Elkarrizketa

«Jendeak gaztelaniaren presentzia bere etxean sartzen utzi du»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urt. 29a, 07:57

Nekane Bautista errenteriarra Amezketan bizi da aspalditik, eta berrogei urtez izan da bertako eskolan irakasle. Bi urte da erretiroa hartu zuela, eta gizartea aldatu den moduan, haurrak ere aldatu direla onartu du, eta baita haurrek darabilten hizkuntza ere.

Zenbat urte egin dituzu irakaskuntzan?

40 urte. 80-81ean hasi nintzen eta Errenteriatik etorri nintzen. Euskaldun berria nintzen, eta herri euskaldun batera joan nahi nuen, eta euskaraz bizi nahi nuen erabat. Beste neska batek eta biok kasualitatez erabaki genuen Amezketara etortzea.

Hasiera-hasieratik egon zara, beraz, Amezketan?

Bai. Beste neskak alde egin zuen, baina ni bertan gelditu nintzen bizitzen, eta bertan jarraitu dut bizitzen. Iaz hartu nuen erretiroa.

Amezketan gaztelaniaren bilakaera bertatik bertara ezagutu duzu.

Bai. Gaztelaniako irakasle ere izan naiz. Feli Etxeberria amezketarra unibertsitateko irakasle izanik, lan bat egin genuen bigarren hizkuntza moduan haur euskaldunei gaztelania nola erakutsi ikusteko.

Duela 40 urte nolakoa zen Amezketako giroa?

Erabat euskalduna zen. Gaur baino haur gehixeago zeuden. Biztanleria aldetik ere herri handiagoa zen, 1.200 biztanletik gora. Ikasle askok eta askok gaztelaniarekin ez zuten inongo harremanik. Guk gaztelania bultzatzen genuen bigarren hizkuntza moduan. Herritar askorentzat euskara zen lehen hizkuntza, inongo zalantzarik gabe, eta oso normalizatua zegoen. Beraiek nahi zutena bigarren hizkuntza gaztelania ikastea zen. Guraso batzuek, umeek oso harreman gutxi zutenez gaztelaniarekin, eskatu ere egin izan zuten klase arruntak gaztelaniaz emateko ikasleek gehiago ikas zezaten.

Garai hartan ez zen euskararik ez zekien familiarik?

Garai hartan ez. Gero, gogoan dut familia bat etorri zela, eta gurasoek ez baina semeek euskara ikasi zuten oso azkar, inguru guztia euskalduna zutelako. Ez zen inolako lanketa berezirik egin behar izan. Murgiltze sistema zen, eta ez eskola aldetik bakarrik, herri aldetik ere bai. Duela 30 bat urteko kontuez ari naiz.

Irakaskuntzan aldaketa handia eman da. Haurrak ere aldatu dira?

Bai. Oro har, gizarte osoak izugarrizko aldaketa bizi du. Niretzat bi edo hiru faktore daude oso-oso garrantzitsuak: pantailaren mundua izugarri aldatu da, globalizazioa, eta gero gizarte politika-sozialak aldatu direnez, Euskal Herrian ere, herri txiki bat izateko etorkin asko ditugu. Dozena bat familia izango dira etorkinak direnak. Errealitate horrek, hizkuntza aldetik ere izugarrizko eragina izan du.

Gaur egungo umeek, Input deitzen dena, hau da, gaztelania gehiago ari dira barneratzen, nahiz eta lehen urteetan mingainera ez eraman. Gehien bat esango nuke pantailen bidez barneratzen dutela. Eta sozialki oso gauza berezia gertatu da. Garai bateko gurasoak ez ziren oporretara joaten, eta gaur egungoak bai. Normalean seme-alabekin doaz, eta opor tokiak, kanpinak, askotan mediterraneo aldean izaten dira, eta umeei zuzendutako gauzak bilatzen dituzte. Umeak, beste umeekin harremanetan sartzen dira, eta lagunak egiten dituzte.

Zer frogatzen dute? Hainbeste urtetan egin duten input hori, mingainera ekarri dezaketela. Emozionatu egiten dira horrekin, eta ikaragarri gustatzen zaie gazteleraz egitea. Gai sentitzen dute euren burua.



Eta zenbat urterekin hasten dira?

