Artikulu honen irakurleak ondo asko dakienez, Iñigo Martinez futbolariak Reala utzi eta Bilboko Athletic-era joateko erabakiaren harira agiri labur bat argitaratu zuen. Testua bi hizkuntzetan idatzia zegoen: euskaraz eta espainieraz. Euskarazkoa Ondarroako hizkera etniko lokalean idatzia zegoen, eta espainierazkoa, berriz, erregistro estandar nazionalean. Ikus dezagun euskarazkoa, gure iritzia eman aurretik.
«Agur bat ez da inoix erreza ixaten eta gitxiaua egoera honetan. Pertsonalmente etxi gustakoazten baine ez da ixan posibli. ESKERRAK emoteko idazteot. 13 urteaz aia nintxan errealea, ta entrenadore, langile eta launei esker hazi naz pertsona ta futbolista moure. Eskerrik asko bixotzetik. Nire peñakuai batez be ESKERRAK, niaz momento on ta txarretan eotearren. Zuek, afizionauk, zeuek zaze real soziedad-i Nitzat on reto barri bat hasten da, baina nire partetik lasai nu, realeko nikixe jantzioten bakoitxin dana emon dotelako, beti neure onena ata nahixan. Beti erungo zatxuet neuaz».
Hementxe daukagu euskalduntasun etnikoaren eredu patetiko bat. José Mª Sánchez Carrión Txepetxek dioenez, «partikulartasuna du ezaugarri hizkuntza etnikoak, eta bere izaera etniko horren ondorioz partikulartasun horretan bizi direnen etxeko hizkuntza izan ohi da [mintzaira etnikoa]». Espainieraren estandar nazionala erabili du Iñigo Martinezek iritzia plazaratzeko, eta euskararen izaera partikular etnikoa ageri zaigu euskarazkoan. Hizkuntza nazionalaren kategoria eta erabilera eman dio espainierari; hizkuntza etniko informal baten tratamendua euskarari, euskaldunok geure hizkuntza estandar baturik ez bagenu bezala. Espainiera hizkuntza nazionala da; euskara, hizkuntza etniko lokal arlote bat.
Dakigunez, euskaldun etnikoaren identitatea espainieratik eta espainieraz eraikia dago, espainiera du kultura, pentsamendu eta nazio hizkuntza, eta euskara bere izaera espainol hori «aberastera» datorren apaingarri etnokurala da. Halakoak euskalduntasuna ez du bere nortasunaren eta kulturaren enborra, erdalduntasunaren enbor espainola «aberasten» duen ñabardura bitxi partikularra baizik. Hori bai, euskara asko maite du euskaldun etnikoak, hizkuntza kuttuna duela esango dizu, baina, erne!, bizitza soziala duingarria egiteko erdarara jotzen du euskal kontzientziaren arrastorik gabe.
Klaus Zimmermann-en arabera «identitatearen zaurgarritasuna da funtsezko auzia hiztunen autoestimua kolokan dagoenean». Euskaldunak, euskalduntasuna duintzat daukan euskaldunak, hots, autoestimu eta izaera euskaldunarekin bat egiten duenak, sekula ez luke futbolari ondarroarrak egin duena egingo. Ez luke euskaldunon nazio hizkuntza eta kultura modu zabar horretan plazara aterako. Euskalduntasuna edo euskal identitatea gutxietsi eta erdalduntasuna handiesten duenak jokatzen du horrela. Hizkuntza bat, kultura bat, nazio bat, beste hizkuntza, kultura eta nazio baten mende egotea onartzen duen mentalitate etniko kolonizatuak, alegia.
Federiko Krutwigen iritzira, euskaldun etnikoa «euskalduna izango da, baina aldi berean bere komunitatea zapaltzen duen Estatuaren mirabe da». Euskaldun etnikoaren jokabidea ez da euskaldun zaharren jokabidea bakarrik, berriena ere bada, baina Krutwigen aipu horretan kritikatzen direnak euskaldun zaharrak dira. Ideologia nazionalistari dagokionez, ñabardurak ñabardura, euskaldun espainolista eta frantsestu guztiak dira euskaldun etnikoak, eta abertzale asko eta asko ere bai. Funtsezkoak diren idatzizko eta ahozko funtzio komunikatiboetan espainiera lehenetsi eta euskara gutxiesten dutenak dira, oro har, nazio menderatzailearen mirabe etnikoak.
Euskaldunok guztiz autokritikoak izan behar genuke hizkuntza kontu hauetan, geure identitate-ezaugarri nagusia eta baliotsuena euskalduntasuna dugulako.