Hitzez Hitz

Arnasa gara

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Olasagasti 2021ko mar. 29a, 08:58

Uemaren 'Arnasa Gara' kanpainaren irudia.

Euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen herriek, arnasguneek, Arnasa gara kanpaina abiatu dute bigarrenez. Arnasgune diren udalerrietako herritarrei aitortza egitea, hizkuntza ohituren inguruan hausnarketa sustatzea, arnasguneetako herritarrak euskaraz hitz egiteko ahalduntzea, horiek helburu nagusiak. 

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk elkarrekin aurkeztu dute ekimena Etxarri Aranatzen. COVID garaiotan mugez gaindi, Nafarroak eta EAEk eskutik. Poztekoa. Birika biak behar baitira, arnasa hartzeko, Xalbadorren bertso haiei hats emateko: herria da gorputza, hizkuntza bihotza…

Tolosaldea, osotasunean, birika sendoa da euskararen gorputz horretan. Izatez, eskualdeko herriak euskaldunago izan dira betidanik Tolosa bera baino. Berrobitik Samaniegora eta Orixera ikastera jaitsi ginen garaian jabetu ginen zer iturritatik edaten duen Oriak euskara kontuetan ere, epizentrotik zenbat eta urrunago, orduan eta garbiago. Paper-fabriken garai haietan, ibaiak kolore itsusi samarrak hartzen zituen Tolosako pasaeran. Aldiz, arnasa bezain oharkabean ateratzen zitzaien berastegiarrei, lizartzarrei, larrauldarrei eta beste herri txikietakoei euskara. «A lo», «en plan» eta gisako makulurik gabe, hika garbian. Samaniegon eta Orixen ibiltzen ginenon artean tolosarren bat edo beste ere izaten zen, eta antzematen zen aldea, kalekoagoa zen haien euskara.

Azken urteotako datuek erakusten dute arnasguneetako eta herri txikietako erabilera zertxobait apaldu dela, eta, aldiz, Tolosan ezagutzak eta erabilerak gora egin duela. Ez dugu ospatu zaharra azken kale-neurketan lehen aldiz euskara gehiago entzun dela Tolosako kaleetan erdara baino. Berri ona da euskarak kalea hartzea. Ez horrenbeste gaztelania herri txikietan kukutzen hastea. Ibilian-ibilian, irudipena dut, oro har, herri txikietakoak hobeto moldatzen garela erdaraz lehen baino, eta kaletarrak hobeto moldatzen direla euskaraz lehen baino. Euskaraz oraindik ere sumatzen da aldea herri txikietatik kalera, baina esango nuke Araxes, Amezketa edo Eldua errekek Oriarekin bat egitean, ez dela lehen adinako diferentziarik nabaritzen. Euskararen kolorea antzerakoa dela.

Herri nahiz kale, Tolosaldea osotasunean arnasgune bat da Euskal Herrian, Amazonas linguistiko koxkor bat, Euskal Herrian beste zenbait oasi bezala. Nola zabaldu, ordea, oasi horien hedadura? Nola eragin arnasguneetatik? Lan kontuak tarteko, aurreko astean Bilbon izan nintzen, eta eskafandra jantzita, zinez prestatuta joan nintzen apnearako. Belarriak prest eraman nituen, kale-neurketatxoa egiteko, eta ahobizi izateko asmo sendoa ere bai. Egun osoko jardunean, ordea, «eskerrik asko!» bakar bat jaso nuen ordain, eta euskaraz hitz alerik gehiago entzun gabe egin nuen etxerako bidea. Murgilaldi etsigarria eta itogarria izan zen erdararen ur abisaletan.

Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak 2015eko Korrikarako idatzitako mezu eder haren oihartzuna ekarri dit Arnasa gara kanpaina honek:

«Auzia ez da izan ala ez izan.

Kontua ekitea da.

Eta nor izatea, herri hau euskaraz eta euskaratik arnas berriz sortu, birsortu eta ahalduntzeko.

Eta nor izatea, euskahaldunduz guztiok ahaldunduko gaituen herri bat sortzeko.

Izatea ekitea da.

Egiten duguna gara».

Egiten duguna gara. Pernandoren egia, baina Pernandoren Amazonas honetatik kanpo, baita birikan bertan ere, sarri samar ahanzten zaiguna. Arnasa hartzen dugun bezain oharkabean, natural, ariko bagina euskaraz, jakin eta egin sinonimoak balira, ez bagenu ibili beharko aldiro-aldiro aldarri egiten Ahora, Arnasa gara, Egiten duguna gara eta gisakoak... Baina zoritxarrez, gurean aditzak beste era batean jokatu beharrean gara: izatea ez da nahikoa, kontua ekitea da; jakitea ez da aski, egitea da beharrezko; arnasa hartzea ez da nahikoa, arnasa ematea ere ezinbestekoa da…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!