Ofentsiba judizial eta politikoa ziztu bizian, Gobernua erorarazteko

Erabiltzailearen aurpegia Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialista 2026ko uztailaren 7a

Koldo, Abalos eta Aldama

 Auzitegi Gorenak 24 urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Jose Luis Ábalosi, influentzia-trafikoa eta baliabide publikoen bidegabeko erabilera egotzita. Koldo Garciak ere kolpea jaso du: 19 urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra. Victor Aldamari, ordea, debalde atera zaio: aske geratu da eta bere esku geratuko dira musukoen salmentengatik jasotako 3,5 milioiko komisioa fiskaltzari modu aktiboan laguntzegatik.

“Ahal duenak egin dezala” saioaren azken aurreko kapitulu honetan, togadunen alderdi faxistak agerian utzi du justiziaz duen ikuspuntua: eskura duen guztiarekin egingo du Gobernuaren aurka. Prentsa atzerakoiak eta hedabide “progre” askok hainbestetan goraipatu duten horrelako epai bat imajinaezina litzateke kaltetuak PPko ministro eta goi-kargudunak balira - asko eta asko ustelkeria tramengatik dozenaka epaiketatan auzipetuak, askoz okerragoak, eta azken lau hamarkadetako historia politikoa kolokan jartzen dutenak.

Kasu judizialetan nahasita egon dira Eduardo Zaplana Lan ministroa 2002 eta 2004 bitartean, Jaume Matas Ingurumen ministroa 2000tik 2003ra eta Rodrido Rato Ekonomia eta Ogasun ministroa eta bigarren presidenteordea 1996tik 2004ra, guztiak Aznarren Gobernukoak, eta frogatu da milioika eta milioika euro lapurtu zituztela. Beren prozesu judizialak urte luzez egon dira irekita, batzuk oraindik argitu gabe daude, eta erruduntasun sententziak irrigarriak izan dira, inork ez du hamar urte baino gehiagoko kartzela zigorrik jaso eta hirugarren gradua kartzelan sartu eta hilabete gutxiren buruan lortu dute.

Esanguratsua da Francisco Correa Gürtel auziko buruaren kasua, egun erdiaskatasunean baitago: Auzitegi Nazionalak baimena eman berri dio Cádizen, Ibizan eta Madrilen enbargaturik dituen berrogeita lau jabetzak saltzeko. Horrelakoxea da 78ko erregimena. GALen estatu terrorismoa sortzeagatik epaitu zituzten agintari sozialisten sententziak ere barregarriak dira: Jose Barrionuevo Barne ministroa eta Rafael Vera Segurtasunerako estatu-idazkaria diru publikoaren erabilera okerragatik eta bahiketagatik zigortu zituzten 10 urteko kartzela zigorrarekin eta 12 urteko inhabilitazioarekin hurrenez hurren. 1998an X jauna ezizena duen Felipe Gonzalez Gobernuko presidenteak berak lagundu zien Guadalajarako espetxera, eta “demokraziaren zerbitzari” bezala omendu zituen. Urte bereko abenduan, Jose Maria Aznarren Gobernuak (PP) indultu partziala eman zien Barrionuevori eta Velari eta aske geratu ziren. Ezin dugu hori ahaztu “justiziaz” hitz egiten dugunean.

Koldo eta Abalos
Abalosek, Koldok eta beren babespean aritu diren guztiek bidea erraztu diote erreakzioari. Horrela, botere judizialaren kupulak ez du bere asmoak ezkutatzeko disimulurik izan eta ederki baliatu du aukera

Trikimailu extraparlamentarioak Sanchez garaitzeko

Edonork ikus dezake hau guztia ez dela ustelkeriaren aurkako zigor judiziala, Pedro Sanchez kolpatzen jarraitzeko beste aukera bat besterik ez da, eta PSOEko agintari garrantzitsu batzuen degenerazio politiko eta morala baliatu nahi dute Feijoo eta Abascal Gobernura eramateko. Hori da guztiaren atzean dagoena.

Jakina, ez dago zalantzarik PSOEren barruan horrenbesteko boterea izan duten bi elementu horiek, eta beste batzuk ere bai, beren posizio pribilegiatua baliatu zutela COVID-19k eragindako pandemiaren garaian Estatuaren estolderian gustura mugitzen diren enpresari ustelen irabaziak lortzeko. Abalosek, Koldok eta beren babespean aritu diren guztiek bidea erraztu diote erreakzioari. Horrela, botere judizialaren kupulak, kasu honetan Auzitegi Gorenak, ez du bere asmoak ezkutatzeko disimulurik izan eta ederki baliatu du aukera.

