Klaseko Fronte Bateratu Antifaxista altxatu! Gora Euskal Herria Sozialista!

Erabiltzailearen aurpegia Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialista

EHS

Eskuin muturraren gorakada mundu osoko milioika langile eta gazteren kontzientzia kolpatzen ari da. Prozesu hori aurrera doa Espainiako Estatuan ere, eta sozialismoaren eta iraultzaren esparruan kokatzen garen indar eta erakunde guztiei eragiten digu zuzenean.

Trumpismoaren agenda totalitarioa ezin da arinki hartu, ez da akzidente bat. AEBetako klase agintariaren sektore zabal baten estrategiaren aurrean gaude, aginte inperialista defendatzea eta herrialde barneko langile klasea zapaltzea helburu duena. Estrategia horren baitan kokatzen dira Gazako genozidio sionista, Iranen aurkako eraso militarra, Ukrainako gerra, Europan berrarmatzeko planak, Kubaren aurkako blokeo kriminala edo Venezuelan ezarritako uztarri koloniala. AEB barnean berriz, horren jarraipena ikus daiteke langile migratzaileen aurkako atsedenik gabeko jazarpenean, ICEren banda paramilitar eta neofaxisten ofentsiban.

Argi dago burgesia zapalkuntza moldeak nabarmen aldatzen ari dela. Demokrazia parlamentario kapitalista ahultzen ari da mendebaldeko herrialde guztietan, eta hori oso lotuta dago gertakari objektibo batekin: eskubide demokratikoak eta iraganeko konkista sozialak ezabatu beharreko oztopo bihurtzen dira monopolioen irabazi tasari eusteko eta kapital finantzarioaren diktadura ziurtatzeko.

Prozesu horretan, sozialdemokrazia funtsezkoa izan da. Erresuma Batuko Starmerrek edo Alemaniako SPDko buruzagiek eskuin muturraren esparru ideologikoak bereganatu dituzte immigrazioaren aurkako legedi arrazistetan, berrarmatze planak babesten dituzte zerbitzu publikoak suntsitzen dituzten bitartean, milaka milioi eurorekin babestu dute Ukrainako gerra inperialista, eta genozidio sionistaren konplize zuzenak dira.

Pedro Sanchezen kasuan, Gazako genozidioaz hitz egin duen arren eta Trumpekin tirabira dialektikoen agerpena erabili duen arren, argi utzi du NATOren bazkide fidagarria dela eta ez duela harreman diplomatiko, militar eta komertzialik hautsi Netanyahuren erregimenarekin.

PSOEren politika kapitalistei esker, Ibex 35ak mozkinetan markak hautsi ditu, etxebizitzen espekulazioa eta errentatzaileak blindatu ditu, osasuna eta hezkuntza publikoa pribatizatzen jarraitzen du eta gastu soziala hezurreraino murrizten jardun du.

Gobernu "aurrerakoiaren" urte hauetan, Estatuaren aparatuaren izaera faxista larriagotu egin da: errepresio poliziala jo eta su ari da, eta ezker militantearen eta sindikalismo borrokalariaren aurkako muntaia judizialak ausartagoak dira. Jakina, ofentsiba horrek Gobernua bera ere harrapatu du, publikoa eta nabarmena denez.

Zalantzarik gabe, Ceutako krisiak Pedro Sanchezen eta bere ministroen benetako jarrera biluztu du. Marokoko diktaduraren izugarrikeriatik eta inperialismoak Afrikan eragindako basakeriatik ihes egiten duten 80.000 pertsonen sarrera "Espainiako lurraldetasunaren urraketa" gisa definitu du. Hori "inbasioaz" hitz egitearen berdina da, Voxen eta PPren kanpaina arrazista eta espainolistaren terminoak onartzea alegia.

Zalantzarik gabe, Ceutako krisiak Pedro Sanchezen eta bere ministroen benetako jarrera biluztu du. Ihes egiten duten 80.000 pertsonen sarrera "Espainiako lurraldetasunaren urraketa" gisa definitu du. Hori "inbasioaz" hitz egitearen berdina da.

Argi geratu da gobernu "aurrerakoiaren" ustezko "antifaxismoa" iruzur hutsa dela. Hainbat astetan oinarrizko giza eskubideen urraketak baimendu ondoren, kanporatzeak errazteko, atzerritarren legea gogortuko duela iragarri du. Ehunka militar eta polizia bideratu ditu etorkinak beldurtzera eta etengabeko eraso bortitzak antolatzen dituzten faxistak babestera.

