Hitzez Hitz

Kontra

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Olasagasti 2018ko mar. 23a, 11:46

Eskertu behar diegu, tarteka, pentsatzen dutena aho bilorik gabe esatea. Ana Beltran, Nafarroako Parlamentuko PPko ordezkaria izan da oraindik orain, mozorro zuria kenduta, zurikeriarik gabe purrustada egin duena.

Soziolinguistika Klusterreko kideak euskararen erabilerari buruzko inkestaren emaitzak aurkeztera joan ziren Parlamentura, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek eskatuta, eta euskaraz aritu ziren azalpenak ematen. Horiek entzun ondoren, Beltranek, bere onetik aterata, uros bota zuen: «Zertarako ari zarete euskaraz, molestatzeko ez bada?». Min egin zion, antza, piperrik ere ez ulertzeak, edo Nafarroa Hego Euskal Herrian kokatzeak, edo auskalo zerk, eta «euskara arma gisa erabiltzea» leporatu zien Soziolinguistika Klusterreko kideei.

Euskarak gaitzitu egiten ditu Beltran eta enparauak. Elebakar nahiko luketen zera «bat eta bakar» horretan traba egiten die. Molestatu, garatxo batek ipurdian nola. Menturaz, euskaraz ez ulertzeak, ez jakiteak, ezintasun horrek sortzen die erresumina. Izan ere, herri honetan, baita eremurik euskaldunenean ere, den-denok (zorionez eta ahalegin handirik gabe) ikasi dugu gaztelaniaz, eta beste batzuek (zoritxarrez, eta ahalegin handirik egin gabe) ez dute euskaraz ikasi. Eta ez dakitenez, molestatu egiten die guk euskaraz egiteak. Eta batzutan edukazioz, bestetan mehatxuz, hitz egiteko denok ulertzen dugun horretan, eskatzen digute. Edo debekatu egiten digute gurean aritzea, Idiazabal-Elgoibar futbol partidako arbitro hark egin zuen bezala.

Nafarroako Parlamentuan Soziolinguistika Klusterreko kideek eginiko saiora itzuliz, beharbada euskararen erabilerak puntu bat gora egin duela jakiteak, horrek sortzen die ezinegona. Nekeak neke eta zailtasunak zailtasun, Nafarroako errege Antso VI.a Jakitunak 1167. urtean Aralarren sinatutako pergamino hartan «linguae navarrorum» edo Nafarren hizkuntza izendatu zuenak bizirik jarraitzen duela jakiteak, D ereduan gero eta haur gehiago matrikulatzen dela ikusteak egiten die garatxoak adinako azkura. Badakitelako, politika guztien gainetik, herri honek euskara duela arima, eta bizkarrezur.

Beltranenak entzunda, duela 15 urte bere alderdikide batek esandakoak etorri zaizkit gogora. Euskaldunon Egunkaria itxi zuten egun berean, zainak puztuta, Angel Acebes garaiko Espainiako Barne Ministroak botatakoak: «Euskaldunen eskubide eta askatasunen alde, beren kultura, pentsamendua eta hizkuntza askatasunean adierazteko eskubidearen alde eginiko operazioa izan da». 2003ko otsailaren 20ko goiz hartan bertan, minari, saminari, amorruari nolabait eutsita, hainbat lantaldetan banatu ginen Egunkariako langileak, eta Tolosara etorri ginen batzuk, eta garaiko Tolosaldeko Hitzaren egoitzan, nola edo hala, osatu genuen Egunero egunkariaren lehen alea. «Itxia baina ez isildua», zioen biharamuneko lerroburuak. Ahalegin garrantzitsua izan zen euskarazko egunkari bakarraren arnasari etenik gabe eustea.

Hurrengo egunetan, berebizikoa izan zen gizartearen babesa eta bultzada. «Mundu bat Egunkariarekin». Otsailaren 22ko Donostiako manifestazio gogoangarri hartan, Antiguako tunelean, negar-malkotan isuri genuen askok ordura arte pilatutako amorrua eta ezina. Gero etorri ziren Martxelo Otamendiren, Joan Mari Torrealdairen eta besteen tortura salaketak. Amorrua, negarra eta ezina berriro. Gerozko urteotan, Euskaldunon Egunkariako (eta egun Berriako) zuzendariak behin eta berriro esan izan duen moduan, «abisu» bat izan zen hura, «euskal herritarrok gure bidea egiten jarraitzen badugu Espainia zertaraino iristeko prest dagoen ohar gaitezen». Duela 15 urteko sarraski hartan, Arantzazura ere abiatu omen ziren Guardia Zibilak, baina deiren batek bidean geldiarazi zituen nonbait, «urrutixko ere ez gaitezen joan» ohartaraziz. Berriki, Katalunian ere eman dute abisurik, zertaraino prest dauden, gehiegi molestatzen baditugu.

Kolpeak jasotzen ditugunean, arbitroak euskaraz hitz egitea debekatzen digunean, Beltranek edo beste norbaitek aho bizarrik gabe hitz egiten duenean, badakigu erantzuten. Egunero-ren lehen ale hura eta hurrengo egunetakoak, nekez adinako kemenez erdituak, 8 orrialde mehar baino ez ziren, eta, hala ere, 50.000 ale saldu ziren arrapaladan kioskoetan. Euskaldunon Egunkariak eta orain Berriak, egunkari askoz osoagoa eta hobea egin arren, ametsik onenean ere lortu ez dituzten zifrak. (Bidenabar, esanguratsuak Elkar Fundazioaren azken azterketaren datuak: euskaldunen erdiak baino gehiagok ez du euskal kultura kontsumitzen, baina horri buruz mintzatuko gara beste batean). Horren harira, oraindik orain, Mendaroko Motxaila egunean, Berria-lagunak lortzeko kanpaina nola sustatuko lukeen galdetu zioten Amets Arzallusi gaietako batean, eta Egunkariaren itxieran gizartean sortutako gar hura ekarri zuen gogora bertsoetako batean: «orduan zenbat indar geneukan eta orain dena behe-laino, erreakzio handia baina ez sinismen sakonaino, kontra egiten hobeak gara, geure alde egiten baino».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!