Hitzez Hitz

[Hitzez Hitz] Ekosistema

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Goikoetxea 2017ko urr. 27a, 11:43

Basoa indartu, edo sasiak jan. Aurrerapauso bat eman, edo geldialdian sartu. Irabazteko ildoa hartu, edo galtzeko bidean jarri. Bidegurutzea: norabide bat edo beste, aurrera edo atzera. Euskara biziberritzeko bidean mugarri bat iritsi dela, giro horretan murgilduta darama aldi bat euskalgintzak. Bidegurutzea ailegatu dela.

Euskararen egoera orokorrari buruz egindako gogoetak dira, baina eskualderako ere bete-betean datozenak. Tolosaldeak rol inportantea baitauka bide horretan: ekosistema horren arnas emaile izatea dagokio. Arnasgune izatea.

Euskal Herriko eskualde euskaldunenetakoa da: bostetik lau euskaldunak dira, hirutik bik etxean jasoa dute euskara, eta eskolaldia euskaraz egiten dute ume guztiek. Gazteen artean salbuespena da euskaraz ez dakiena; adin talde erdaldunena 60 urtez gorakoena da, eta haietan ere gehienak dira euskaldunak. Zoru bat jartzen du horrek, oinarri bat, eta ardura bat ere bai: erabilera hauspotzea. Basoari fruitua ateratzea. Sagarrondoak nola, hala astintzea hizkuntza ohiturak: lehen hitza euskaraz eginez, adibidez. Datuek argi diote: Tolosaldean, probableena da aurrean dagoenak euskaraz jakitea.

Hiztunena da arduraren zati bat, baina eskualdeko egoeraren gogoeta zabalagoa ere behar da: ekosistema osoa aztertu, neurriak hartzeko. Adibidez, nabarmena da eskualdeko herri euskaldunenetan agertzen ari den gainbehera. Biztanle mugimenduekin lotura estua dute aldaketa horiek, eta ari dira nabaritzen beste eremu euskaldun batzuetan ere: euskaraz ez dakien jende gehiago bizi da herri euskaldunetan. Badira kontuan hartu beharreko faktore gehiago ere. Ikerketa bat egin berri du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak: Ondarroa eta Bermeo konparatu ditu, zergatik Bermeon askoz gutxiago erabiltzen duten euskara. Faktore batzuk sumatu dituzte: kokapen geografikoa, herrien dinamismoa, erreferenteen jokabidea... Aztergai inportanteak Tolosalderako ere. Ondorio nagusia: «Ekosistemak huts egiten duenean sortzen da etena ezagutzaren eta erabileraren artean».

Ekosistema osoari begiratu behar zaio, beraz: arloz arlo, lekuz leku, jendez jende. Ekosistema hori indartzeko helburuz, hain justu, aldaketak iritsi dira eskualdera: Galtzaundi euskara elkartea Tolosalde osora zabaldu da, adibidez. Eskualdeko 28 herrietako euskalgintzaren topaleku izan nahi du: bilgune eta elkarlanerako tresna. Ekosistema indartzeko sistema.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!