Barry Manley-ren bakarrizketa saioa, Galtzaundi tabernan

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi 2018ko urriaren 17a

Barry Manley umoregile irlandarrak hitzaldia emango du, urriaren 25ean, Ibarrako plazan dagoen Galtzaundi tabernan.

Urrian ireki ditu bere ateak Ibarrako Galtzaundi tabernak. Horrelako establezimendu baten ohiko zerbitzuetatik haratago, bestelako helburu batzuk ere baditu Galtzaundi tabernak: Euskararen marka zabalduz, ohiko zerbitzuez gain kultur eskaintza ere eskainiko duen txokoa da.

Horrenbestez, hilabeteko azken ostegunetan kultur ekitaldiak antolatuko dira hemendik aurrera eta lehenengo saioa Barry Manley umoregile irlandarrak estreinatuko du. Hitzordua urriaren 25ean izango da, 19:00etan, Ibarrako plazako Galtzaundi tabernan.

30 urte baino gehiago daramatza Barry Manley-k Euskal Herrian eta euskarazko bakarrizketak egiten ditu. Ibarrako saioan ‘Txintxo ibili’ izeneko bakarrizketarekin arituko da. Hemen sinopsia:

Imajina ezazu, beste herrialde batean zaudela, bakarrik, ez zara ezertaz enteratzen, ez duzu tutik ere ulertzen, herrimina sentitzen duzu. Hori da niri gertatu zitzaidana nire lehenengo egunetan Euskal Herrian.Nola moldatuko zinateke? Urteak pasa dira eta orain, Barry Barrezek bizitzaren inguruko hausnarketa egiten du, Euskal Herrian adaptazio (integrazioa?) prozesua azalduz, eta batez ere euskara ikasteko jarraitu duen bide bitxia, gure herrialdeko bazter desberdinetan izandako abenturei buruz hitz egiten digu, bakarrizketak euskaraz eginez, oroimenez beteriko eskusoinu bereziaz lagunduta.

Ekitaldia Ibarrako Euskara Taldeak antolatu du, Galtzaundi Euskara Taldearekin elkarlanean eta Ibarrako Udalaren babesean. Ekitaldi hau, Euskaraldiaren aitzakian Ibarran antolatzen ari diren ekitaldietako bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!