Lau edo bost urterekin hasi daitezke. Haur Hezkuntzan egon naiz, eta azken bi urteetan harrituta geratu naiz. Etorkin bat etorri zen gazteleraz hitz egiten zuena, eta bat-batean gelako guztiak gazteleraz hitz egiten hasi ziren berarekin harremanetan jartzeko. Bera oso irekia eta mugitua zen, eta azkenean gela osoa gaztelaniaz hasi zen, eta behin eta berriz esan behar izan genien horrela ez zuela euskaraz ikasiko.

Hor tartean dago kontzientzia. Euskaldunak diren momentutik, normalizatua dute eta beraien hizkuntza da, ez dute kontzientzia berezi bat euskaraz egiteko. Ez dute jarrera militanterik, beraiek badakite euskara berea dela, normalizatua dute, baina bigarren hizkuntza hitz egiten dute.

Normalizatua dute gaztelaniaz hitz egitea ere?

Ez da normala beraientzako, edo nik ez dut uste normala denik, baina gai dira bigarren hizkuntzan hitz egiteko eta egin egiten dute.

Eta hizkuntza aldetik noiz hasten da aldaketa hori ematen?

Harridura sortzen duten egitura batzuk ere badaude; aspaldi harritu ginen nola sartu ziren ikusi nizun modukoak. Baina horiek esango nuke beste euskaldunekin hitz egiten sortutako akatsak zirela. Akats bat zen. Baina jada duela hamar urtetik hona egituran ari gara antzematen hizkuntza galera dagoela. Esaterako, juten gea jolastea?. Hori Amezketan ez dugu behin ere entzun, beti jungo al gea jolastea? izan da. Juten gea gaztelaniatik egindako itzulpen literarioa da. Euskara beste jende batengana zabaldu da. Gaur egun kopuruz etorkinen aldetik hiztun gehiago dago Amezketan , baina hiztun horiek gaztelaniako egiturak dituzte eta itzulpen literarioak egiten dituzte, eta bertakoak kutsatzen ari dira. Gaur egungo guraso gazteak horretaz ere konturatzen dira. Zergatik esan beharrean zeba da beste bat, eta zeba hori erabiltzen dute galdetzeko ez ezik erantzuteko: zeba ez zait gustatzen. Hori ere kutsadura bat da. Nik esango nuke 10-12 urte badirela horien gisakoak entzuten hasi ginela.

Telebista eta sare sozialez zer aipatuko zenuke. Hutsunerik bada?

Gaur egungo eskaintza ez da bakarrik telebista. Youtube eta edozein bideo dira, eta gero eta gehiago uzten zaio mugikorra umeari. Jokoak ere hor daude. Gauza asko daude eta ez bakarrik telebistan. Agian Euskal Telebistan dagoen eskaintza ona da nire ustez, baina ez da bakarra garai batean bezala. Aukera gehiago dago, euskaraz dagoena nahiko ona dela esango nuke, eta umeek ikusten dute, baina gehiago jotzen dute beste aukera batzuetara, beste pantailetara. Eskaintza pribatuak dituzte, tableta ikasle asko eta askok dute etxean, mugikorra... eta dena gaztelaniaz da.

Ikusten dutenaz haurrek hitz egiten dute?

Gaur egungo gurasoek prestakuntza handiagoa dute, ikasketa aldetik jantziago daude, beraz, gurasoek ere, eskolaz gain badakite neurtzen zein aukera dauden. Sarbidea dute aukera horietara. Lehen agian eskolaren bidez jakiten zuten, eta orain, agian, irakasleak jakiterako haurrek badakite, eta umeak etortzen dira esanez filma ikusi dutela-eta. Coco filma dut gogoan. Hizkuntzari baino lehen kalitateari asko begiratzen zaio, eta gaztelaniara jotzen dute. Gaur egun gurasoen aldetik ere ez dago jarrera militanterik. Euskara hainbeste normalizatu da, non jada ez da beharrezkoa eta kontzientzia hori galdu da. Lehen, oro har, Euskal Herri osoan bizi genuen euskararekiko bultzada hori, baita gurasoetan eta baita eskoletan ere. Izan ere, gurasoekin asko borrokatu behar izan genuen euskarazko eskola izateko, euskal eskola publikoa izateko. Irakasleok ere borroka izan genuen euskararen alde. Gaur egungoek, ez dakit normalizatu den hitza, baina ez dute beharrezkoa ikusten jarrera berezi bat eduki behar izatea.

