AEBek sekulako porrota jasan dute Iranen. Aiatolen erregimenak eta Txinak irabazi dute gudu hau.

Erabiltzailearen aurpegia Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialista 2026ko ekainaren 30a

Trump

Maiatzaren azken astean AEBetako armadak Irango instalazio militarren aurka egindako erasoak gorabehera, eta goi-agintari militar estatubatuar batzuen harrokeriazko adierazpenak gorabehera, denak adierazten du Irango gerraren amaiera gero eta hurbilago dagoela, AEBek ez baitute lortu ezarritako helburu militar eta politiko bakar bat ere.

AEBetako Gobernuak berak presaka azpimarratu du eraso horiek ez dutela esan nahi apirilaren 8an adostutako su-etenaren hausturarik, ezta martxan dauden negoziazioak arriskuan jartzen dituztenik ere. Oraingoz, Iranen errepresalia-ekintzak oso neurritsuak izan dira. Dena dela, badirudi gerraren amaiera ez dela luzaroan atzeratuko.

AEBak, gerrari eutsi ezinik

AEBek potentzia militar handia izaten jarraitzen duten arren, errealitatea da Washingtonek ez dituela lortu eraso inperialista hau abiatu zuenean ezarritako helburu militarrak, eta are gutxiago helburu politiko nagusia: Irango erregimena eraistea.

Egia da Iranen, eta, zer esanik ez, Libanon, eragindako suntsipena izugarria izan dela, eta urteak beharko direla kalteak konpontzeko. Baina duela bost hamarkada baino gehiago Vietnamen gertatu zen bezala, AEBek hedatu duten basakeriak ez ditu porrotetik babestu. Trumpek porrot argia jasan du Iranen, eta Txinak ajatolei emandako laguntzak funtsezko zeregina izan du. Horregatik da Washington, eta ez Teheran, bake akordio bat oihuka eskatzen ari dena, bere harrokeriak sortu dion zulo politikotik irten ahal izateko.

Hegazkin militarra
Maiatzaren azken astean AEBetako armadak Irango instalazio militarren aurka egindako erasoak gorabehera denak adierazten du Irango gerraren amaiera gero eta hurbilago dagoela, AEBek ez baitute lortu ezarritako helburu militar eta politiko bakar bat ere.

New York Times egunkariak argitaratutako azken informazioen arabera, asteetako gerraren eta AEBen nahiz Israelen bonbardaketa gogorren ondoren ere, Iranek bere gaitasun militarraren %75 osorik mantentzen du. Albiste horrek kolpe latza eman dio Trumpen erretorika belizistari, eta, aldi berean, izua zabaldu du Golkoko petrolio-monarkietako gobernuen artean.

Iranek, bere gaitasun militarraren %25 baino gutxiago erabilita —kontuan hartu behar baita AEBen eta Israelen erasoek suntsitutakoa—, Golkoko ekonomia astintzeko eta urte luzez finantza- eta turismo-paradisu bihurtzeko apustua egin duten herrialdeen etorkizunari, hala nola Arabiar Emirerri Batuei, zalantza larriak sortzeko gai izan bada, zer suntsipen-maila lor liteke Iranek oraindik gordetzen dituen misilak eta droneak AEBen aliatuen aurka erabiltzea erabakiko balu?

Ezin uka daiteke AEBek Iran suntsitzeko adinako gaitasun militarra dutela. Horretarako, arma nuklearrak ere badituzte. Baina auzi honen gakoa ez dago teknologia militarraren gaitasunetan, baizik eta AEBek beren suntsipen-ahalmen osoa erabiltzeko baldintza politikoak existitzen diren ala ez.

Lehen egunetako oldarraldiaren ondoren, eraso militarra indarra galtzen joan zen, Iran ez dela Venezuela egiaztatzen hasi ahala. Gainera, oraingo honetan Txinak Madurorekin egin ez zuena egin zuen: babes politiko, finantzario eta militarreko makina oso bat jarri zuen martxan Iranen alde. AEBen aliatu leialenek beren desadostasuna adierazten hasi ziren, eta laster kritika irekia bihurtu zen. Europar Batasunean, Pedro Sánchez ez zen Trump kritikatu zuen bakarra izan; Melonik, Starmerrek eta Merzek ere, modu batean edo bestean, uko egin zioten Washingtoni babes militarra emateari.

