Pernadoren herria euskalduntasunari dagokionez. Amezketa diglosiko hura neurri batean euskaraz alfabetatua dagoen gaurko Amezketa baino errotuagoa zegoen euskalduntasunean. Inondik ere, orduko amezketarren bizimoduaren mugak eta euskararen mugak bat zetozen, gaur ez bezala.

«Gaur egun gurasoen aldetik ere ez dago jarrera militanterik. […] Lehen, oro har, Euskal Herri osoan bizi genuen euskararekiko bultzada hori, baita gurasoetan eta baita eskoletan ere. [..] Irakasleok ere borroka egin genuen euskararen alde. Gaur egungoek, ez dakit normalizatu den hitza, baina ez dute beharrezkoa ikusten jarrera berezi bat eduki behar izatea».

Joan den mendearen bigarren partean erne zen euskalduntasun nazionala, hau da, euskararen nazioa eraikitzeko gogoa, itzaltzen joan da. Gaurko euskalduntasunak daukan atxikimenduak ezer gutxi du kontzientzia nazionaletik euskaraz bizi diren udalerri txikietan ere. Diotenez, Amezketako kale erabilera %84,9koa da. Ez dago gaizki. Baina erabilera hori batik bat iragan euskaldunaren ondare moduan transmititu den inertzian oinarritzen dela esango nuke. Jadanik ez da nahikoa euskara transmititzea, transmisioak zentzu politiko nazionala izan behar du espainierari aurre egingo badiogu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!