Baina ez dirudi uste genuen iraultza soziolinguistikorik ekarri duenik eskola neurri handi batean euskaldundu izanak. Izan ere, eskolako transmisio akademiko formalak bi zentzutan huts egin du, gure ustez: ahozko gaitasun komunikatiboan (erraztasunean) eta euskaltzaletasunean.
Beraz, D ereduak sortu dituen belaunaldietan ez da ikusten euskaldun gisa ahalduntzeko asmo berezirik. Esan nahi dugu gazte euskaldun gehienek daukaten euskal identitatea aski eta nahikotzat daukatela, ez dutela euskaldun gisa ahalduntzeko beharrik antzematen. Gure euskalduntasuna aurrekoetatik etxean modu naturalean jaso dugunok ere ez dugu gure euskalduntasun diglosikoa zalantzan jartzen. Aski ote dugu, ordea, gaurko euskalduntasun hau euskaldun normalak izateko, normaltasun soziolinguistikoa erdaldunek beren identitate linguistikoa bizi duten zentzuan ulertuta?
«Ahalduntze» terminoa beste auzigai batzuetatik maileguan hartua dugunez, hona bere jatorriaren xehetasunak Mari Luz Estebanen eskutik: «Feminista latinoamerikarrak eta afrikarrak munduan diren botere ezberdintasunen gaineko jabetzetik abiatu ziren termino hori berregokitu zutenean, eta gogoeta eta kontzientzia, antolatzeko beharra, eta nork bere boterea handitzea bateratu nahi izan zituzten, dimentsio kolektibo eta politikoaren nahitaezkotasuna azpimarratuz». (Berria, 2016-05-13).
Beraz, euskaldun gisa jasaten dugun botere-harreman soziolinguistiko bidegabeak zuzentzeko balio digu ahalduntzeak; baita eskubidez dagokigun euskalduntasun duinean (identitate erdaldunarekiko morrontzarik gabe) bizi nahi izateak eskatzen duen kontzientzia lantzeko ere. Hori guztia, aipuan ikusi dugunez, norbanakoaren mailan eta zentzu kolektiboan antolatuz bakarrik eskura dezakegu. Euskaldun gisa ahalduntzeak euskal botereaz jabetzea du eskakizun: «Norbait ahalduntzeko beste norbait desahaldundu behar da». Erdaldunek botere handiegia daukate Euskal Herrian, baita Tolosaldea bezalako euskararen arnasguneetan ere.
Euskaldunok ez al daukagu gure euskal nortasuna duintzeko eta normalizatzeko beharrik maila indibidual eta kolektiboan? Gure euskalduntasunak gure erdalduntasunak adina balio al digu bizitzeko? Euskaldun orok daki erdal identitaterik gabeko gure euskal izaerak ez digula balio gure bizitza goitik behera eratzeko eta antolatzeko. Ez dago esan beharrik gure euskalduntasunak ez digula euskaldun izateko kondizio soziolinguistikorik bermatzen, eta erdararen morroi garela bizitzaren jarduera komunikatibo nagusiak mamitzeko. Gure euskalduntasunak balio digu noski ahozko kulturan oinarritutako eguneroko bizitza sozial diglosikoa mamitzeko, baina ez digu balio funtzio komunikatibo hegemonikoetan (zentzu nazionalean) euskaldun izateko. Gure euskalduntasunak ez dauka erdaldunen zentzu, eskubide eta funtzio nazionalik. Zein hizkuntzatan dago idatzia, esaterako, gure eguneroko informazio iturri nazionalaren egunkaria?
«Nire euskaltasuna mundu bat da, eta ez du Amerikarik», idatzi zuen Koldo Izagirrek. Euskaltzaleok ez dugu Amerikarik eskatzen, geure nortasun linguistiko kultural nazionala gobernatzeko boterea baizik. Horixe da eskaria. Ez dugu, beste batzuek bezala, Amerikarik desegin nahi gure hizkuntza inposatzeko. Baina, hori bai, euskal munduak duina izan behar du euskaraz bizitzeko, kontua ez baita euskaldun itxurak egiteko 30 euskal abizenen jabe garela esatea tolosar batek oraindik orain egin duen moduan. Badugu garaia erdararen eskale izan gabe geure nortasun linguistiko nazionala aldarrikatzeko.