Ormuzeko itsasartearen itxierak munduko herrialde gehienetako klase menderatzaileak astindu zituen, eta bereziki AEBen aliatu sendoenetako batzuk Hego-ekialdeko Asian. Gauetik goizera, aurrekaririk gabeko energia-krisi bati egin behar izan zioten aurre. Golkoko monarkiak beren etorkizunaren beldur dira, eta zalantzan jartzen hasi dira ea zuzena izan ote den beren patua nagusi estatubatuarraren interesekin lotzea.

Nazioarteko erakunde ekonomiko guztiek, Mendebaldeko herrialde nagusietako banku zentralek eta finantza-analisi agentziek bat egiten dute ondorio batean: Ormuzeko itsasartearen itxierak ezin du ekainaren erdialdea baino harago luzatu, mundu mailako atzeraldi ekonomiko larri bati ateak ireki nahi ez bazaizkio.

Azken asteotan petrolioaren prezioak eta munduko burtsek izan dituzten gorabehera handiek —petrolio gordinaren prezioaren igoera bortitzek eta akzioen beherakada zakarrek— kapitalistek atzeraldi berri baten arriskuaren aurrean duten tentsioa eta beldurra islatzen dituzte. Hala ere, mugimendu horiek ez dute ezkutatu behar une honetan inbertitzaileen artean nagusi den joera orokorra baikorra dela. Gerra hasi zenetik maiatzaren amaierara arte, hasierako beherakada handiaren ondoren, New Yorkeko burtsako indize nagusiek gorakada ikusgarriak izan zituzten. Nasdaq 100 indizeak %17 egin zuen gora, eta S&P 500ek ia %10. AEBetatik kanpo ere, Washingtongo aliatu nagusietako burtsak nabarmen igo dira; hala gertatu da Japonian, non Nikkei indizeak %12ko gorakada izan duen.

Ormuzeko itsasartea
Nazioarteko erakunde ekonomiko guztiek, finantza-analisi agentziek etab. bat egiten dute Ormuzeko itsasartearen itxiera ezin dela ekainaren erdialdea baino haratago luzatu, mundu mailako atzeraldi ekonomiko larri bati ateak ireki nahi ez bazaizkio.

Baikortasun hori ez dator AEBetako armadaren ustezko garaipenetatik. Kontrakoa gertatzen da: inbertitzaileen artean nagusitzen den ikuspegia da gerra amaitutzat jo daitekeela eta Ormuzeko itsasarteko itsas trafikoa laster berrezarriko dela, horrek munduko merkataritzaren pixkanakako susperraldia ekarriko duelakoan. Zaila litzateke AEBak potentzia inperialista gisa gainbeheran daudela erakusten duen adierazle hoberik aurkitzea. Haien kapitalistek ez dute inolako konfiantzarik beren armadaren indarrean, eta Iranetik ahalik eta azkarren erretiratzearen alde egiten dute. Garaipenarekin zein porrotarekin, negozioek aurrera jarraitu behar dute. Hori lehenengo erakutsi dutenak Trump familiari lotutako enpresa-zirkuluak izan dira; gerra garaiko gorabeherak baliatuz, petrolioarekin eta akzioekin egindako espekulazio-operazioen bidez irabazi ikaragarriak lortu dituzte, AEBen hurrengo mugimendua aldez aurretik ezagutzeak ematen zien abantailari esker.

Egoera horri guztiari AEBen barruko erreakzioa ere gehitu behar zaio. Batetik, gero eta handiagoa da gerra inperialistaren, haren agenda totalitarioaren, politika arrazisten eta haren beso betearazle den ICEren ekintza bortitzen aurkako oposizioa. Jarrera hori argi islatu da Minneapolisen egindako greba historikoan eta No Kings mobilizazio erraldoietan; milioika lagun bildu dituzte herrialde osoan, eta erakutsi dute badagoela indarra Trump atzerakoi honekin amaitzeko. Bestetik, gero eta handiagoa da prezioen igoera oldeak eragindako ezinegona; inflazio horrek AEBetako biztanleen poltsikoak gogor kolpatzen ditu, baita trumpismoaren oinarri sozial eta elektoralaren zati handi batena ere. Azaroaren hasierako hauteskundeak gero eta hurbilago daude, eta Alderdi Errepublikarraren aurreikuspenak egunetik egunera kezkagarriagoak dira.