Euskal Herrian ere bada mehatxuarik, eta EAJren eskutik dator

Urte hauetan gogor ari gara ikasten eskuin muturrari eta haren demagogia arrazista, matxista eta espainolistari bidea ixteko zerk balio duen eta zerk ez. Esperientziak frogatu du kaleko masa borroka eta programa sozialistaren defentsa ezin dela ordezkatu interes kapitalisten bozeramaileei zuzeunduz gehiengo parlamentario zabalak "eraikitzeko" estrategiarekin. Horrek ideologikoki desarmatu eta ekintzan geldiarazten gaitu.

EAJ euskal eta espainiar kapital handiaren interesekin estuki loturiko alderdia da, eta langileen borroken, protesta sozialaren eta gazteria antifaxistaren aurkako poliziaren basakeriara jotzeagatik nabarmentzen dena.

Euskal Herrian, bozeramaile politiko horrek izen argia du: EAJ. Euskal eta espainiar kapital handiaren interesekin estuki loturiko alderdia da, 78ko espainiar erregimenaren funtsezko pieza, frankismotik oinordetzan jasotako Estatuaren aparatua inoiz ukitu nahi izan ez zuena, ezker abertzalearen aurkako errepresioan hamaika aldiz lagundu izan duena, eta langileen borroken, protesta sozialaren eta gazteria antifaxistaren aurkako poliziaren basakeriara jotzeagatik nabarmentzen dena.

Horrelako alderdi bat, eskuin muturraren aurkako borrokan edo Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokan aliatua izan al daiteke? Argi baino argiago ikus daiteke ezetz bere jokabide arrazista eta klasistan besteak beste, Donostian afari solidarioak debekatu eta pertsona zaurgarrienei lagundu nahi dietenak jazartzen dituenean. Baita euskara hainbat arlotan jasaten ari den eraso gogorrekin duen konplizitatean ere.

Auzia zehatza da: EAJ ez da langile klasearen eta euskal gazteriaren aliatu bat, bere etsairik garrantzitsuena baizik, eta bere buruzagiek ez dute zalantzarik izango PP eta Voxekin eginiko itunei ateak irekitzeko, euren klaseko interesek hala eskatzen badute.

Esperientzia historikotik abiatu behar dugu eskuin muturraren aurkako estrategia eraginkorra taxutu nahi badugu. Geure indarretan baino ezin gara oinarritu, eta horrek faxismoaren aurkako fronte bateratua altxatzeko beharrera garamatza, non langile mugimenduak eta haren aurka egunero borrokatzen den gazteriak funtsezko papera jokatuko duen.

Klaseko independentzia politika defendatuko duen fronte bateratua kontzientzia sozialista eta gure borrokarako eta antolakuntzarako gaitasuna areagotuko dituen tresna litzake. Martxoaren 17ko greba orokor handiarekin hasitako bidea sakontzera, Global Sumud Flotillako ekintzaileen aurka Loiun izandako kargen ondoren emandako erantzun soziala, euskarazko frogan ikasle pijo haiek jasotako zeroen eskandaluaren aurrean EAJk izandako jarrerak eragindako amorrua...

ELAn, LABen afiliatutako milaka langileak, EH Bilduko milaka militanteak, mugimendu sozialetakoak, feministetakoak, GKSn bildutako milaka gazteak, Mugimendu Sozialista, Ernain... funtsezkoak dira fronte bateratu hau eraikitzeko, belaunaldi beteranoenak eta sozialdemokraziaren politika tamalgarriak irmo arbuiatzen dituen gazteria elkartzeko. Oso arrazoi sendoak daude fronte bateratu hori hezurmamitzeko eta alde batera uzteko politika elektoralistak eta EAJrekiko aliantza estrategikoak, oztopoa baitira etsai komuna kolpatzeko.

Faxismorik gabeko Euskal Herri sozialista benetan konkistatu nahi badugu, erakundeetan parte hartzeak zentzua du klase borrokari bozgorailu boteretsu bat emateko, politika sozialista eta internazionalista kontsekuente bat defendatzeko, eskuin espainolistarekin eta euskal eskuinarekin aurrez aurre jartzeko. Kontua da azaltzea zergatik sistema honek ez duen funtzionatzen eta zergatik ezin den erreformatu, eta ez giza aurpegi bat ematen saiatzea.

Gizartearen eraldaketa sozialistaren alde indarrak batzeko unea da. Hau da Ezker Iraultzailearen proposamena eta eztabaida dezazun gonbidatzen zaitugu erresistentzia antifaxista, klasekoa eta sozialista eraikitzeko helburuarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!