Hitzez Hitz

Prest?

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Olasagasti 2018ko urr. 29a, 20:16

Belarriak zutitu lagunok, adi egon, ate joka da Euskaraldia. Garai batean belarrimotz esaten zitzaien haiek gaur belarriprest dira, batzuk behintzat, belarri bat emateko prest daude, desiratzen, gure euskarari belarria, ahoa, hatsa eta ahotsa emateko, ahobizirik biziena ere aho bete hortz uzteko, euskarara hurbildu eta aho txikiarekin bada ere, belarrien hegalera esateko, «Nik ere euskaraz bizi nahi dut».

Eta ahobiziak ere prest dira, buru belarri euskaraz jarduteko, ahoberokeriarik gabe baina ahobetez, hitzetik hortzera, ahotik ahora, aholkuak alde batera utzita, ahots gora, euskarari aho-soinu gozo hori ateratzeko, gure hizkuntzak ahotik ahorako arnasketarik behar izan ez dezan, aho bizarrik gabe esateko, «Nik ere euskaraz bizi nahi dut».

Eta belarriprestak ahobiziari, «nik ez dakit ondo ahoskatzen s-z-rik», eta ahobiziak belarriprestari, «ba ni belarriluzea naiz baina ez daukat zuk adinako meriturik». Eta belarria jartzen, belarria egiten, «Egun on» eta «Eskerrik asko» esatetik esaldi gero eta luzeagoak ahoskatzera, «Mayor Oreja»-ren hizkuntzatik, senperrenak ikusi arren, Senperrek ere bere egin duen hizkuntzara jauzi egitera animatuko dira batzu-batzuk, hitzari belarria emanez, eta gero eta adore handiagoz ausartuko dira esatera, «Nik ere euskaraz bizi nahi dut».

Eta ahobizi batek besteari, «ai, euskara ahotan hartzen duten horiek ahora eramango balute beti!» eta belarriprest batek besteari «gaur euskaraz ari zaizkidanak ariko balitzaizkit beti!». Eta ahobiziak hitzetik hortzera gaztelania darabilen euskaldun zaharrari, «ai, buruz belarri egiten duten horiek, ez entzunarena egiteari utzi eta jarriko baliote belarria euskarari!». Eta belarriprestak ahobiziari «ai, Euskaraldiak iraungo balu beti!». Eta ahobiziak ahobiziari «ai euskarak ez balu beharko Euskaraldiarik!». Izan ere, orduan ez genuke «Nik ere euskaraz bizi nahi dut» esan beharrik, orduan «Euskaraz bizi naiz» esatearekin aski.
«Ai, bizinahiak beti bizia balekarki!» esango zukeen Lizardik ahobizi, eta atzetik Sekubelardiko kantariak abestuko ziokeen jostari «gure hitzak esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal». Eta Maialen Lujanbiok erantzun barru-barrutik, «Herri hau sortzen segi dezagun, euskaratik eta euskaraz». Eta Arestik ozenki, Bilboko eta Euskal Herriko belarriprest eta ahobizi guztiei, «nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari».

Arestiren olerkia bezain merkea eta xumea baita Euskaraldiaren mezua bera ere: har dezagun euskara herriaren ahotik eta eman diezaiogun herriaren belarriari.
Prest?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!