Egia esan, urteetan aurrera egin ahala, arazoa txikiagoa iruditzen zait. Arrazoiez kargatzearekin batera, konbentzimenduan gora egitearekin. Gero eta kalkulu gutxiago egiten dugu: gehienak ote gara euskaldunak? Zenbatek ez ote du zipitzik ulertuko? ... Eta sano-sano euskaraz hasten zara.
Baina ez nolanahi. Esfortzua egiten duzu, gainera. Izan ere, euskaraz eta gazteleraz ulertzen dugunok, ohituta gaude esfortzua egiten uler gaitzaten. Horregatik jo izan dugu hainbestetan erdarara. Eta esfortzua egiten duzu hitzak aukeratzen, erdaratik erraz ulertzeko hitzak erabiltzen, sinonimoak.... Hala ere, izango da aurpegi txarrik. Eta ahalegina egingo duzu laburpena erdaraz egiten. Ulertu dutenen kalterako, denbora galerako.
Esfortzua egiten nekatuta gaude, adinarekin nekatuago. Bizitza osoa daramagu esfortzua egiten. Bi hizkuntzak ulertzen ditugunok esfortzua egiten, bakarra ulertuta inongo esfortzurik egiteko prest ez dagoenarentzat. Gainera, ikusi dugu esfortzu hori zein esker txarrekoa izan den. Baserrian hazitako gure aurrekoengan ikusi ere. Euskaraz bikain egin, erdaraz nola hala defenditu, behar zenean hitz egiten saiatu eta, ez gutxitan, ordainetan beren bizkar barre eginda ordaindu ere.
Denok ditugu gure mugak. Baita nik ere iparraldekoen bi hizkuntzetako bat edo ingelesa hobeto ez jakiteagatik, etab. Eta horretxegatik ez naiz egokia kostaldeko herriren bateko turismo bulegoan lan egiteko eta turistei harrera egiteko. Eta hemen ere, euskara ez dakienak, zerbait galtzen du. Hori asumitu beharra dauka. Beste edozein tokitan bezala bertako hizkuntza ez dakigunean. Nahiz eta orain arte ez iruditu (zer interesa dute ba bertsolaritzak, euskal literaturak, euskal abestiek, komunikabideek, etab); bada garaia, batzuei nekea nabaritzen hasi zaigun honetan, euskara ez dakitenak jabe daitezen zerbait galtzen ari direla. Interesantea izan daitekeen zerbait.
Jende arteko bileretan euskaraz hitz egiten hasi orduko atentzio deiak ez dira hain aspaldikoak; edukazio txarraren aipamenak ere ez. Eta ez gutxitan, arrazoi txar horiekin bete izan dugu gure konplexuen zakua. Beste paraje batzuetan, ustezko edukazio txar hori izan da beste lorpenetara iristeko aldamioa asentatu duten lur sendoa. Katalanei erreparatu bestela.
Zorionez, ezagutzak eta ulermen mailak gora egin ahala, errazagoa da euskararen aukera egitea jende aurrean hitz egiterakoan. Eta noizbehinka, poz txikiren bat ere jasotzen da, erdaraz hasitako jarduna, azkenerako gehiena euskaraz egiten bukatu izan delako. Edo gure uste okerrean ulertu behar ez zuen hark gure mezuan gehientsuena jaso duela ikusten duzunean.
Animo beraz. Jende aurrean aritu behar duzuenean, tartean ezezagunak egonagatik, lasai egin euskaraz, natural-natural. Gazteagoen kasuan, halako beldurrik baduzue, konplexurik gabe aritzeko gomendatuko nizueke. Alferrikako esfortzurik ez duzue egin beharko. Eta hemendik urte batzuetara, ez duzue horren nekerik izango.