Atera ditzala nork bere ondorioak. Aditzaile onak aski omen ditu bi hitz.
Izan ere, bizi dugun egoeraren ispilu bide da ETB. Halako itxurakerian edo, nahi bada, kontraesanean bizi gara: gurean ETB1 ez da lehena, ETB2 baizik. Eta bat esaten duenak euskara esan nahi du, eta 2 esaten duenak gaztelania. Hauteskunde gaueko saioarekin gertatu zen moduan, gu Ur Handitan erdi itoan gabiltza beti, eta Conquis-en jarraitzaileak, Karibeko itsaso turkesetan, audientziaren aparretan.
Euskararen gaira etorrita, lehen ere maiz samar azaleratu izan zaigu arrangura: euskaraz dakitenen erdiak egingo balu, euskaraz dakitenen erdiaren laurdenak erosiko balu Berria, irakurriko balitu euskarazko liburuak, kontsumituko balitu euskal produktuak… Eta zer nahi duzue esatea, beti zornetan dagoen arrangura horri ez diot sendabiderik ikusten, ezpada gure burua sosegatzeko hartzen dugun pildora lasaigarri hori: «Guztiok ditugu gure kontraesanak».
Izan ere, inor zahagi-zakutzat hartu gabe, gu geu gara Conquis ikusten dugunak, ETB1eko albistegiei muzin egiten diogunak, tabernan eta kioskoan «periodikua» (alegia DV edo Correo) erosten eta leitzen dugunak, firin-faran etengabe euskaratik gaztelaniara lerratzen garenak, hitzetik hortzera gaztelaniazko makuluak sartzen ditugunak, publizitate-kanpaina eta administrazioko dokumentu guztiak, txio asko eta asko, gaztelaniaz pentsatu eta ekoizten ditugunak, gero, onenean, euskarara ekartzeko…
Halako itxurakerian edo, nahi bada, kontraesanean bizi gara: gurean 'ETB1' ez da lehena, 'ETB2' baizik
Euskara maite dugu, baina errazagoa zaigu gaztelaniaz irakurtzea, errazago komunikatzen gara erdaraz… «No se», guztiok ditugu gure kontraesanak.
Aurtengo urtea ere kontraesan erabatekoan doa, COVID-19a dela eta ez dela. Udaberria pikutara joan zitzaigun, gero bi hilabeteren buruan kilkerrak baino alaiago atera ginen eguzkitara, kri-kri-kri, gorputzari lizunak kentzera, eta orain auskalo, udako oporraldia ez ote dugun berriro ere gure kilker-zuloetan pasa beharko. Sanjoanak joan zitzaizkigun, «ez-sanferminak» deiturikoak ere bai («entzierroan» harrapatu ez gintuenean), Mari Jaiak jai du aurten, baita eskualdeko herri txikietako festa guztiek ere… Taberna batzuk behin-behinean itxita ditugu, beste batzuk ordutegi murriztuarekin… Udak zer ekarriko, batek daki.
Agintarien aginduak ere kontraesanen segida amaigabea dira: lehen eskularruak nahitaezkoak ziren, gero ez, hauteskundeen aurretik maskara gomendagarria zen, gaur derrigorrezkoa… Zer esan hura egin, halaxe gabiltza. Urrats bat aurrera eta bi atzera.
Urtea doan moduan, udazkena nola etorriko den auskalo. Pauso honetan, beldurra ere ematen du azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarteko Euskaraldiak ez ote gaituen itxialdian harrapatuko… Ahobizi eta Belarriprest guztiak lau pareten artean gatibu. Horregatik, zer gerta ere, uda honetan, zuek ez dakit baina ni Euskaraldiari ekitera noa. Maskararekin bada ere ahobizi. Euskaraldia iristen denean edo amaitzen denean, ez dezadan esan «guztiok ditugu gure kontraesanak».