Orduan, berriz ere egoera buelta ematen ari al da?

Zaintzaile izan daitekeen jarrera hori ez daukatelako, agian, jendeak bere etxean gaztelaniaren presentzia hori sartzen utzi duela iruditzen zait. Umeek harreman gehiago daukate gaztelaniarekin. Duela hiru edo lau urte, plazan, arratsaldean, momentu batean, 12 urte ingurukoak etorkin bat tarteko futbolean jolasten denak gaztelaniaz jo eta ke. Euskararekiko beste garai batzuk ezagutu ditugunontzat gogorra egiten da. Beraiek ez dute ezer txarra bezala ikusten, alderantziz. Beraiek ez dute sentsaziorik euskararen galera eduki dezaketenik. Oso seguru daude euskararekin. Beste faktore bat ere bada, eta ez dakit globalizazioa den, guraso berriak ere gehiago atera dira kanpora bikotea bilatzeko ere, eta bikote asko daude gaztelaniadunak, nahiz eta, euskaldun berriak izan gero, baina familia nukleo horretan gaztelaniaz egiten da.

Irakasleen artean bada kezkarik euskararekiko?

Ni izan naizen artean bai. Hizkuntz normalizaziorako planari lotuta batzorde bat genuen irakasleen artean, eta nik erretiroa hartu nuenean, hori ere zalantzan jartzen zen, batik bat, murrizketekin jendea lanpetuta zebilelako.

Eta batzorde horretan bazen kezka gaztelania indarra hartzen ari denarena?

Bai, bai. Ez dugu behin ere ikusi euskara galtzearen arriskua, agian, beste fase batera pasa gara. Eskualdean aitzindari izan garen moduan eta zorionduak ikasleek zuten euskara mailagatik, jaisten joan da. Guk, esaterako, Amezketako eskolan asteazken arratsaldeak formakuntzarako izaten genituen, eta beti hiruhileko bat eskaini diogu euskararen mailari. Asko hausnartu dugu euskararen egoeraz, aitzindari izatearen garrantziaz... eta gaur egun ez dago. Nik uste dut gaur egun aitzindari izate hori aldatu daitekeela, baina agian bi edo hiru urte itxaron beharko genuke eta azterketa on bat egin beharko litzateke bilakaera zein den jakiteko, eta kalitate aldetik txarrera egin duen ala ez ikusteko. Globalizazio garaian gaude, eta gerta daiteke hibridazio hori, eta gertatzen ari da, bi hizkuntza, bi kultura elkartzen direnean. Eta beste gauza bat da eta ez litzaidake batere gustatuko ghettoak egotea. Nik nahiago dut etorkinak euskalduntzea naiz kalitatea jaitsi, eta ez beraiek ghetto erdaldun bat bihurtzea. Azterketa sozial bat ere egin behar da bazterketarik ez egoteko eta ghettorik ez sortzeko.

Nola eragiten du gela batean euskararik ez dakien ikasle bat edo gehiago izateak?

Neurri bereziak hartzen genituen hasieran, baina gero konturatu ginen, beraiek ere input urte batzuk behar dituztela, gero beraiek beren mingainetik ekoizten eta produzitzen hasteko. Orduan, askotan, beraiek euskara ikasita ateratzen dira. Bi edo hiru urterekin hasi badira, zazpi-zortzi urterekin euskaraz egiten dute gehienek. Zazpi urterekin badago pentsamendu garaia.

Baina zortzi edo hamar urterekin iristen bada?

Ezintasuna nabaritzen dioten kasuan dela bakarrik esango nuke, baina gaztelaniaz hitz egiteko joera dute. Ikusten badute gai dela euskaraz egiteko inongo arazorik ez dago.

Jolastokian zer gertatzen da?

Gelan agian ez, irakaslea aurrean dagoen momentuan ez dute gaztelaniaz egingo, baina denbora libre horietan, jolas tokian, egoera naturalagoan, bat-batekoa eta pandemian, gaztelaniaz. Hala ere, esango nuke gaur egun gutxiago. Momentu honetan ez dagoelako zailtasunik duenik. Gaur egun gehiena euskaraz hitz egiten da Amezketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!