Hitzez Hitz

En Tolosa inauteriak!

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi - Ramon Olasagasti 2022ko ots. 25a, 08:59

En Tolosa inauteriak, Txema el bajo tiende colada una porra salchichon, pero que coño haces tu sin disfrazar… Eta bai, mozorroa jarrita bagoaz kalera, gu bezelakorikan ez baita Tolosako herrian. Ordea, nor gara gu, zer gara gu… Pin, pin, Pintxanatarrak gu gera. Ez, ez, gaur txantxo naiz, bihar txantxo… Ta txantxori txantxetan ibiltzea gustatu. Izan ere, zenbat Pello ziri-ziri Tolosako herrian. Pocofino eta Pocatripa, eta ni, galtzak bete lan, Galtzaundi. 


Jaiki guztiok goiz kantaren soinura eta ez galdu ondoren datorrena danbolin hotsak eta txaranga alaiak egin dezaten gure gozamena… Dianak tolosarren bihotzean diana jo, ta hor doaz denok pitxi-pitxi polit bat, apain-apain jantzita, neskatil pospolin, pirrin, ezpain gorri, begi urdin, polita ta krabelin, da baguaz da baguaz kantari, alegrantza emanaz herri guztirari, gozamena baita Galtzaundi esaten dioten honentzat, txarangaren doinuan jendea euskaraz kantuan entzutea. 

Eta Ikusi nuenian, nik zure sudurra, iruditu zitzaidan, moñoña, lukainka muturra… Edo una porra salchichon esan beharko nuke? Izan ere, beste hark esan zuen bezala Canciones bonitas nahi nituzke jarri, para los carnavales entretenigarri, riñendo estuvieron senar emazte bi, diciendo disparates batak bestiari. Firin-faran euskara eta gaztelania darabilten senar-emazte bi, hori baita, finean, Tolosan inauteri, baina zer nahi duzue esatea, Galtzaundi naizen aldetik, euskara gehiago gustatzen niri. Beraz ba, adiskide maiteok, ekin bai lanari. Artillero dale fuego… Eta su-piztaile sutsuenetakoak Inpernu kaleko apopilo berriak: zer disko dotorea kaleratu duten Arco Iris elkartekoek 75. urteurrenaren harira...

Ta Ikusi nuenian, zure belarria, iruditu zitzaidan, moñoña, azaren orria. Hara zer mozorro dotoria, Belarriprest bat jantzirik azaren orria. Ta Pello Ziri-Ziri bera ahobizia, prest edonori sartzeko ziria. Eta hor doaz belarriprest aza-orria eta ahobizi Pello Ziria, zinbuluka eta zanbuluka ta jendearen atzetik, Mugi-mugi (Baila Negra) abestuz, Xabier Telleriaren euskarazko moldaketa dotorean: Mugi, mugi gorputz hori gogotsu zure dantzak jartzen nau dantzan, berdin zait gorria izan, horia, zuria edo beltzarana. Dantzan hasitakoan nahiz ta gorriak ikusi ez gara gorritzen txantxo azpian. Ederra litzateke bai ederra Tolosako inauterietan euskara gehiago dantzatzea, mozorroen azpian eta konpartsa eta karrozen gainean.

Kasurako, Iñautesessionseko lagunek egiten duten bezala, Astelehenita gauez Rondilla kalean, bihotzari segiozu, askatu barrenak aldarrika, bizitza behin bizitzen da, gurea hemen da, zurea hemen da, uztartuz euskara, umorea eta musika. 

Aizak, jozak, jozak! Aizan, jozan, jozan! 
Euskaraz ahal bada.
Ai, ene!, nik ere nahi nuke.
Oi, ene! Zuk nai bazenduke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!