Hitzez Hitz

Dezente, asko eta ikaragarri

Erabiltzailearen aurpegia
Euskaraldiako txapa banaketa Ikaztegietan. E.MAIZ

Sei mila eta bostehun ahobizi; mila belarriprest; guztira zazpi mila eta bostehun parte-hartzaile Euskaraldian. Asko da? Gutxi? Espero zitekeena? Ezustekoa? Nondik begiratzen den, hala ikusten omen dira gauzak. Norberak bere buruari egiteko galdera, beraz: zer ikusten du bakoitzak zenbaki horien atzean, aurrean edo aldamenean? Nondik begiratzen diegu datuei? Zein zorutan finkatzen ditugu oinak?

Nireek pittin bat atzera egin dute egunotan; bi edo hiru pauso, gutxi gorabehera neure burua ere ikusteko adina distantzia hartu arte. Eta pentsatzen jarri naiz zazpi mila eta bostehun lagun jende dezente dela berrogeita zortzi mila biztanleko eskualde batean. Asko direla mila belarriprest, Tolosaldea osoan ez dela egongo inor horietako bat behintzat ezagutzen ez duenik, eta despistatuena ere ohartuko zela badela aurrez espero ez zuen norbait euskaraz egin diezaion eskatzen diona. Gainera, eskatu ez da utziedo ahalbidetu, eskatu da eskatu. Eta pentsatu dut, baita ere, dezente eta asko baino gehiago direla ahobiziak, bizpahiru pausoko distantziatik esango nuke ikaragarri direla, euskaraz aritzea ez baita euskaraz jakitea, aritu da aritu, aritu da ekin.

Eta hor hasi naiz imajinatzen, bi edo hiru pausok ematen duten distantziatik, neure burua eta beste mila laurehun eta laurogeita hemeretzi ni bezalako, topatzen dugun edonori euskaraz, gure herrian eta ondokoan (urrutirago ezin joan), etxean, okindegian, telefonoz, sare sozialetan, lantokian, unibertsitatean, ametsetan… Egia ote? Mila eta bostehun ahobizi berrogeita zortzi mila biztanleko eskualdean.

Asko da? Gutxi? Espero zitekeena? Ezustekoa? Nondik begiratzen den, hala ikusten omen dia gauzak

Ezin izan diot orduan distantziari eutsi, eta atzera emandako bizpahiru pausoak eman ditut berriz aurrerantz. Urduri, aztarrika bilatu dut kalkulagailua, eta gogotik ekin diot lanari: berrogeita zortzi mila lagunetatik, ehuneko hirurogeita hamalauk ezagutzen du euskara, alegia, hogeita hamabost mila bostehun eta hogeik. Azken hauetatik ehuneko hemezortzik baino gehiagok egin dute, ustez, ahal duten guztiekin eta guztietan euskaraz Euskaraldiak iraun duen artean. Ez dezente, ez asko eta ez ikaragarri: beste adjektiboren bat beharko genuke urte guztian hori eginda erabilera datuetan gertatuko litzatekeena adierazteko; hala iruditzen zait, behintzat, distantziarik gabeko euskaltzalearen lurretik.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!