Badu Patziku Perurenak liburu eder bat, Dakiguna Ikasten izenekoa. Niri, besteak beste, eta batez ere, izenburua bera gustatzen zait asko: dakiguna ikasten. Lehen entzunaldian txorakeria dela pentsa liteke: nola ikasiko dugu ba dagoeneko badakiguna! Baina, pentsatzen jarriz gero, esaerak mamia duela iruditzen zait ba niri. Halaxe hartu dut azken aldi honetan telebistan edo prentsa idatzian nazkatzeraino agertzen diren hitzen esanahiaz pentsatzeko ohitura; alegia, ustez aurretik nekiena berriro ikasten saiatzeko ohitura xelebrea; aspalditik ezagutzen ditudan hitzak hartu eta labanaz larrutu aurrena, barruan zer dagoen ikusi, eta azalberrituta itzuli gero. Lan nekeza da, ez pentsa!
Holaxe ba, beste zereginik ez eta ETBko tertulianoei begira zer suma nengoela entzun nuen lehengoan “elkarbizitza” hitza dozenerdi bat aldiz. “Elkarbizitza!”, pentsatu nuen, euskaldunok hainbeste aldiz entzundako hitza. Zer ote duk ba ditxosozko “elkarbaizitza”? Nonbaitetik hasi behar eta interneten begiratu nuen. Hala dio Harluxet hiztegiak: elkarrekin bizitzea, horixe omen da elkarbizitza. “Hori banekian lehendik ere!”, hasi nintzen marmarrean. Baina, noski, “elkarrekin bizitzeko gutxienez bi pertsona behar dituk”, otu zitzaidan gero; edo, nahiago bada, eta katalanei eta españolei buruz ari zirenez tertulianoak, bi herri, nazio edo kultura ere izan litezke elkarbizi behar dutenak.
Beraz, elkarbizitza, elkarrekin bizi. Elkarrekin bizi, nortzuk? Ba, hitzaren esanahia ahalik eta errealena eta zehatzena izan dadin, demagun, hemen, Tolosaldean, euskaldunak eta gazteleradunak, eguneroko bizitza euskaraz egiten dutenak batetik, eta españolez egiten dutenak, bestetik, horiexek gara elkarbizi behar dugunak. Badakigun gauza, gauza jakina hau ere.
Baina, nik ere hala uste nuen arren, ez da ba dirudien bezain sinplea. Nola demonio elkarbizi behar dute elkar ulertzen ez duten bi komunitatek? Esan nahi dut: nik x hizkuntza bakarrik baldinbadakit, eta zuk y hizkuntza besterik ez badakizu, nola biziko gara elkarrekin? Nola eraikiko dugu bion arteko elkarbizitza umoretsu eta sanoa? Honezkero hasi zait baten bat “erreza duk, moteil”, esanez: “elkarren hizkuntza ikasi eta kito”. Eta bai, egia da. Hor amaitzen da arazoa, horixe pentsatu nuen neronek ere. Nork ikasiko du, ordea, noren hizkuntza? Ttak, hortxe dago koxka!
Euskal Herrian, esaterako, euskaldun guztiek ikasten dute erdaraz; ez dut ezagutzen nik neuk behintzat, españolez ez dakien Hego Euskal Herriko euskaldunik; erdaldun elebakarrak, berriz, bai pila ederra. Eta, telebistari begira zer suma dagoen bati behintzat, segituan etortzen zaio galdera: zergatik ote dira euskaldun guztiak elebidunak, eta aldiz, Euskal Herrian bizi diren erdaldun gehientsuenak, elebakarrak? Berriro ere hasi izango zait bakarren bat erdaldun askok bi hizkuntza badakizkitela esanez kexaka. Eta bai, arrazoi du berriz ere: ingelesez ere badakite batzuk. Guri dagokigunez berdintsu dio ordea: nik ez dut derrigor elebidun diren euskaldun horietako inor, inoiz, erdaldun batekin ingelesez entzun, bien artean nolabait komunikatu behar izan dutenean.
Hala, pentsatu nuen Frantzian bizi diren euskaldunek Frantziako estatuak bultzatzen duelako jakingo dutela frantsesez, eta guk Espainiako estatuak derrigortzen gaituelako jakingo dugula espainolez… Baina, zer den zer suma egotea, hori ere sinpleegia iruditzen zitzaidan ba! “Ni ez naik ba inork jo erderaz ikasteko!”, hasi nintzen marmarrean berriro ere.
Orduantxe ondorioztatu nuen, isildu gabe independentzia nahiak gizartea erdibitzen duela ari ziren tertulianoek lagunduta, euskaldunok eta katalanek berezko joera dugula elkarbizitzaren alde. Dakidana berrikasten hasita ikasi dut, euskaldunok eta katalanek gustokoagoa dugula ez dakiguna ikastea dakigunari eustea baino; horregatik dakigula Tolosaldeko euskaldun guztiek espainolez, eta horregatik ez dakitela erdaldun askok euskaraz. Eta ondorioztatu nuen baita ere, euskaldun xelebrea naizela ni oso, nahiago dudalako dakidana ikasten jarraitu.