Gobernua ahultzeko eta jazarpena handitzeko saiakerak judizialak ugari izan dira, eta ez dira etengo. Alvaro García Ortiz Estatuko fiskal nagusiari Auzitegi Gorenak ezarritako kondena eskandalagarria da: bi urteko inhabilitazioa berezia kargurako, 7.200 euroko isuna eta Alberto González Amador Isabel Diaz Ayusoren mutil-lagun ustelari 10.000 euroko kalte-ordaina ordaintzea. Berdin jokatu du Peinado epaileak Begoña Gómezen auzian; tabernako barran asmatutako argudioekin sortutako muntaia bat da, baina erabat instrumentala da kanpaina honetarako.

Justizia, kontzeptu abstraktu hori, klaseko edukiz bete da epai eta prozesamendu horiekin. Pablo Hasel rap abeslari antifaxistak bost urte daramatza espetxean errege emerituari, bere putazalekeriari eta lapurretei buruzko egiak kantatzeagatik, eta erregimenaren apologista guztiei, baita PSOEko agintariei ere, munduko gauzarik normalena iruditzen zaie. Aldiz, eskandalutzat hartu dute Victor Aldama komisionista profesional, ustel eta estoldetako agentea lau urte eta erdiz zigortu izana. Zigor hori ez du beteko gainera, justiziarekin izan duen "lankidetzagatik" saritu duelako Gorenak. Ez al dute beti esaten politikari sozialdemokratek auzitegiei lan egiten utzi behar zaiela? Ba horixe: gogotik egin dute lan.

Eta togadun kastak egiten dakien bezala egin dute: egia ezkutatu dute funtsezko helburu politiko baten mesedetan. Prentsan zabaldutako informazio askok eta sumarioak berak ukatu egin dute helburu nagusia: komisionista ustel horrek justiziari emandako ustezko lankidetza a posteriori izan zen. Antonio Balas Guardia Zibileko teniente koronelak, UCOko Delinkuentzia Ekonomikoaren aurkako Unitateko buruak, epaiketan halaxe onartu zuen: kasua ikertu zutenek Koldo, Abalos eta Aldamaren aurkako froga gehienak ezagutzen zituzten, eta “harrapatuak” zituzten. Azken honek guztia aitortu zuen, froga berri garrantzitsurik aurkeztu gabe, ihesbiderik ez zuenean, espetxetik libratzeko.

Aldama 182,5 milioi euroko balioa duen erregai salmenta masiboaren iruzur fiskalean parte hartzeagatik ari dira ikertzen, faxista hutsa da eta bere bizkartzaina Desokupako Daniel Esteve da; halere, gizon zuzen, ausart eta ohoretsutzat daukate. Gorenak saritu egin du Gobernuaren aurkako testigantza emateagatik, eta bide batez beste kausa batzuetako inplikatuta dauden PSOEko kideei eta ingurukoei mezu bat bidaltzen die gauza bera egiteko eta hortik etekinak ateratzeko. Aldamak gauza bera errepikatu zuen telebistako saioetan: “Espero dut atzetik datozenek kolaboratzea (…), herrialde honetan kolaboratzea merezi du”. Berari, behintzat, balio izan dio.

Hain da higuingarria erabiltzen duten neurgailu bikoitza, agerian uzten baititu frankismotik datorren judikatura eta faxismo kiratsa duten epaitegiak. Aparatu judizialak, polizialak eta militarrak beren DNAn harro daramate beren izaera atzerakoi eta ultraeskuindarra, eta ez du inongo gobernuk ezer egin horren aurka.

Finean, honek guztiak agerian utzi du Jose Luis Abalosi eta Koldo Garciari ezarritako sententziaren gogortasunak ez duela zerikusirik justizia egitearekin. Botere judizialeko instantzia altuenetako magistratuak kasu hau baliatu dute Exekutiboari eraso egiten jarraitzeko.

Aldama eta Daniel Esteve
Aldama, Desokupako Daniel Esteve bizkartzaina duen faxista aitortua, gizon zuzen, ausart eta ohoragarri bezala aurkezten dute.

Nola erantzun du Gobernuak?

Pedro Sanchezek eta PSOEk duten arazoetako bat da erreakzioari emandako erregaia alderdi sozialistaren zuzendaritzaren politikatik bertatik datorrela, besteak beste, ez dute neurririk hartu alderdiko zenbait arduradunek dituzten negozio zikinak amaitzeko, eta horrek egoera larriagotzen du. Jose Luis Rodriguez Zapateroren prozesamendua dinamika horren parte da: Zapaterok jasotako ordainsari baliotsu horiek eta Felipe Gonzalezek pilatutako dirutzak sozialismoarekin eta langile klasearekin zerikusirik ez duten politikaren isla besterik ez dira. Leninek esan zuen bezala, kapitalaren ordezkari dira langileak engainatzen jarraitzeko.

