Hitzez Hitz

...Kontsolatzeko, kontsolatzeko, euskaldun jendia!

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Bengoetxea 2017ko abe. 15a, 14:10

Laguntza eske natorkizu. Baliteke pentsatzea ez dela parte onekoa agurtu ere egin gabe eskean haste hau; baina, lasai, ez larritu, ez bainator boletoak saltzera, edo flash-mob, lip-dup edo antzeko modernokeria zaharkitu batean parte hartzeko eskatzera, horrelakoak ere egiten ditugun arren tarteka-marteka.

Ez, minutu bateko kontua da. Txiste-kontalari trebea bazara, ekar itzazu gogora beti botatzen dituzuen hiruzpalau txiste horiek. Nire moduko umorista exkaxei, txisteez akordatzen nahiko lan ez, eta, kontatzen hasita, fisika nuklearraz ariko bazinete legez trabatzen zarenoi, agian ariketa hau ez zaizue samurra suertatuko. Hortaz, besterik ezean, entzundakoez oroitzen saiatu, eta, bestela, whatssap talderen batean begiratu, ez baita inoiz falta izaten txiste zerrendekin matraka ematen duen norbait.

Orain, erreparatu txiste gehienak euskaraz edo espainolez diren. Niri bigarrena atera zitzaidan.  Esango didazu, arrazoi osoz, norberaren esperientzia ezin dela orokortu. Gogoratu besterik ez dago, norbaitek zaintza lanetan dagoen desoreka aipatuta, “ba nik ezagutzen dut tipo bat, bere emazteak baino lan askoz gehiago egiten duena  etxean ” esaten duen hori; gizon horren existentzia, bere horretan, estatistika guztien gainetik eta ebidentzia guztien azpitik, egitura sozial oso bat ukatzeko balio duen argumentua balitz bezala. Ez, noski, ez nuke halako atrebentziaz jokatu nahi. Susmoa daukat, ordea, (Kike Amonarriz ez bazara behintzat) zuri ere gaztelaniazko txiste gehiago etorri zaizkizula burura, euskarazkoak baino.

Nire inguruan behinik behin, badago joera erdarara jotzeko grazia egin asmotan, edo diskurtsoari adierazkortasuna erantsi nahian. Akaso txikikeria bat dela esango didazu; garbizalekeriaren garaiak pasa zirela, nahasketa saihetsezina dela. Bai, ados: mintzaira guztietako hiztunek erabiltzen dituzte besteen esamolde eta kontzeptuak. Alabaina, funtzio zehatz baterako behin eta berriro hizkuntza hegemonikora jotzen badugu, geure hizkuntzari funtzio hori kentzen diogu; pobretu eta mugatu egiten dugu. Adibide txoro bat da hau, baina amorrua ematen dit "de tal palo, tal astilla" naturaltasun handiagoz ateratzeak "nolako zura, halako ezpala" baino, eta, azken hori esatean, ingurukoek martziano bati bezala begiratzeak.

Ez nuke, ordea, umoretsu hasitakoa serio eta beltz amaitu nahi. Euskaraz umorea eta grazia egon, badago: komunikabideetan (zer egingo genuke Zaldieroa eta Beranduegi gabe!), antzerkietan, bertsoetan, sarean. Eta, garrantzitsuena dena, baita kalean ere, "mundui su eman ta Frantzia aldein" bota zuen fenomenoarengan, adibidez. Badugu bazterretan zer entzuna eta zer ikasia. Naturaltasuna, berriz, ohiturak ematen du. Euskaldun berriek hizkuntza-ohiturak aldatzen dituzten bezala, euskaraz gero eta errazago eginez, toloxarrok ere lor dezakegu albizturtar batek bezain natural esatea, konparazio batera, “hurrengoa paetak emangoin/k!”. Saiatuz gero, barre pixka bat, behintzat, seguru egingo dugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!