Zorionak: Euskaraldiak batu egin gaitu

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi 2018ko abe. 4a, 13:14

Amaitu da Euskaraldia, 11 egun euskaraz ariketa soziala. Euskaraldiaren biharamunean gaude eta bateren batzuk ajea ere izango duzue akaso.

Eskerrak emateko garaia da. Eskerrak emateko garaia da ariketan parte hartu duzuen 8.100 Ahobizioi eta Belarriprestoi. Kontzeptu horiek ezin dira egun batetik bestera ulertu eta baliteke askok zuen rola zein zen ez garbi jakitea. Rolak ezin dira bereizi hizkuntza jakintzaren arabera, norberak hartu nahi duen konpromisoaren arabera baizik, baina ideia hori barneratzea urteetako kontua izango da.

Euskaraldia ez da amaitu, hasi baino ez da egin. Hemendik 30 urterako eskenatokirako prestatzen hasi zarete. 30 urte barru, D ereduari eskerrak Euskal Herri osoan ulertuko baita euskara eta orduan hasiko baitzarete Ahobiziok benetako partida jokatzen. Azken hamaika egunei eskerrak badakizue nola jokatu behar duzuen eta egunero-egunero praktikan jartzeko ordua heldu da.

Ahobizioi kosta egingo zaizue oraindik, ohiturak aldatzea ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina, lehen harria jarri duzue. Eta kontzeptuak barneratu ahala, geroz eta Ahobizi gehiago izango zarete.

Belarripresten kasuan, asko agertu zarete, baina oraindik asko daude beren armairutik atera gabe. Txapa jarri gabeko Belarriprest asko ikusi dira azken hamaika egunetan, eta gehiago azaleratuko dira denboraren joanean.

Bai, asko dago egiteko. Hasi besterik ez garelako egin. Baina, 26 herrietako batzordeei eskerrak asko egin da. Izugarrizko lana egin duzue eta Benito Lertxundik dioen moduan: "Kantu bat laburra da eta pentsa zuk, esaten ez dizudan hartaz”.

Herrietan sortu diren dinamikei jarraipena emateko garaia da. Sortu diren sugarrei haize eman eta sutondo epel gehiago eta beroagoak sortzeko garaia; horixe da Galtzaundi Tolosaldeko euskara elkartearen nahia. Zuek jakin ala ez, dagoeneko bazarete Galtzaundikide, horixe baita herri aktibazioak behar duena: norbere herritik eta norbere herriarentzat euskalgintzako lanean diarduten bolondresen multzoa.

Eta Galtzaundikide zarete baita txapa jantzi duzuen guztiok ere, zuen hizkuntza ohiturei astindua ematea erabaki duzuelako. Eta baita txapa jantzi gabe, inguruari aldatzen utzi diozuen eta oztoporik jarri ez duzuenok ere.

Euskal Herrian, oro har, oraindik ulermena ez da erabatekoa eta zaila da euskaraz egunerokoan bizitzea. Baina Tolosaldea oasi bat da. Gure eskualdean euskaraz bizi gaitezke. Denborarekin, Tolosaldea bilakatu behar da Euskal Herria eta horretan, euskararen bihotzean zaudeten tolosaldetarrok baduzue zer eta non ereina eta eragina.

Zuek izan behar duzue edozein lekura joanda ere euskaraz hitz egiten lehenak eta besteak ulertzen duen neurrian, euskaraz jarraitu behar duzuenak. Hamaika egunek zerbait erakutsi badute, paradigma aldaketa delako: euskaraz egiten dizunari euskaraz egitetik, euskara ulertzen dutenei euskaraz egitera pasatzea. Ikusi da besteak gazteleraz erantzuteak ez duela esan nahi zuk gazteleraz egitea nahi duenik. Irribarre, begirada eta keinu txiki asko ikusi ditugu, eta horiek aintzat hartuz, bide berriak jorratzeko garaia da.

Zorionak eta bihotz-bihotzez eskerrik beroenak hau guztia posible egin duzuen guztioi. Euskaraldiak batu egin gaitu.

Galtzaundi Euskara Taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!