AEBetako Administrazioa etsi-etsian dabil Irango abenturaren hondamendia estaliko duen garaipen baten bila. Eta oso litekeena da Kubak ondorioak modu bereziki gogorrean pairatzea: egoera benetan larria da, eta uhartetik iristen diren informazioen arabera, Kubako agintariak ere prest egongo lirateke benetako boterea uzteko, Venezuelako eredua jarraituz. Hurrengo hilabeteak erabakigarriak izango dira, eta ezin da ezer baztertu.

Frustrazioa eta ondoeza Alderdi Errepublikarrean eta Israelen

Gerraren lehen asteetan ikusi genuen  Iranen aurkako eraso militarrak porrot egiten zuen bitartean, Trumpen adierazpenen burugabekeriak gero eta handiagoak bihurtzen zirela. Baliteke MAGA mugimenduko jarraitzaile fanatikoenek euren liderraren sare sozialetako oldarraldiekin nahikoa izatea, baina munduko gainerakoentzat agerikoa zen AEBek ustekabeko erresistentzia batekin egin zutela topo Irango erregimenaren aldetik, eta erabat porrot egin zutela.

Gaur egun, errealitate hau AEBetan bertan eta Israelen ere gero eta nabarmenagoa da. Trumpen aurkako etsipena eta kritikak gero eta handiagoak dira bere alderdiaren barruan ere; presidenteak ez duelarik zalantzarik izan bere alderdikideak sare sozialetan gaitzesteko, “zatiketa eta galerak baino eragiten ez dituzten galtzaileak” direla leporatuz.

Trumpen aurkako haserrea nabarmen areagotu da AEBek proposatutako «bake-planaren» zirriborroa argitara eman denetik. Orain arte Trumpengandik oso hurbil egon diren senatari errepublikano garrantzitsuek; esaterako Lindsey Graham, Ted Cruz, Roger Wicker eta Thom Tillisek, besteak beste; plan horren bederatzi puntuak gogor kritikatu dituzte, eta AEBentzat ekarriko lituzketen ondorio kaltegarriak azpimarratu dituzte.

Are zorrotzago hitz egin du Mike Pompeok, Trumpen lehen agintaldian Estatu idazkari izan zenak. Haren ustez, proposamena honela laburbil daiteke: “Guardia Iraultzailari dirua ordaintzea suntsipen masiboko armen programa garatu eta munduan beldurra zabaltzen jarrai dezan”. Etxe Zuriko Komunikazio Kabinetetik erantzun zakarra eman diote: “Mike Pompeok ez dauka hitz egiten ari denaz ideiarik ere. Bere aho ergela itxi beharko luke, eta benetako lana profesionalen esku utzi. Ez daki ezer gertatzen ari denaz”. Trumpen gobernuaren etsipena gero eta agerikoagoa da.

Trump
Trumpen aurkako kritikak gero eta handiagoak dira bere alderdiaren barruan ere; presidenteak ez duelarik zalantzarik izan bere alderdikideak sare sozialetan gaitzesteko, "zatiketa eta galerak baino eragiten ez dituzten galtzaileak" direla leporatuz.

Israelen, bai gobernu nazisionistak bai oposizioak bake akordio bat lortzeko aukera kritikatu dute. Netanyahuk, bere gobernuko sektore fanatikoenek hauspotuta, Libanoko biztanleria zibilaren aurkako eraso kriminala areagotu du, eta maiatzaren 26an lurreko erasoaldi berri bat abiatu zuen Libano hegoaldean, dagoeneko okupatzen dituen eremuak are gehiago zabaltzeko. Iranen aurkako gerraren amaiera saihestezina ikusita, Israel eskualdean dituen posizioak eta boterea sendotzen saiatzen ari da. Trumpek bere bazkide sionisten alde egin du, eta herrialde arabiar eta musulman garrantzitsuenak Abrahamgo Akordioak sinatzera eta Israelekin harremanak normalizatzera deitu ditu, porrot horren ondorioz Israelek ezinbestean ordaindu beharko dituen kostuak nolabait arintzeko ahaleginean. Oraingoz, Pakistanek jada uko egin dio aitortza horri, eta Trumpen eskaerari beste herrialderen batek baiezkoa emateko aukerak oso urrunak dira.

