Hitzez Hitz

Inuxente

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Artola 2018ko ots. 7a, 11:09

Behin baino gehiagotan entzun izan dut, nola hizkuntza batek munduari begiratzeko modu bat eskaintzen duen. Nola ez diogun euskaldunok, frantsesek edo espainolek begirada bera eskaintzen inguratzen gaituenari.

Egia esan, ez dakit gaur egun hainbesteko alderik egongo den aipatutako hiru horien artean, guztiok ere mendebaldeko ikuskera izango dugulako ziur asko. Dena den, bizitza sano xamar bat eraman nahi bada, kanpora begirako usteek adina markatzen gaituzte barrura begirakoek ere. Hortik sortu zait azken egunotan gauez loa galarazten didan galdera: nolako autoirudia dugu euskaldunok besteen aldean? Eta nola osatzen, berritzen eta doitzen dugu geure buruarekiko irudi hori?

Lehen pentsamenduak, egia esan, ez zaizkit oso kontsolagarriak. Gogoratzen dut behin, Kike Amonarrizen hitzaldi batean nintzela, nola galdetu zuen ea gure ustez euskara hizkuntza txikia ala handia den; ea munduko hizkuntzen neurketa egingo bagenu, euskaldunon kopurua goitik edo behetik egongo litzatekeen gertuago. Hogeita hamarren bat lagun izango ginen han, eta gehienok genuen iritzi bera: euskaldunak, berdin: gutxi. Gero ohartu ginen euskaldunok ez garela hangoek uste genuena bezain herri txikia.
Hori tamainari dagokionez. Baina nolakotasunari erreparatuta ere, pasa berri den bertsolari txapelketaz gogoratzen naiz. Esan daiteke hamalau mila lagun BEC-en elkartu eta gero, eta hango entzule motari begiratuta, bertsolaritza mugimendu anitza dela. Gaztetxoekin bertsolaritza lantzen lan egiten dugunok, ordea, entzuten dugu bestelako iritzirik ere. Hala esan zidan behin ikasle batek, beste bati “adi egon hai”-ka ari nintzaiola: “tú eres vaso-vasco eh!”. Esan zidan moduagatik, eta kontestua ikusita, horrela itzuli zuen esaldia nire buruak: “bertsolaria, gehi hitanoa erabiltzen duena, berdin: euskalduna”. Baina, gehiago jakin nahian horrekin zer esan nahi zuen galdetu nionean, “kaxero” hitza atera zuen patrikatik, ondokoek ere buruarekin ados zeudela adierazten zuten artean. Beraz, lehengo itzulpena osatu nuen: bertsolaria, gehi hitanoa erabiltzen duena, gehi “kaxero”-a, berdin: euskalduna.

Azken adibide batekin hobeto ulertuko delakoan, aste honetan bertan hautsak harrotu dituen kontua ekarriko dugu, Iñigo Martinezek Ondarruko euskaran eta munduko espainolean idatzitako mezua. Eman dit zer pentsatua niri ere. Zenbaiti ondo iruditu zaio euskaraz euskalkia erabilita egitea, beste zenbaiti, berriz, oso gaizki. Eztabaidan gehiegi sartu gabe, eta autoirudiari begira, honako irakurketa egiten dut nik: euskara etxeko hizkuntza da, gertukoa; espainola mundukoa, unibertsala, noranahikoa. Antzeko sentimendua sortarazten dit han eta hemen ikusten dudan txantxangorriak ere, ez da, nire usterako behintzat, izadiko txori edo hegaztirik indartsuena…

Eta horrelako autoirudia baldinbadugu euskaldun askok, bistakoa da galdera: nondik sortu zaigu guri geure buruarekiko iritzi hau? Ba, sortu baino gehiago, sartu egin zaigulako agian. Hala gogoratu zitzaidan Atariak aurten inuxente egunez egindako ziri ahalegina. Hain zen nabarmena, ez zait iruditzen jende asko engainatuko zuenik, bizpahiru ezagutzen ditudan arren urrutira joan gabe. Helburuari begira, neure interpretazio xelebreak egiten ohitua nago, eta oraintxe ulertu dudala uste dut ziriaren eta autoirudiaren arteko erlazioa zein den: egunero, eta ez inuxente egunez bakarrik, espainolek gutaz diotenarekin egiten dugu euskaldunok gure autoirudia, egunero-egunero espainolek idatzitako eta euskaldunok irakurritako prentsa izanik Tolosaldean ere nagusi. Hara hor non dagoen koxka.

Hala, berrituta eta eguneratuta geratu zait euskaldunon autoirudia: txikia, gehi bertsolaria, gehi hitanoa erabiltzen duena, gehi kaxeroa, gehi etxeko,a gehi txantxangorria, gehi inuxentea, berdin: euskalduna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!