Gobernua eta presidentea gero eta ahulago daude, eta Pedro Sanchezek defentsarako hartutako neurriekin jarraitzen du esaten “ustelkeria kasuak lokalizatuta daude[la], ez dir[ela] zabaldu, eta ia guztiak PSOEtik kanporatutako pertsona talde baten ingurukoak dir[ela]: Jose Luis Abalos, Koldo García, Santos Cerdan, Leire Díez” [1]. Baieztapen horrek ez du sinesgarritasun galera saihesten.

Kontua argitu gabe dago oraindik: nola da posible Abalos, Koldo edo Cerdan bezalako elementuak alderdian eta Gobernuan erantzukizun goreneko karguak izatera iristea? Galdera horren erantzuna aurreko adierazpen batean azaldu genuen: “Alderdi ustez ‘sozialista’ eta ‘langileena’ den batek erabakitzen duenean bere zeregin historikoa sistema egonkortzen eta enpresei etekinak hobetzen laguntzea dela, ezinbestekoa da bere agintariak kapitalismoan eta ustelkeria sistemikoan murgiltzea” [2].

Joan den maiatzaren 25ean, Zapateroren inputazioaren harira, honela idatzi genuen: “Justizia kapitalistak eta erreakzionarioak ondo baino hobeto daki nor jarri duen jo puntuan. Baina hemen argitu beharreko kontua ez da magistratura ustel eta justiziaren inolako zentzurik gabeko honen eginkizuna aberatsak defendatzea eta behartsuak eta sistema zalantzan jartzen dutenak zapaltzea dela. Adierazi behar dena da zigorgabetasun hori 78ko erregimeneko gobernu guztiek eman diotela, baita PSOEren gobernuek ere, noski "[3].

Ustelkeria kasuak isolatuak, lokalizatuak eta erauziak direla azpimarratzeaz gain, Pedro Sanchezek proposatu du, erreakzioaren erasoaldiari aurre egiteko, Espainiako ekonomiaren hazkundeaz eta Gobernuaren ustezko lorpen sozialez hitz egin behar dela.

Argudio horien arazoa da, askotan azaldu dugun bezala, ustezko mirari ekonomikoa enpresaburuentzat, bankarientzat eta etxejabeentzat bakarrik dela; langile gehienentzat eta milioika gazterentzat, berriz, zerbitzu publikoak suntsitu dizkigute, etxebizitza bezalako oinarrizko eskubidea ukatzen digute eta gure bizi-baldintzak atzera doaz etengabe.

Zoritxarrez, Gobernu hau, propaganda keinuez eta itxurakeriaz landara, ez da bere hauteskunde oinarriaren interesak defendatzen ari. Aitzitik, bere politika soziala zuloz betetako aterki bat da: hezkuntzan eta osasunean murrizketak areagotzen ari dira, poliziaren errepresioa gogortu egin da, polizia babesten duten legeek bere horretan jarraitzen dute indargabetu gabe, eta ez dago hobekuntzarik milioika langile-familiarentzat, eta bitartean ezkerrari sekula botoa emango ez dioten sektoreak poltsikoak betetzen ari dira. Hau da errealitate gordina.

Erreakzioari ez zaio diskurtso parlamentarioekin aurre egiten, baizik eta langile klasearen eta gazteriaren eskubideen alde eginez eta botere ekonomiko eta faktiko handiei aurre eginez. Ez dago beste modurik.

Begiak zabaldu behar dira. Erreakzioa gainditzeko bidea ireki dute Kataluniako eta Valentziako irakasleek, 0-3ko haur-eskoletako langileek, A Coruñako metaleko langileek... Egia handi bat erakutsi digute: gure indarrengan baino ezin gara fidatu, eta indar hori langile klaseak du, Estatu osoan hezkuntza eta osasun publikoaren eta langileen erosteko ahalmena benetan hobetuko duten hitzarmen duinen defentsan eta etxebizitza publiko unibertsala izateko eskubidearen alde kaleak betetzen dituzten gazteek dute.

Eskuin muturraren eta erreakzioaren aurkako borrokak kolokan jartzen ditu gobernu honen politika kapitalistak. Izurri hau ez dugu garaituko “demokraziaz” hitz eginda, politika iraultzaileak, antolakuntza eta kontzientzia behar ditu, anbiguotasunik gabe azaldu behar da basakeriarekin amaitzeko alternatiba sozialista bat altxatu behar dela. Bai, sozialismoa, hori da hitz gakoa, sozialismoa eta egunetik egunera gogortzen ari den klase arteko borrokari aurre egiteko antolakuntza iraultzailea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!