Hitzez Hitz

Ardatza ostu digute

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi - Joxe Manuel Odriozola 2022ko urtarrilaren 31

Euskara ardatz duen hezkuntza sistema antolatu behar omen dugu Euskadin. Gaur bertan Miren Gorrotxategiri honelako zerbait aditu diot irratian: «Euskara ardatz egituratzailea duen hizkuntza eredu eleaniztunari bide eman behar diogu». Elkarrekin Podemos-IU-k egindako proposamena, hezkuntza ituna lortzeko prozesuaren barruan.

Arnas Dezagun ekimenaren izenean, berriz, Erkuden Barandiaranen proposamenak ere ardatz kontuak aipatzen dizkigu: «Arnas Dezagunek eskola-eredu inklusiboa eta guztiz solidarioa proposatzen du, baina euskara ardatz (eta ez gaztelera edo frantsesa, orain gertatu bezala), inklusioa eta elkartasuna etxetik hasten baitira, eta ez etxekoak (ez beste inor) baztertuz eta zokoratuz».

Hain zuzen, Euskadi Irratiko Faktoria saioan «adierazpen zakarrak» egin omen zituen Miren Gorrotxategik Arnas Dezagun (AD) ekimenak argitaratutako manifestuaren gainean. ADren proposamena «negargarri eta klasistatzat» jo zuen nonbait politikariak. Kontua da euskal hezkuntza sistemaren berrantolamenduan alderdi politiko batzuek euskara ardatz gisa ezarri nahi dutela. Baina igaro diren hamarkadak igarota, ikusiak ikusita, euskaltzale argiari sinesgarriak egiten ote zaizkio euskarari ardatz izaera aitortzen dioten alderdi politikoen asmoak? Oraingoan ere mutiko pijoren (politikoren) batek ez ote digu gurdiaren (hizkuntzaren) ardatza ostuko bertso herrikoian (Bautista Bazterretxe) bezala? Ni baiezkoan nago.

Euskaltzale argiari sinesgarriak egiten ote zaizkio euskarari ardatz izaera aitortzen dioten alderdi politikoen asmoak?

ADren ekimenaren espirituan sinesten dut, baina ezinezkoaren zerumugan kokatzen dut proposamena. Hizkuntza minorizatu bat, eta horixe da euskararen kasua, bihur ote daiteke hezkuntza sistemaren jarduera komunikazioan ardatz izaera duen mintzaira hegemonikoa? Zeren eta ardatzaren proposamena egiten duenak badirudi euskara ezarri nahi duela funtzio hegemonikoan, baina nago halakoak ez dakiela oso ondo hegemoniaren izaera zertan den.

Euskal soziolinguistikaren ekarpen teoriko gehienetan ez da behar bezala zehaztu hegemoniaren kontzeptua, eta hegemonikotzat jo izan ditugu euskararen arnasgunetzat definitu ditugun gune guztiak. Horrela, esaterako, ikastetxe bat ere gune hegemonikoa izan daitekeela uste izan dugu, ikastetxe horretan komunikazioaren ardatz nagusia euskara baldin bada. Alabaina, ardatzaren kontzeptua ezin da hegemoniarenarekin parekatu, hegemoniaren egitekoa ez delako egitura mikro batera inoiz mugatzen. Euskaldunok ez dugu arnasarik hartuko euskaraz, euskarak nazio hizkuntzaren funtzio hegemoniko batzuk bereganatzen ez dituen bitartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!