Hitzez Hitz

Kamustuta

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Goikoetxea 2018ko mai. 29a, 12:16

Zenbat gara? Zenbat euskaldunak; zenbat euskaraz bizi direnak. Euskaraz dakitenak, gero eta gehiago: Tolosaldean, lautik hiru, 34.000 lagun. Eta euskaraz bizi direnak? Erabilerari begiratuta, erdiak, gutxi gorabehera kalean gehiago etxean baino. Baina hizketatik aparteko erabilerari dagokionez, zenbat?

Zenbat euskal kulturaren jarraitzaile; zenbat euskal liburuen irakurle eta musika entzule; zenbat euskarazko komunikabideen jarraitzaile; zenbat antzerki eta bertso saioen ikus-entzule. Hautsa harrotu dute euskal kulturaren kontsumoari buruzko azken azterketek.

Zer egiten dugu? Euskaldun gehienek ez dute euskarazko edukietara jotzen. Ondorio hori dakarte azterketek. Arrazoi bat da nagusia: ez dutela erraztasunik eta ohiturarik. Kosta egiten dela euskarazkora jotzea. Erraztasunari dagokionez, badago oinarrizko arazo bat: edade batetik gorako euskaldunak ez daude euskaraz alfabetatuta, eta, hizketarako eta ulertzeko gaitasun bikaina duten arren, euskaraz irakurtzeko arazoak dituzte. Ohiturarik ezak areagotu egiten du hori: atzendu egiten du gaitasuna. Kamustu. Irakurketan nabarmena da: euskaraz irakurtzeko zailtasunak dituztela diote euskaldun askok, baita D ereduan euskaraz alfabetatuek ere. Ikasketak amaitu zituztenetik askok apenas irakurri duten euskaraz. Gaitasunean sekulako eragina du horrek, eta pertzepzioan ere bai: plastikozko euskarari buruzko mitoa indarra hartzen ari da, adibidez. Ez da harritzekoa: euskarazko produktuetara euskaldunen gutxiengoak jotzen du, eta erdarazkoak guztiek dituzte belarri, begi eta esku artean: egunerokoa dute erdara estandarra, eta ez da plastikozkoa. Horra erdalgintzaren eragina.

Zer egingo dugu? Zer aukeratu, zer lehenetsi. Erdarazko produkzioa beti izango da handiagoa, osatuagoa, kosmopolitagoa, baina euskarazko eskaintza ezagutzea da lehen urratsa. Bigarrena, hautua egitea: euskarazkora jotzeak hautua egitea eskatuko du. Hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz ari da zabaltzen Euskaraldia, eta Tolosaldeko ia herri guztiek eman dute izena. Ahal den guztietan euskaraz egitea nahi dute. Beste pauso baterako aukera badago eskualdean: hitz egiteko ohituraz harago, beste erabilera batzuei heltzea: hedabideen kontsumoari, kultur edukietara jotzeko ohiturari. Egingo dugu?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!