Inperialismo estatubatuarraren gainbeheraren areagotzea

Iraneko porrotaren atzean oinarrizko egitate bat dago: AEBak jada ez dira mundu kapitalistaren motor, Bigarren Mundu Gerraren ostean gertatzen zen bezala. Kapitalismo oparoa hedatzetik eta herrialde gehienetako burgesiak sendotzetik urrun; hamarkadetan Washingtonen aurkitu baitzuten beren nagusitasunaren berme nagusia, orain AEBek kaosa eta ezegonkortasuna zabaltzen dituzte mundu osoan. Sistemaren kontraesanak areagotuz eta hala klase borroka gogortzen ari delarik.

Azken bi hamarkadetan, Estatu Batuak gero eta ekonomia parasitarioago bihurtu dira, finantza-espekulazioak gidatua eta gero eta mendekotasun handiagoa duena gainerako planetatik aberastasuna erauzteko duen gaitasunaren bidez: bere finantza-dominazioaren bidez, mundu osoko burgesien kapitalak erakartzeko bere kapital-merkatuaren ahalmenaren bidez, eta nazioarteko finantza-transakzioen eta erreserba-sistemaren kontrolaren bidez, dolarrean oinarrituta, oraindik ere erabakigarria baina gero eta ahulagoa den kontrol baten bidez.

Noski, gaitasun ekonomiko horiek askoz ere txikiagoak lirateke, ez balira oso gaitasun militar boteretsu batekin eta gerra-ibilbide beldurgarri batekin lagunduta egongo. Ez dezagun ahaztu AEBak direla munduko herrialde bakarra, bi aldiz, armamentu nuklearra erabili duena defentsarik gabeko zibilen aurka. Eta Gazan gertatzen ari den genozidio sionista bortitza, ustezko “bake planetan” jarraitzen duen arren, ez litzateke posible izango Washingtonen babes ireki eta gogotsurik gabe.

Ordea, Iranek berriz ere erakusten du AEBen industria-gainbeherak eta barne-kohesio sozialaren pitzadurak azken batean haien gaitasun militarra ahultzen dutela. Porrot honek are gehiago azkartuko du AEBen gainbehera munduko lehen potentzia gisa, eta historia-aro oso baten amaiera marrazten hasi da.

Wall Street
Azken bi hamarkadetan, Estatu Batuak gero eta ekonomia parasitarioago bihurtu dira, finantza-espekulazioak gidatua. Txina kapitalismo mundialaren posizio hegemonikorantz doan igoera-prozesu luzea amaitzear dago.

Jaitsiera horren aurrean, Txinako kapitalismoak, gutxienez epe laburrean, egonkortasun, aurreikusgarritasun eta ordenaren itxaropena eskaintzen du. Azken bi hamarkadetan Txina ez da soilik munduko potentzia industrial eta esportatzaile handiena bihurtu, baizik eta bere Estatu-kapitalismoaren sistema bereziari esker gai izan da gaitasun hori palanka bihurtzeko, superpotentzien artean hegemonia posizioa lortzeko asmoarekin. Denbora kontua baino ez da gero eta herrialde gehiagok Beijingera hurbiltzea, barne-ordenan oreka soziala berrezartzeko aukera emango dien egonkortasun komertzial eta finantzario baten bila.

Horregatik, Txinak ez du inolako pizgarririk Trump Irango arazoak sartu duen egoera korapilatsutik ateratzen laguntzeko, Beijing-en 2024ko maiatzaren 14 eta 15ean egindako Trump-Xi Jinping gailurrean egiaztatu ahal izan genuen bezala.

Lasaitasunez eta estridentziarik gabe, erraldoi asiarrak munduko kapitalismoan hegemonia posiziora igotzeko bere ibilbide luzea amaitzera doa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!